Asteon zientzia begi-bistan #65

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Irudia: Drosophyllum lusitanicum landarea. Iturria: http://www.boredpanda.com/geometry-symmetry-plants-nature/ (Argazkia: Ramamayoor)

Irudia: Drosophyllum lusitanicum landarea. (Argazkia: Ramamayoor / Iturria: http://www.boredpanda.com/geometry-symmetry-plants-nature/)

Medikuntza

Ekialde Ertaineko Arnas Sindromea edo MERS birusa 2012an ezagutu zen lehen aldiz Saudi Arabian. Gripearen antzeko sintomak eragiten ditu birusak: sukarra, eztula eta arnasa hartzeko zailtasunak, eta, horregatik, zaila izan daiteke antzematea. Ez dakite zein den bere jatorria baina antza, gaitza gameluen bidez transmititu da. Egun, ez dago tratamendurik birusari aurre egiteko. Honek bi urtetan 1.100 lagun inguru kutsatu ditu 25 herrialdetan eta 400 bat laguni heriotza eragin die eta Juanma Gallego kazetariak azaltzen ditu Berrian xehetasun guztiak: MERS birusaren aurkako sendabideak luze joko du.

Matematika

MERS birusaren eraginak zenbakiez neurtu izan dira. Arestian aipatutako artikuluan, kutsatutakoak, hildakoak, eragindako herrialdeak eta bestelako datuak ematen dira. Zenbakiak. Josu Lopez-Gazpio ikertzaileak horiek izan ditu hizpide Zientzia Kaiera blogean. Izan ere, erakutsi digu dena neurtzen ahalegintzen garela, neurtezina dena ere: maitasuna, zoriontasuna eta abar. Neurketek informazio interesgarria ematen dute baina estatistika bi ahoko ezpata da eta sarritan zenbakiez fio gara, nola lortu diren gehiegi ulertu (nahi) gabe. Beraz, kontuan hartu behar da zenbakiak nola lortu diren, euren atzean zer dagoen ezagutzeko. Azalpen guztiak “Zenbakikrazia” artikuluan.

Zientzia eta hezkuntza

Txema Pitarke fisikaria da eta CIC nanoGUNEko zuzendaria. Sustrai Colinak elkarrizketatu du Argian. Luze hitz egin dute zientziaren erronkez eta etorkizunaz. Aurrera begiratuz Pitarkek argi du medikuntza izango dela etorkizunean bizitza aldatuko digunak: “Iraganean etorkizunari begira jarri eta ahoa ireki duten ia guztiek sartu dute hanka. Pentsa, Michelson fisikari ospetsuak dena eginda zegoela esan zuen gaur egun ezinbestekoak zaizkigun erlatibitatearen teoria eta mekanika kuantikoa asmatu gabe zeudenean. Hori hala, zeintzuk diren etorkizuneko erronkak? Mende erdi barru zerk aldatuko duen gure bizimodua? Nire ustez, medikuntzak. Medikuntzaz oso gutxi dakigu oraindik”. Argian datu guztiak:Zientziaren garapena geldiezina da.

Fisikaria da gure aurreko protagonista. Zientzietako karrera bat egin zuen bere garaian Txema Pitarkek. Egun, Ana Riberak azaldu digunez Zientzia Kaiera blogean, zientzietako karreretan izen-emateak jaisten ari dira eta bestelakoetara aldatzen ari dira, bestelako horiek praktikoagotzat jotzen omen baitira. Eragile asko daude zientzia-grinaren galera honen atzean; horien artean, gurasoek seme-alabei helarazten diegun hezkuntza eta diskurtsoan dago: “Zertarako ikasiko duzu hori?” “Ez du eta ezertarako balio”… Ez dezagun zapuztu gure seme-alaben ilusioa holako jarrerekin: Hezkuntza eta jakin-mina.

Geologia

Denok dugu gogoan lurrak dardara egin duen azken unea, apirilean hedabide guztiek eman baitzuten Nepalgo lurrikararen berri. Suntsipena nagusi izan zen lurraldean, baina horretaz gain ikertzaileek antzeman dute, lekuz aldatu dituela gauzak lurrikarak. Izan ere, Txinan lurrikarak aztertzen dituen erakunde baten arabera, Everest hiru zentimetro mugitu da hego-mendebalderantz. Argian ematen dizkigu datuak Joxerra Aizpuruak: Nepaleko lurrikaretako batek Everest mugitu du.

Astronautika

ESAk (Europako Espazio Agentzia) 2004an bidali zuen espaziora Rosetta zunda. Ibilbide korapilatsua egin ondoren 2014ko ekainean 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara ailegatu eta barnean zeraman Philae modulua askatu zuen kometaren gainean kokatzeko. Baina bateriak agortu zitzaizkion moduluari eta itzalean geratu zen 211 egunez, duela hamar egun lozorrotik atera eta seinalea bidali duen arte Philaek, 67P kometaren gainazaletik. Juanma Gallegok azaltzen digu Berrian, lanera bueltatu dela “Philae”.

Antropologia

Eider Cartonek gizakion eboluzioaz jardun du Elhuyar aldizkarian eta Europako Homo sapiensik neadertalena aurkeztu digu. Duela 40.000 bat urteko gizaki baten matrailezurraren analisi genetikoa abiapuntu hartuta, Europan aurkituko Homo sapiensen fosil zaharrenetako bat, zientzialariek ondorioztatu dute 200 urte baino gutxiagokoa dela haren azken arbaso neandertalarekiko belaunaldi-tartea.

Biologia

Australian egindako ikerketa batean frogatu dute koral-espezie jakin batek beroarekiko duen tolerantzia heredagarria dela genetikoki. Beraz, ikertzaileak diotez, ur beroagotara egokitzeko gaitasuna ez da beroak eragindako estresarekiko erantzun soila, baizik eta belaunaldi batetik bestera transmititzen den ezaugarri genetikoa. Datu guztiak Eider Cartonen eskutik Elhuyar aldizkarian: Beroarekiko tolerantzia, heredagarria koraletan.

Naturaren ezaugarri harrigarriekin jarraituz, Amaia Portugal kazetariak asteon beste kontu interesgarri baten berri eman digu: Lurrunari ere atera dakiokeela txinparta. Nola? Bacillus generoko bakterioen esporak uzkurtu egiten dira ingurunea lehorra denean, eta zabaldu hezetasuna dagoenean. Mugimendu hori baliatuta, lurrunketa ere potentzial handiko energia iturri berriztagarria izan daitekeela egiaztatu dute Columbia Unibertsitatean. Hari esker, adibidez, bonbilla bat piztea eta jostailuzko ibilgailu bat martxan jartzea lortu dute.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>