Asteon zientzia begi-bistan #89

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

itsasoko anemonak

Biologia

Afrikako lehoiak desagertzen ari dira. Iker Tubia kazetariak Berrian azaltzen digu horien dekadentzia izugarria izan dela: azkeneko 35 urteetan %75 jaitsi da populazioa. Panthera elkarteak aditzera eman duenez, duela mende bat 200.000 lehoi basa bizi ziren Afrikan. Egun, dirudienez 20.000 inguru dira. Oxford Unibertsitateko ikerketaren emaitzek ere etorkizun beltza iragarri dute. Izan ere, Afrika erdialdean eta mendebaldean lehoien populazioa erdira jaisteko aukera %67 da. Ekialdean, txikiagoa da probabilitea: %37. Hegoaldean, berriz, egoera hobea da. Gizakia da desagertzearen faktoreetako bat, gainera. Eta honen arazo nagusietako bat da haien habitata desagertzea. Gizakiek hura hondatzen dute, eta ez hori bakarrik, lehoiek jateko behar dituzten animaliak ehizatzen dituzte.

Horretaz gain, badugu beste kezka bat. Mendiko artzaintzaren jardueraren beherakadak aldaketa garrantzitsuak dakartza lurzoruko konposizio begetal eta mikrobianoan. Hala azaltzen du behintzat UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Arantza Aldezabal eta Iñaki Odriozolak eta NEIKER-Tecnaliako Lur Moragues eta Iker Mijangosek osatzen duten taldeak. Euren ikerketan lurzoruaren aldagai abiotikoak aztertu dituzte (testura, pH-a, hezetasuna eta tenperatura) eta baita lurzoruko lehen 10 zentimetroko sakoneran mikroorganismoen jarduera eta dibertsitate genetikoan emandako aldaketak ere. Emaitzek ondorioztatu dute dibertsitate floristikoan eta larrearen kalitate nutritiboan galera bat sumatzen dela, eta baita CO2-aren isurien igoera ere.

Munduen Gerra filma aitzakia gisa erabiliz, hiru kontzeptu zientifikoetan sakontzen ditu Ramón San Juanek: sistema immunologikoa, patogenoak eta antigenoak. Honekin batera, gizakiak sistema immunologiko konplexua daukagula gogorarazten digu eta bide batez, sistema hori argitzen saiatzen da. Hau da, gure gorputzaren babes mekanismoak azaltzen zaizkigu irakurgai honetan: alde batetik, berezko immunitatea eta moldaerazko immunitatea, bestetik. Ez galdu aukera eta irakur ezazu artikulua! Hemen oso argi azaltzen zaigu aipaturiko sistema babeslea.

Medikuntza

Zelula gaiztoak fluoreszente bihurtzen dituen likido bat sortu dute. Ehun osasuntsuetatik bereizten da, tumorea erauzi behar duen zirujauaren lana erraztuz. LUM015 izena jarri diote sortu duten agenteari, eta Massachussetts Teknologia Institutuarekin eta Lumicell enpresarekin elkarlanean garatu dute. Injekzio bidez txertatzen den likido urdin bat da, eta argitu egiten ditu tumorea duten ehunak, osasuntsu daudenak baino bost aldiz distiratsuago bihurtzen ditu gainera. Floreszentzia hori ikusteko, bada, kamera sentikor bat duen eskuko gailu bat baliatuko litzateke. Agentearen eraginkortasuna neurtzen ari dira orain bularreko minbizia duten emakume batzuei aplikatuz.

Medikuntza arloari jarraiki, Tolosako Unibertsitatean (Frantzia) egindako ikerketa batek erakutsi du gantz-zelulek jariatzen duten proteina batek eragin zuzena duela prostatako minbiziaren garapenean. Ikerketa-lanak islatzen du gakoa prostataren inguruko gantz-ehuneko adipozitoek jariatzen duten proteina bat dela: CCL7 izeneko kimiokina. Hori, prostatako minbizi-zelulek espresatzen duten CCR3 errezeptorera lotzen da. Horrek minbizi-zelulak migratzea eta hedatzea ekartzen du. Horrekin batera, beste gauza bat frogatu dute: CCL7 kitokina eta CCR3 errezeptorearen arteko lotura oztopatzen bada, hedapena gelditu egiten da.

Mikrobiologia

Otzi izeneko gorpu momifikatuaren urdailean zegoen materiala aztertu dute eta Helicobacter pylori bakterioaren DNA deskodetzea lortu dute. Patogeno horren genoma antzinako arrasto batean sekuentziatzea lortzen den lehen aldia da. Gaur egun, bi gizakitik batek bakterio hori dauka urdailean, eta horietatik hamarren batek gaixotasun bat garatzen du: gastritisa, ultzera eta batzuetan minbizia ere bai. Gorputz momifikatuaren urdailaren biopsia egin diote eta bertako DNA aztarna guztiak aldi berean aztertu dituzte, bakterioaren genoma isolatu eta berreraiki ahal izateko. Horrekin batera, ikusi dute Otziren urdailean topatutako bakterioa ez zela egungo europarrek dutenaren motakoa, Asian abiapuntua duen andui batekoa baizik.

Gure gorputzean zelulak baino hamar aldiz bakterio gehiago ditugula dioen teoria zapuztu dute Israelgo eta Kanadako ikertzaile batzuek. Egindako ikerketa berri bati esker jakin dute oso antzekoak direla zelulen eta bakterioen kopuruak. Thomas Luckey mikrobiologoak 1972an egindako kalkulu batetik dator teoriari hori. Orain, bada, ikertzaileek kalkulu guztiak egin ondoren, bakterioak eta giza zelulak 1,3:1 proportzioan daudela ondorioztatu dute.

Teknologia

CES Las Vegasko teknologien azokak sektoreko joerak gerturatu dizkigu. Aurten sei alor nagusi izan ditu azokak: telebistak, auto hiperkonektatuak, janzteko gailuak, errealitate birtuala eta droneak. Gailuak ere ugariak izan dira; badirudi biniloak eta polaroid kamerek bigarren bizitza izango dutela.

Zientzia eta ikertzaileak

Hilario Muruari egin diote elkarrizketa Berrian. Muruak urteak eman ditu AZTI zentro teknologikoan. Itsasoko espezieen inguruan ikertzen du, gehiegizko arrantza eta haren eragin negatiboak saihestu ahal izateko. Berriki, IOTC Indiako Ozeanoko Tunidoen Batzorde Zientifikoko lehendakari izendatu dute. AZTIn itsasoak eta elikagaiak ikertzen dihardute, eta arazoak konpontzeko proiektuak gauzatzen dituzte bertan. Muruak dio Indiako Ozeanoan ildo beretik joango dela bere lana, hau da, atuna eta antzeko espezieen populazioaren jasangarritasuna bermatzea izango da bere xedea eta arrantzaren eragin negatiboak saihestea ere bai. Halaber, itsasoaren egoera hobetuz doala iritzi dio: “Beharbada, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egoera okerragoa zen, baina, orain, kontzientzia handiagoa dago. Politikariek kasu gehiago egiten diote zientziari orain”.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>