Gehiago bizi gara, baina zer egin dezakegu hobeto bizitzeko? Geroz eta nabarmenagoa den biztanleriaren zahartzeak erronka sozial berriak planteatzen ditu, adineko pertsonen osasun fisikotik hasi eta ongizate emozionaleraino eta sozialeraino. Erronkei aurre egiteko, esku hartzeko estrategiak beharko lirateke, adinekoen osasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko.
Egoitzetan bizi diren adineko pertsonen kasuan, osagai anitzeko ariketa-programak ezartzeak osasun funtzionala hobetu dezake, indar-errutinak, malgutasuna, erresistentzia kardiobaskularra eta oreka konbinatuz. Gainera, modu erregularrean egokitutako ariketa egiteak mesede egingo lieke ongizate fisikoan eta mentalean, horrek bizi-kalitatean edukiko lukeen eragin positiboarekin.
Gai hau argitzeko helburuarekin, jarduera fisikoan eta kirol jardueran irakasle eta ikertzaile den Jon Mikel Picabeak “Egoitzetan bizi diren adineko pertsonengan jarduera fisikoaren onurak” izenburupeko hitzaldia eskainiko du.
Adinekoen egoitza batean zortzi astez egindako ikerketa lanaren emaitzak aurkeztuko ditu. Jasotako datuek osagai anitzeko jarduera fisikoak kolektibo horretan dituen onurak erakusten dituzte, eremu fisikoan zein harreman-eremuan. Era berean, adineko pertsonei egokitutako ariketa-programak diseinatzeko eta martxan jartzeko gomendio batzuk partekatuko ditu publikoarekin.
Hitzaldia datorren ostiralean izango da, urriaren 3an, 18:30ean, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Liburutegiak antolatutako Zientziaren Ertzetik dibulgazio-zikloaren barruan. Hitzaldia euskaraz izango da eta sarrera librea, lekua bete arte; streaming bidez ere jarraitu ahal izango da EiTBren Kosmos kanalean.
Hizlaria
Jon Mikel Picabea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziatan (EHU) doktorea da. Eta gradu eta unibertsitate berean irakasle. Kirol teknikari gisa egin du lan Gasteizko Zuzenak kirol taldean, jarduera fisiko egokituaren esparruan, ezgaitasuna duten pertsonei ariketa fisikoa hurbiltzeko.
Egoitzetan bizi diren adineko pertsonengan jarduera fisikoaren onurak
- Hasiera data
- Amaiera data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Bizenta Mogel Biblioteka
- Helbidea
- Komentukalea, 8., Durango