Mendiko artzaintza galtzearen albo-ondorioak agerian

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Mendiko artzaintza, inguruko arlo sozial, kultural eta ekologikoetan eragina izateaz gain, funtsezkoa da balio ekologiko handiko ondare naturalak diren larreak mantentzeko. Horregatik, gaur egun mendi atlantiarrean, Euskal Herria barne, gero eta gehiago ematen ari den artzaintzaren beherakadak aldaketa garrantzitsuak dakartza lurzoruko konposizio begetal eta mikrobianoan.

Artzaintzaren jarduera galtzeak aldaketak ekarri ditu dibertsitate floristikoan eta larreetan, bietan kalitate nutritiboan galera bat sumatzen da, eta baita CO2-aren isurien igoera. Guzti horrek, kate-ondorio ugari izango ditu, arlo sozio-ekonomikoan ere nabarituko direnak.

abeltzaintza uztearen galerak
Irudia: Euskal Herria artzaintzaren jarduera nabarmen ari da galtzen eta galera honek albo-ondorio ugari ekarri ditu. Besteak beste, lurzoruko konposizio begetal eta mikrobianoan aldaketak nabaritu dira eta larreen kalitate nutritiboan galera bat sumatu da. Honek ondorio ugari izango ditu, arlo sozio-ekonomikoan ere nabarituko direnak.

UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Arantza Aldezabal eta Iñaki Odriozolak eta NEIKER-Tecnaliako Lur Moragues eta Iker Mijangosek osatzen duten taldeak “Larratzearen ekologia eta lurzoru-landare-herbiboroen elkarrekintzak” ikerketa burutu dute azken urteotan. 2005ean eman zituen lehen pausoak ikerketa honek, 50×50 metroko bi itxitura edo esklusio eremu eraiki zituztenean Aralarren, bata Oiduin (860 metroko altitudean) eta bestea Alotzan (ia 1.300 metroko altitudean). Itxitura hauekin, azken hamar urte hauetan larratze-sasoian, maiatzetik azarora bitartean, inguruko herbiboroak (behiak, zaldiak eta ardiak) larre-zati horretara ez sartzea lortu da. Horrela, larratze-ezak landaredian (lurrazaleko aldaketetan) eta lurzoruan (lurpeko aldaketetan) duen eragina aztertu ahal izan dute. Bost urte igarota, 2010ean, itxitura bietan izandako ezberdintasunak neurtzeari ekin zion ikerketa-taldeak, larratze-guneetako datuekin konparatuz.

Aldaketak landaredian eta lurzoruko mikrobiotan

Ikerketak, lurzoruaren aldagai abiotikoak aztertu ditu (testura, pH-a, hezetasuna eta tenperatura) eta baita lurzoruko lehen 10 zentimetroko sakoneran mikroorganismoen jarduera eta dibertsitate genetikoan emandako aldaketak ere. Azken honek, izaera berritzailea eman dio ikerketari. Arantza Aldezabal UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez, “gure hipotesia zen, landaredian ikus zitezkeen aldaketek eragina izan zezaketela lurzoruko mikroorganismoen garapenean, jardueran eta dibertsitate funtzional eta genetikoan”. Hori egiaztatzeko, lurzoruko mikrobiotaren aldagai funtzionalak (jarduera entzimatikoa, dibertsitate funtzionala) eta genetikoak aztertu zituzten, azken hauek bakterioen eta onddoen identifikaziorako teknika molekularrak erabiliaz.

Emaitzek azaldu zutenez, uda sasoian, larratzearen uzteak aldaketak eragin zituen lurzoruko mikroorganismoetan, lurzoruaren trinkotzearen murrizketarekin eta tenperaturaren jaitsierarekin batera, landare-geruza lodiagoa baita itxituetan larratze-guneekin alderatuz. Ondorioz, mikroorganismoek jaitsi egiten dute beraien jarduera entzimatikoa eta biomasa mikrobianoa, eta biomasa unitate bakoitzeko CO2 isuriak gehitu egiten dira, eta hori, itxiturako lurzoruetako prozesuen eraginkortasun metaboliko txikiago bezala ulertu daiteke larratze-eremuekin alderatuz.

“Antzeman dugunez, larratzea bertan behera uzteak mesede egiten dio Poaceae eta Cyperaceae familietako espezieen hazkundeari, hau da, arruntean gramineo edo belarra deitzen diogunari. Gure baldintzetan gramineo hauek oso lehiakorrak dira eta, adibidez, hirusta zuria bezalako beste espezie batzuen hedatzea galarazten dute. Gramineo hauek biomasa kopuru handia ekoizten dute, larratze-ezagatik pilatzen doana, kalitate nutritibo baxua baina isolamendu termiko eta hezetasunari eusteko aparteko gaitasuna duen landare-geruza edo mantua sortuz. Horrela, baldintza hauetan, mikroorganismoek, beraien jarduera entzimatikoa eta biomasa murriztuz eta, arnasketaren bidez, CO2 isuriak handituz erantzuten dute”, dio Aldezabalek. Eta gaineratzen du, “emaitza hauek, erakusten dute artzaintzak mesede egiten diola landare dibertsitateari eta lurzoruko mikroorganismoen eraginkortasun metaboliko eta funtzionalari“.

Ondorio sozio-ekonomikoak

Behin artzaintzaren desagerpenak ekologia eta ingurumen mailan izango dituen ondorioak egiaztatuta, orain, ikerketa-taldeak artzaintza sistema osoaren azterketa globalean integratu nahi du ezagutza hau, arlo sozio-ekonomikoa ere aztertuz. Horretarako, diziplina anitzeko talde bat osatu dute UPV/EHUko hainbat talderen eta NEIKERen partaidetzarekin. Ikerketaren etapa berri honek, gaur egun, Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioaren (MINECO) diru-laguntza dauka.

“Argi dago egiaztatutako efektuek ondorio globalak dituztela. Kateko prozesu bat da, elkarrekintza konplexuz betea, esnea eta gazta bezalako mendiko elikagai tradizionalen kalitatean eta ekoizpenean ere ondorioak izan ditzakeena. Horregatik, beharrezkoa da zehaztea zein punturaino eragingo duten artzaintza sistemaren osotasunean”, ziurtatzen du UPV/EHUko ikerlariak. “Artzaintza bertan behera utzita landare espezie batzuk desagertuko direla bakarrik esaten badugu, ez genuke erakutsiko egoeraren benetako garrantzia. Ondorioak haratago doaz, guztia lotuta baitago: artzaintzaren gainbeherak eta gramineoen nagusitasunak larreen kalitate nutritiboaren jaitsiera dakarte, eta horrek ardi latxen artzaintza baldintzak kaltetuko ditu, artzainen jarduerari ondorio negatiboak ekarriz eta baita hainbat nekazal guneetako ekonomiari ere. Guzti hori gertatzea ekidin behar dugu eta horretarako, orain, gure lana larratze-sistemaren analisi globala egitera bideratuko da, eszenatoki ezberdinak simulatzea ahalbidetuko duten tresnak sortzeko eta, horrela, egoera kudeatzeko erabaki zuzenak hartzen laguntzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

A. Aldezabal, L. Moragues, I. Odriozola & I. Mijangos. Impact of grazing abandonment on plant and soil microbial communities in an Atlantic mountain grassland. Applied Soil Ecology (November 2015). doi:10.1016/j.apsoil.2015.08.013

Iturria:

UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Artzaintzaren uzteak ondorio ekologiko eta sozio-ekonomikoak ekarriko ditu.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.