IKUR hitzaldi kuantikoak: “Simulagailu kuantikoen hurrengo hamarkada”

Ekitaldiak

Maiatzaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Azkuna Zentroan “Simulagailu kuantikoen hurrengo hamarkada” hitzaldia eskainiko du, informazio eta optika kuantikoa ikerlerro dituen, Maciej Lewenstein fisikariak.

Simulagailu kuantikoak teknologia kuantiko emergente bat dira. Hauek, besteak beste, materialen zientzia, farmakologia eta kimika bezalako eremuak goitik behera aldatzeko gaitasuna dute, aurkikuntza zientifikoen eta berrikuntza teknologikoen aro berri bati bide emanez.

hitzaldi kuantikoak
Irudia: Maciej Lewenstein fisikaria. (Argazkia: ©ICFO / V. Montero)

Simulagailu kuantikoek ordenagailu konbentzionalen ahalmena nabarmen gainditzen duten sistema kuantiko konplexuak modeliza ditzakete. Hori dela eta, tresna ezin hobea izango dira material berriak garatu, erreakzio kimikoak optimizatu edo oinarrizko partikulen dinamika deskribatzen duten ekuazioak ebatziz unibertsoaren sekretuak argitu nahi dituzten ikertzaileentzat. Horrez gain, potentzia handitu eta haren erabilera orokortu ahala, simulagailu kuantikoek zientziaren hainbat alorretako ikertzaileen arteko lankidetza sustatuko dute, eta horrek lehen ezinezkotzat jotzen ziren aurkikuntza eta aurrerapenak ekarriko ditu.

Aipatutakoak izango ditu hizpide Maciej Lewenstein fisikariak maiatzaren 17an Bilboko Azkuna Zentroan arratsaldeko 19:00etan emango duen hitzaldian: “Simulagailu kuantikoen hurrengo hamarkada“. Horrez gain, simulagailu kuantikoen etorkizuna eta hauen aukera liluragarriak aztertuko ditu eta amaieran solasaldia egongo da, entzuleen galderei erantzuteko tartea zabalduz.

Hitzaldia, IKUR Hitzaldi Kuantikoak zikloaren lehena da eta teknologia kuantikoen oinarriak ezagutzera emateko helburua du ekimenak. Hitzaldi-sorta Euskal Herrian teknologia kuantikoetan adituak diren Geza Giedke, Donostia International Physics Center (DIPC), Enrique Rico, Euskal Herriko Unibertsitatekoa (UPV/EHU) eta Jean Bernard Bru, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM-UPV/EHU) zentroan diharduten Ikerbasque ikertzaileek koordinatzen dute.

Hizlaria

Maciej Lewenstein (Varsovia, 1955) fisikaria da eta ekarpen garrantzitsuak egin ditu hainbat eremutan, hala nola optika kuantikoan eta informazio kuantikoan. Gaur egun, ikerketa-talde bat zuzentzen du Kataluniako Institut de Ciències Fotòniques (ICFO) institutuko ICREA ikerketa-irakasle gisa.

Lewensteinen ekarpen garrantzitsuenetako bat atomo ultra-hotzen bidezko simulazio kuantikoa da. Haren lanak frogatu du gas atomikoak erabil daitezkeela, bestela, ordenagailu estandarrentzat tratatu ezinak izango liratekeen sistemen gorputz askoren dinamika kuantikoa imitatzeko. Informazio kuantikoaren arloan ere ekarpen garrantzitsuak egin ditu, batez ere gurutzaketaren teorian.

Seiehun artikulu eta sei liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Nauki Polskiej Fundazioaren “Nobel poloniarra” saria, Optika Kuantiko eta Elektronikoko EPS saria eta Willis Lamb saria. Poloniako Zientzia Akademiako atzerriko kidea eta Europako Akademiako kidea da. Hiru ERC Advanced Grants ere jaso ditu, eta “Highly Cited researcher” (ikertzaile oso aipatua) izan da zazpi urtez jarraian, 2014tik 2020ra.

Hitzaldia zuzenean eta streaming bidez

Hitzaldia Azkuna Zentroaren Bastida aretoan izango da, maiatzaren 17an, 19:00etan. Hizlariak ingelesez emango ditu azalpenak baina aldibereko itzulpena egongo da euskarara zein gaztelaniara. Joaterik ez duenak streaming bitartez jarraitu ahal izango du hitzaldia DIPCko Youtube kanalean.

IKUR hitzaldi kuantikoak: “Simulagailu kuantikoen hurrengo hamarkada”

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Azkuna Zentroa - Bastida aretoa
Helbidea
Arriquibar plaza, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.