Lur Planetarako Matematika 2013

Javier Duoandikoetxea

math2013

Amaitzen ari da urtearekin batera Lur Planetarako Matematika 2013 izeneko ospakizuna (Mathematics of Planet Earth 2013, MPE2013). Montréaleko Unibertsitateko Christiane Rousseau irakaslearen asmo batetik sortua, hasiera batean Ipar Amerikarako ekimena zena, nazioarteko erakunde zientifiko handien bultzadak mundu osora hedatu zuen UNESCOren babesarekin eta 140 elkarte zientifiko eta ikerketa-zentrotik gora batu ziren egitasmora.

Joan den martxoan Bilbon izan zen Christiane Rousseau, M4TEMOZIOA: Matematikarekin hitzordua-Cita con las matemáticasekimenaren hizlari gonbidatu gisa. Haren hitzaldiaren gaia Mathematics of Planet Earth izan zen hain zuzen ere,eta interneten ikus daitezke bideoa eta Rousseau irakasleari (BCAMrako eta Pikasle aldizkarirako) egindako elkarrizketa biak.

Hitzaldi horretaz landa, ez du MPE2013 ekimenak oihartzun nabarmenik izan gure inguruan.

Hiru helburu ikusmiran zituela abiatu zen MPE2013 egitasmoa:

  • Planetaren arazo nagusiak identifikatzeko eta bideratzeko ikerketa bultzatu, bereziki matematikak lagundu dezakeen kontuetan;
  • Hezkuntza maila guztietako irakasleen bitartez planetaren arazoak ikasleengana helarazi;
  • Planetaren erronkei aurre egiteko matematikak duen oinarrizko eginkizuna plazaratu.

Matematikaren ikuspegitik antolatuta egon arren, munduko arazo eta erronkak ugari eta era askotakoak dira eta hainbat esparrutako adituen elkarlana beharko da haiei erantzuteko. Lau arlo nagusiren inguruan antolatu zuten egitasmoa:

  • Planeta konplexua: itsasoa, meteorologia, kontserbazioa, baliabide naturalak…;
  • Bizian oinarritutako planeta: ekologia, biodibertsitatea, eboluzioa…;
  • Gizakiek antolaturiko planeta: sistema politikoak eta ekonomikoak, komunikazioa, baliabideen kudeaketa…;
  • Arriskuan dagoen planeta: klima-aldaketa, garapen jasangarria, hondamendi naturalak…

Ba ote du matematikak zeresanik horretan guztian? Polinomioa, trigonometria, deribatuak…, ikasle garaian entzuten ditugun kontzeptu abstraktu horiek guztiek badute modurik laguntzeko munduko arazoetan? Hori erakutsi eta bultzatu behar du, besteak beste, MPE2013 ekimenak.

Matematikaren lehen zantzutik ikusten dugu bazela lotura errealitearekin. Niloko ur handiek behera egitean, lanerako geratzen ziren lurrak banatzeko orduan, lursailen azalerak kalkulatu behar ziren eta horretarako tresna geometrikoak garatu ziren. Zeresanik ez, matematika ezinbestekoa izan zen astroen ibilbideak zeruan deskribatzeko ahaleginean. Baina, matematikaren aplikazioetan, Kalkulu Infinitesimalak ekarri zuen iraultza nagusia XVII. mendean. Ordutik aurrera, hainbat fenomeno gobernatzen dituzten legeak ekuazio diferentzialen bidez eman ziren. Ekuazioaren soluzioak, fenomenoa deskribatzetik haratago, fenomenoaren beraren bilakaera zein izango den esaten digu askotan.

Ekuazioen ebazpenak muga nabarmen bat zuen hala ere: kalkulagarritasuna. Gehienetan ezinezkoa da formulen bidez ekuazio bat ebaztea eta hurbilketa metodoak garatu ziren, baina metodo horien baliagarritasunak milioika kalkulu egitea eskatzen du, eta denbora errealean gainera, hau da, behar direnerako kalkuluek bukatuta egon behar dute. Zorionez, XX. mendearen erdialdera beste iraultza bat heldu zen: ordenadorea. Gogoratu behar baita ordenadorea kalkulu erraldoiak arin egiteko tresna modura asmatu zela, nahiz orain denok eskura ditugun ordenadoreekin kalkuluak ez beste mila gauza egiten ditugun. Ordenadoreen kalkulu potentzia eta abiadura handitu ahala, matematikaren erabilerak mundu errealeko problemetan beste neurri bat hartu zen.

Joan egingo da MPE2013, baina ez guztiz eta ez atzean gauza interesgarri asko utzi barik. Hauetatik hasita, sarean denon eskura dauden blog bi azpimarratu nahiko nituzke:

  • Mathematics of Planet Earth 2013 (ingelesez): MPE2013 ospakizunaren inguruan antolaturiko ekitaldien berri emateaz gain, baditu era berean problema errealetan matematikaren erabilera erakusten duten hainbat sarrera;
  • Mathématiques de la planète Terre 2013  (frantsesez): Un jour, une brève (Egun bat, berri labur bat) ekimena gauzatu dute urte osoan zehar. Astelehenetik ostiralera, abuztuko oporretan izan ezik, matematikari frantziarrek mundu errealeko problema bat eta haren inguruko ikerketa matematikoa erakutsi digute egunez egun berri labur baten bitartez.

Bilduma horietan ehunka aplikazio aurkituko ditu irakurleak, noizean behin aplikazio harrigarriak ere: animalien portaera, hegazkinek sorturiko zurrunbiloak, itsasoko olatuak, trafiko-arazoak marra gabe, gaixotasunen aurkako terapiak… Halaber, gomendagarria da Matemáticas para el planeta Tierra, ciencia para el bienestar humanoizeneko artikulua (gaztelaniaz), Complutense unibertsitateko Miguel Ángel Herrero irakasleak idatzia (La Gaceta de la RSME 16 (2013), 685-698 or.).

MPElogo

Gorago esan dut ez dela guztiz joango MPE2013. Halaxe da, antolatzaileek berriki jakinarazi dute urtea erantzita, Mathematics of Planet Earth (MPE) izen soilarekin jarraituko duela bizirik aurrerantzean ere. Urte bateko erakusleihoak horretarako balio izan du, erakusteko alegia, baina ekimenaren jatorrizko arrazoia, mundu honetako arazo eta erronkei erantzuna eman beharra ez da urtearekin amaitu eta merezi du aurrerantzean ere adi egotea. Eta kontuan izatea askoren konponbidea matematikak berak bakarrik ez duela inoiz emango, baina matematikarik gabe ere ez dela lortuko.

—————————————————-

Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

—————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>