Asteon zientzia begi-bistan #73

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Hona hemen asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Asteon zientzia begi-bistan 73

Medikuntza eta osasun

Biriketako erresekzioa (organo zati bat edo osoa erauztea) ebakuntza ondoren, arnas ariketak egitea onuragarria da. Hala ondorioztatu du Ana Rodriguez UPV/EHUko ikertzaileak eta fisioterapeutak. Ebakuntza osteko arnas programak duen eragina aztertu du. Bertan, Nafarroako Ospitaleko 237 gaixoen datuak izan zituen ikergai. Bi taldetan banatu zituen; alde batetik fisioterapia tratamendurik jaso ez zutenak, bestetik, ebakuntzaren ostean ariketak (20 minutukoak) egin zituztenak. Lortutako emaitzek adierazi dute arnas ariketak egin zituen taldean (talde esperimentala), arazoen tasa nabarmen jaitsi zela (%17,89), beste taldearekin alderatuz gero (azken honetan %30,70ek pairatu zituen arazoak). Arnas ariketa hauen xedea aire jario eta bolumen ezberdinak sortzea da, biriken bentilazio ahalmena handitzeko. Ikerketari buruzko xehetasunak irakurtzeko, jo ezazue Zientzia Kaieran plazaratutako artikulura: Arnas ariketak onuragarriak dira birietako ebakuntzaren ondoren.

Osasuna arloari jarraiki, ikertzaile talde batek frogatu du proteina batek neuronen zahartze prozesuari eragiten diola. Juanma Gallego kazetariak Berrian azaltzen duenez, zelula berriak sortzeko gertatzen den zatiketan kalitate txarreko proteinak nagusitzen dira eta hori zergatik izaten den ulertzeko, nukleo zelularrean dagoen Lamin A izeneko proteina aztertu dute. Dena dela, oraindik ez dute zehaztu Lamin A-ren mutazioa zelulak zahartzearen erantzule bakarra denik, baina “tartean” dagoela frogatu dute. Ikerketa gehiago gauzatuko beharko dituzte afera argitzeko. Informazio osoa artikulu honetan duzue irakurgai: Neuronen zahartzeari galga jarri nahian.

Aipatzekoak dira ere Gipuzkoak alzheimerra aztertzeko martxan jarri dituen ikerketak. Arantxa Iraolak Berrian azaltzen duenez, alzheimer gaixotasunaren inguruko “biomarkatzaileak” dira ikerketen muina. Eritasunaren aurreko faseari erreparatu nahi diote eta horregatik martxan jarri dute Gipuzkoa Alzheimer proiektua. Egitasmoan parte hartzen duen neurologoak dio informazio asko eskuratzen ari direla, boluntarioen kopurua handia baita: 408 pertsonek parte hartzen dute. Hiru urtean behin errepikatu behar den prozesua da eta aldi bakoitzean zenbait azterketa egiten dira; osasun azterketa sakonak eta memoriarekin lotutako azterketak. Ildo horretatik, boluntarioek azterketa horien bitartez jakin dezakete ea biomarkatzaile horiek garatu dituzten. Halere, horrek ez du esan nahi gaixotasunaren sintomak garatuko direnik, soilik ematen du aditzera gaitzaren biologia baduzula. Ikertzaileen ustez, hori da interesgarriena, ikustea zergatik pertsona batzuek ez duten gaitza garatzen, gaitzaren biologia eduki arren. Artikulu interesgarri hau irakurtzea gomendatzen dizuegu: Gipuzkoa laborategi bat alzheimerraren kontra.

Biologia eta eboluzioa

AEBtako ikertzaile talde batek munduan ezagutzen diren 2,3 milioi espezieak elkarlotu ditu mapa erraldoi batean. Eskema honek barne hartzen ditu, besteak beste, animaliak, onddoak, landareak, mikrobioak… Honekin bertan ageri den informazioa modu ulergarri batean islatzea izan dute xede; espezieen arteko loturak argiago ikusteko, batik bat. Bada, bidean zailtasun batzuk topatu dituzte. Espezieen izendapena izan da horietako bat. Izan ere, zientzialari guztiek ez dute izen berdina erabiltzen. Modu berean, analogikotik digitalera emandako jauzian ere oztopo ugari gainditu behar izan dituzte. Hiru urte iraun du proiektuak eta ikertzaileen esanetan, “zirriborroa” da oraindik, 1.0 bertsioa, alegia. Oraindik asko dago egiteko. Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaieran eman digu honen berri Bizitzaren zuhaitza, sustraietatik adarretara artikuluan.

Zoologia eta mikrobiologia

Baleen hesteetako mikrobiotak ugaztun belarjale lurtarrenarekin antzekotasunak dituela argitu du ikerketa batek. Bertan, hiru bale-espezieren gorotzetan zeuden mikroorganismoen geneak aztertu ondoren, lehorreko hainbat ugaztunekin konparatu dituzte. Horrela ikusi dute baleen mikrobiotaren osaketa belarjale lurtarren antzekoa dela. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen du dietaren araberakoa dela mikrobio-unitatearen osaketa. Era berean, aipatzen du arbasoetatik jasotako herentziak ere baduela zerikusia osaketa horretan. Horretarako, pandaren adibidea ekartzen du testura. Pandak banbua jaten du baina pandaren hesteetako mikrobiotak antza gehiago du hartzenarekin, antzeko dieta duten ugaztunenarekin baino. Badirudi panden antzeko zerbait gertatu dela baleen hesteetako mikrobio-komunitateekin. Honi buruz gehiago jakiteko, irakurri artikulu osoa: Baleen hesteetako mikroorganismoak belarjale lurtarrenen antzekoak dira.

Matematika

John Nashen bizitzan murgildu gara Javier Duoandikoetxeak idatzitako artikuluaren bitartez. A Beautiful Mind filmak egin zuen ospetsu Nash matematikaria eta orain bere bizitzari buruzko hainbat pintzelada aurkitu ditugu Zientzia Kaieran publikatutako artikuluan. Aurten Abel saria (matematikarientzat sortutako saria) jaso du Louis Nirenbergekin batera. Nash izan da lehena Nobel eta Abel sari biak eskuratzen. Horrekin batera, bere gaixotasunak (eskizofrenia paranoidea) nola baldintzatu zuen bere ibilbide zientifikoa (eta pertsonala ezinbestean) irakurgai dugu. Ez galdu aukera eta irakurri artikulu interesgarri hau: John Nash: Nobel lehen, Abel orain.

Ekologia

Ozono geruzako zuloaren bilakaeraren berri eman du Joxerra Aizpuruak Argian. Irailaren erdira arteko neurketek aditzera eman dute ozono urritasuna gero eta beranduago gertatzen dela (beste urteekin alderatuz gero). Abuztuko lehen hamabostaldian nabaritzen hasten da hori, baina iaz eta aurten bigarren hamabostaldira atzeratu da. Aizpuruak azaltzen du garai kritikoena irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartekoa dela. Horretaz gain, ozono urritasuna bere horretan mantentzen dela eta epe luzerako joera positiboa izan dezakeela dio. Dena den, urriko bigarren hamabostaldian eskainiko dituzte behin betiko datuak.

Anatomia eta medikuntza

Estimulazio neuronalak gantza desegiten duela frogatu dute ikertzaile batzuek. Ana Galarragak azaltzen du leptina hormonak kontrolatzen duela gantz-metaketa. Eta hori da zehazki giltzarria. Ikertzaileek argitu dute nola bideratzen den seinalea garunetik gantzera, azken hau desegiteko. Ikerketa honen bitartez, gantz-zelulak inerbatuta daudela frogatu dute eta ikusi dute nahikoa dela neuronak zuzenean estimulatzea gantza desegiteko. Irudigintza bidezko teknologiarekin, saguetan frogatu dute gantz-zelulak nerbio-sistema sinpatikoko neuronaz inguratuta daudela. Halaber, optogenetika erabili dute neurona horiek argi urdinarekin aktibatzeko eta gauzatzen duten funtzioa ikusteko. Ikertzaileek azaltzen dute horrela, lekuko neuronak aktibatzen badira, noreprinefrina neurotransmisorea jariatzea lortzen dela eta horrek gantzaren hidrolisia ekartzen duen mekanismo bat bultzatzen duela. Informazio osoa Elhuyar aldizkarian plazaratu den artikuluan topatuko duzue: Gantza desegiten duen mekanismo neuronal bat aurkitu dute


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.