“Por qué los girasoles se marchitan” liburuaren aurkezpena

Ekitaldiak

Artearen eta kimikaren arteko erlazioa imajina dezakegun baino askoz estuagoa da. Ez da lehenengo aldia, eta ez da azkena izango, zientziaren eta artearen arteko harreman estuaz ari garela, bi diziplina horiek batzen dituen osagai zehatz bat azpimarratu nahi dugu, materialak. Izan ere, labar-pinturetatik hasi eta gaur egun arte sortutako artelanek izendatzaile komun bat dute, osagaien beharra. Elementu horiek, guztiek, bai historiaurrekoak bai gaur egunekoak, antzekotasun bat dute: taula periodikoan agertzen direla.

Beraz, artelanek, berdin du pinturak, eskulturak, beirateak edo Eiffel dorrearen gisako eraikuntzen estaldurak izatea, unibertso kimiko liluragarria ezkutatzen dute barruan, metalak erabiltzen dituztelako, hala nola kobrea, beruna, merkurioa, etab. Oskar Gonzalez Kimikako doktoreak “Por qué los girasoles se marchitan. Los elementos químicos en el arte” liburuan material artistiko ugarien erabilerak, funtzioak eta baita istorio popularrak erakusten dizkigu.

Hitzaldia zuzenean eta streamingez

Urriaren 7an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4), Gonzalezek bere liburua aurkeztuko du eta hitzaldi-solasaldi txiki bat izango da Javier San Martin kazetariarekin batera. Hitzaldia ikusteko bertara joan daiteke edo streaming bidez jarraitu KulturguneaTB kanalaren bidez. Ekitaldira joateko, sarrerak aldez aurretik online erreserbatu behar dira Bilbao Kulturaren bidez.

Oskar Gonzalez, EHUko Kimikako doktorea, unibertsitate horretako irakaslea da gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Arte Ederren Fakultatean. Konbinazio horren ondorioz, zientziaren eta artearen arteko lotura ezagutarazteko interesa dauka.

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan antolatu da. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da gonbidapenak Internet bidez erreserbatzea.

Hizlariak

Oskar Gonzalez, Kimikan doktorea eta UPV/EHUko irakaslea, ibilbide luzeko dibulgatzailea da. Bere dibulgazio-artikuluak argitaratzen ditu, besteak beste, Cuaderno de Cultura Científica eta Zientzia Kaiera blogetan, #KimikArte atalean, eta Principia aldizkariaren eta Norteko Ferrokarrila eta Mecánica del Caracol bezalako irratsaioen ohiko kolaboratzailea da.

Javier San Martin, UPV/EHUn Zientziaren Gizarte Komunikazioan doktoratu zen. Ibilbide luzeko kazetaria da, bai komunikazioaren arloan bai kazetaritza zientifikoan. Doktoretzako Sari Bereziarekin doktoratu zen San Martin eta hainbat komunikabidetan lan egin du. Gaur egun, Radio Euskadiko albistegien editorea da.

“Por qué los girasoles se marchitan” liburuaren aurkezpena

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.