“Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketa

Ekitaldiak

Nork esan du zientzia neutroa dela? Edozein giza-jardueratan gertatzen den bezalaxe, zientziaren kasuan ere, hainbat faktorek baldintzatu, mugatu eta are alde batera ala bestera makurraraz dezakete. Horren harira, giza-eboluzioari buruz egin izan den interpretazio konbentzionala zientziak jasandako mugapenen adibide garbia da.

Eboluzioaren errealitate zabal eta inklusiboa bistaratzeko asmoz, ugalketa eta biziraupena espeziearen arrakastaren giltzarritzat hartuz, Euskadin dago ikusgai lehenengo aldiz “Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketa, zientziak eboluzioaren inguruan eman duen interpretazio tradizionalari buelta ematea xede duena.

Erakusketa Eduardo Saiz Alonso ilustratzaile zientifikoak sortutako laminekin osatu da, estereotipoak zalantzan jarri eta ikusleengan gogoeta eragiteko asmoz. Bizkaia Aretoko Etxepare gelan egongo da ikusgai irailaren 17tik 28ra bitartean, eta astegunetan bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartean; baita irailaren 25ean eta 26an (larunbata eta igandea) ere, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era bitartean.

Erakusketa CENIEHko Kultura Zientifikoaren eta Berrikuntzaren Unitateari esker gauzatu ahal izan da, “la Caixa” Gizarte Ekintzaren eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) lankidetzaz, eta José Mª Bermúdez de Castro Risueño, Joseba Rios Garaizar eta María Amor Barros del Río izan dira komisario zientifikoak. Erakusketa elkarrekin antolatu dute UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Ikerketaren Gizarte Zabalkunderako Zuzendaritzak.

Erakusketaren osagarri gisa, eboluzioa genero-joerarik gabe aztertzeko lau hitzaldi antolatuko dira irailaren 22an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Ekimena Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan gauzatuko da, eta horretan parte hartuko duten lau hizlariek formatu atseginean jorratuko dute giza-eboluzioa, ikuspegi zabal batetik eta genero-joerarik gabe, paleontologia, biologia, geologia eta bestelako esparrutatik begiratuta. “Eboluzioa genero-ikuspegitik” hitzaldiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu programa.

Ilustratzaileari buruz:

Eduardo Saiz Alonso Biologia Zientzietan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean eta ilustratzaile zientifikoa eta biologoa da. Bere lanak errealismoz betetako adierazkortasun arina du ardatz, zorroztasun zientifikorik handienean oinarrituta, eta gai naturalistak zein gai arkeologikokoak biltzen ditu.

Ilustrazio horien bitartez, hainbat argitaletxetarako lan egin du -Plaza&Janés, Salvat, Planeta, etab.-, baita erakunde publikoetarako, Ikerketa Zientifikoetarako Goi Mailako Zentroa, Atapuerca Fundazioa eta Kataluniako Generalitatea tarteko, eta hainbat aldizkari zientifikotarako ere, hala nola Mundo Científico, El Temps edo The Anatomical Record.

“Eboluzioa genero-ikuspegitik” erakusketa

Hasiera data
Amaiera data
Ordutegia
08:00etatik 20:00etara
Tokia
Bizkaia Aretoa - UPV/EHU
Helbidea
Abandoibarra, 3, 48009

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.