Ameriketara Kolon baino lehen iritsi zen bakterioa

Dibulgazioa · Mugaldea

Hona hemen torloju bat bezala kiribiltzen den bakterioaren istorioa. Helicobacter pylori deritzo, eta gure sabeletan maiz bizi delarik, ultzera gastrointestinal asko sortzen dizkigu.

Bakterioa berraurkitu zuen zientzialariak, hau da, Robien Warren patologoak, mikroorganismoaren hazkuntza likidoa edan egin behar izan zuen, frogatu egin nahi izan zuelako bakterio honek sortzen dituela gastritisetatik asko. Izan ere, 1980. urte hartan inork ez zion sinesten. Egun, berdin sumatzen da H.pylori bakterio honeksabeleko minbizi asko ere eragiten dituela. Gainera, atzeranzko isuria eragiten duelarik, beste hainbat tokitako minbiziaren eragilea ere bada. Hori guztia dela eta, aurkitzen dutenean antibiotiko baten bidez ezabatzea erabaki ohi dute medikuek.

H. pylori
1. irudia: Helicobacter pylori

Torloju baten antzera biratuz sabel hormetan sartzen den bakterio txiki hau, informazio-iturri ona ere bada. Bereziki, zehaztapen oso garrantzitsuak eskaintzen ari da kontinenteetan zehar gertatzen diren giza migrazioei buruz. Bakterioaren genotipoa finkatuta, zientzialariek, aurkitu dute hainbat andui daudela; anduiok gurekin batera joan dira munduan zehar eta aldatzen joan dira toki berrietara iristen joan garen neurrian. Izan ere, badaude Europako andui espezifiko bat (hpEurope), Asiako bi (hpAsia2 eta hpEastasia), eta abar. Beraien bilakaerari erreparatuz, giza migrazioen mapa bat egin daiteke.

2002.ean Chandrabali Ghoseren lan-taldeak mikrobioma lagin batzuk hartu zituen Hego Amerikako populazio amerindiarretan, eta populazio mestizoaren laginekin erkatu zituen. Horrelaxe aurkitu zuen bertako indigenek bazeukatela H. Pylori delakoaren aldaera bat, Asiako anduiarekin harremanak zituena. Europarrekin nahasi zirenek ordea, hpEurope bakterioa daukate. Geroago, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko ikertzaile batzuek 700 bat urteko sei momia aztertu zituzten, eta egiaztatu zuten jadanik garai hartan bazutela bakterio hau. Zer esan nahi du honek guztiak? Zientzialarien ustez, honek agerian uzten du duela 11000 bat urte Asiatik Ameriketara igaro zirenek bazeramatela Helicobacter bere sabeletan. Hau guztia, hala gertatu zen Kolon, bikingoak edo dena delakoak kontinente horretara iritsi aurretik.

UNAMeko taldeak azterturiko momiak. Erdian jarrita dago H. pylori bakterioarekiko positibo eman zuena (Castillo-Rojas et al.).
2. irudia: UNAMeko taldeak azterturiko momiak. Erdian jarrita dago H. Pylori bakterioarekiko positibo eman zuena (Castillo-Rojas et al.).

Liluragarria da era berean Ameriketan bakterioak duen eragina aztertu duen azken ikerketa ere. Barbara Schneiderrek kontu deigarri bat hartu zuen abiapuntu: sabeleko minbiziak nabarmen desberdin jotzen die Kolonbiako bi populaziori, baina populazio biek berdin jasaten dute H.pylori. Zoldura tasa antzerakoak egonda, mendi aldeko Tuquerres herrian sabeleko minbizia 25 aldiz ohikoagoa da kostaldeko Tunaco herrian baino. Zientzialariak horren zergatiaren bila jarri ziren.

Kostaldekoek, Afrikako arbasoak zituzten, eta mendi aldekoek aldiz, amerindiar jatorriko arbasoak zituzten. H. Pylori bakterioaren aldaerak ere desberdinak ziren bi populazioetan, batzuk Afrikakoak eta besteak Europakoak, konkistatzaileek ekarrita azken hauek. Amerindiarrek kalte mota bik jota zeuden, biak ere minbizi gaizto izatetik gertu. Izan ere, beraiekin batera eboluzionatu ez duten bi aldaeren menpe daude orain, eta horrek azaldu lezake minbizi kopuruen arteko alde handi hori.

Ikerketa egin dutenek, uste dute Afrikako anduiek bertako gizakiekin batera eboluzionatu zutela, eta hori dela eta, galdu egin zutela mutiritasuna bakterioek. Europatik iritsitakoek aldiz, ez dute amerindiarrekin batera eboluzionatu, eta pentsa daiteke koeboluzioaren eraldaketa baten seinale izan daitekeela sabeleko minbizi kopuru handi hori.

Lanak bada, aditzera ematen du bizkarroi patogenoaren eta ostalariaren arteko eboluzioaren menpe dagoela eta era berean batzuen eta besteen genomen menpe dagoela sabeleko minbiziaren arriskua. Izan ere, teoria honek, aurreikusten du patogeno kronikoek mutiritasuna galdu egin beharko luketela koeboluzioan zehar, transmisio bertikala edo herentzia bidezko transmisioa dutelarik. Horrela ba, historian gauzatu diren kolonizazioek eta gertatu diren giza migrazioek nabarmen eragiten diote oraindik ere Ameriketako populazioen osasunari.

Iturriak:


Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.


Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.