Te berdearen molekula aktiboak ez du laguntzen pisua galtzen

EHUko ikerketa

tea leaves

Epigalokatekina-3-galatoa (EGKG) da te berdearen molekula aktiboaren izena. Te berdeak izen ona du, oso zabalduta dauden usteen arabera hartzen duen jendearentzat oso onuragarria baita. Dirudienez, molekula horri dagokio te berdea hain ona izatea, edo hori uste zuten behintzat. Izan ere, askok uste dute oro har osasunerako eta zehazkiago pisua galdu nahi dutenei laguntza emateko lagungarri samarra dela EGKG delakoa. Gainera, produktu asko saltzen dira osagarri horrekin bere ustezko eragin onuragarriengatik, hain zuzen ere. Baina, askotan gertatzen den bezala, ez dago uste horren aldeko froga zientifikorik.

British Journal of Nutrition aldizkarian argitaratu berri diren ikerketa-lan baten emaitzen arabera, baina, EGKG delako molekula horrek ez du laguntzen pisua galtzen. UPV/EHUko Elikadura eta Bromatologia saileko irakaslea den Juan Mielgo Ayuso izan da ikerketa-artikuluaren lehen sinatzailea eta berarekin kolaboratu dute UPV/EHUko Medikuntza saileko, Osakidetzako Santiago Hospitaleko eta Leia-Tecnaliako ikertzaileek ere.

Arabako emakume gizenekin egin dute ikerketa, eta horretarako bi talde sortu dituzte ikertzaileek. Talde bateko emakumeek, dieta hipokalorikoa hartzen zuten eta, janarekin batera, osagai plazebo bat; beste taldekoek, berriz, 300 mg EGKG hartzen zuten egunero, dieta-tratamendu berberaz gain. Bi taldeko emakumeak 12 astez mantendu ziren baldintza horien pean.

Itsu bikoitzeko lana izan zen; hau da, ez emakume partehartzaileek, ez ikertzaileek ez zekiten zein taldek hartzen zuen te berdea eta zeinek plazeboa. Epigalokatekina-3-galato te berdearen eraginak aztertzea zen lanaren helburua. Labur esanda, honakoak ziren ikertzaileek ikertu nahi zituzten kontu nagusiak: emakumeek galtzen zuten masa -osoa eta gantz masa-, eurn energia gastua, arrisku kardiometabolikoko faktoreak, eta osasun hepatikoaren adierazleak. Bada, gantz masa eta masa osoaren galerari, metabolismo energetikoari, arrisku kardiobaskularreko faktoreei (kolesterola, intsulinari erresistentzia, etab.) zegokienez, antzekoak izan ziren lorturiko emaitzak aztertutako bi taldeetan.

Beraz, izen ona izan arren, ikerketa honen ondorioen arabera, te berdeak ez du argaltzen laguntzen.

Iturria: Mielgo-Ayuso J., Barrenechea L., Alcorta P., Larrarte E., Margareto J. & Labayen I. Effects of dietary supplementation with epigallocatechin-3-gallate on weight loss, energy homeostasis, cardiometabolic risk factors and liver function in obese women: randomised, double-blind, placebo-controlled clinical trial, British Journal of Nutrition, 1-9. DOI:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.