María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

María Durán Lázarok aitortu duenez, txikitatik zuen gustuko natura, baina ez zeukan arrastorik ere zer bidetatik joko zuen ikasketetan eta lanean. “Mediku edo suhiltzaile izango ote zaren galdetzen dizute, baina ez biologo edo baso-ingeniari; beraz, gaztetan ez nuen erreferenterik. Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”.

Horren erakusgarri, haren ibilbidea ez da ohikoa izan. Adibidez, institutuko ikasketak amaitu zituenean, ez zuenez batere garbi zer ikasi unibertsitatean, Lanbide Heziketara jotzea erabaki zuen: “Natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolaketa izeneko ikasketak ikusi nituen, eta, gaur egun, uste osoa dut aukerarik onena izan zela hasteko. Hori egin ondoren ohartu bainintzen zenbat gustatzen zaidan, ez naturan ibiltzea bakarrik, baizik eta ingurunea eta ekosistemak ezagutzea, eta profesionalki ere interesatzen zitzaidala”.

maria duran
Irudia: María Durán Lázaro, basoetako eta natura inguruneko ingeniaria. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa)

Horrenbestez, baso-ingeniaritza teknikoa ikastea erabaki zuen. Bukatutakoan, CSICen lan-poltsan izena eman zuen, eta hilabete batzuk geroago Iruñeko Agrobioteknologia Institututik deitu zioten. Hala, Valentziatik Iruñera joan zen, eta ia sei urtez aritu zen kontratu bat bestearekin lotzen. Eta, horretan ari zela, ikerketan aritzeko aukera sortu zitzaion.

“Ordura arte, inoiz ez nuen pentsatu ikertzaile izan nintekeenik. Ez nekien zer zen ere! Laborategiko teknikari- edo nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioen teknikari-lanak egiten nituen, eta, han, tesia egiten ari ziren ikertzaileak ikusten nituen, eta asko gustatzen zitzaidan egiten zuten lana. Beraz, tesia egitea erabaki nuen, baina, ingeniaritza teknikoko titulua nuenez, aurretik masterra egin behar izan nuen, ingeniaritza teknikoa gradura egokitzeko. Eta lana egiten nuen bitartean egin nuen; baina benetan izan dut gustuko, asko gozatu dut”, gogoratu du.

Aezkoako larreak eta neska gazteak

Tesia egitera, berriz, Aezkoara joan zen. Master- eta gradu-amaierako lana egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle batekin jarri zen harremanetan, Rosa María Canals Tresserras, zeinak Aezkoako larreak antolatzeko proiektua egin baitzuen 2008an. “Hortik abiatuta, ikerketa-proiektuak egiten hasi zen, eta haietako bat gramineo baten hedapenari buruzkoa zen: alka belarra (Brachypodium rupestre). Hala, haren bidez, goi-mendietako larreetako ekologia ikertzeko beka bat eskatu nuen, eta lan asko argitaratu ditugu, lurrari, landaretzari eta baita alka belarrak dakarren galera sozioekonomikoari buruz ere. Izan ere, alka belarrak balio nutrizional txarra dauka”.

Horrez gain, frogatu du alka belarraren hedapena eta flora-dibertsitatearen galera ganaduaren eta suaren kudeaketari lotuta dagoela: “Azienda ez dabilen lekuetan hedatzen da alka belarra. Hortaz, pixkanaka larrea degradatzen joaten da. Ondorioa da ganaduaren kudeaketa egoki bat lagungarria dela kalitate oneko larreak izateko, eta hori onuragarria da ikuspegi sozioekonomikotik. Baina Aezkoa bezain bakartuta dauden lekuetara ere iristen da globalizazioa, eta ganadua galtzeak alka hedatzea eta larreak degradatzea dakar”, azaldu du.

Onartu du landa-lana eta laborategiko lana oso gustukoak baditu ere, dezente kostatzen zaiola artikuluak idaztea eta horrelakoak egitea. Horregatik, asko eskertu du lantaldearen laguntza: “Tesi bat ez du batek bakarrik egiten”, baieztatu du.

Horrez gain, bere arloan emakumeak gutxiengoa izaten direla eta, neska gazteei (DBH 2. eta 4. maila) egiten dutena erakusteko eta bide horretara animatzeko proiektu batean parte hartu zuela nabarmendu du. Ecosistemas aldizkarian argitaratu dute proiektua, eta garbi esan du guztiz bete zuela eta oso pozgarria izan zitzaiola.

Fitxa biografikoa:

María Durán Lázaro Valentzian jaioa da, 1984an. Lanbide Heziketan Natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolaketa ikasi ondoren, Baso-ingeniaritza teknikoa egin zuen. Valentziatik, Iruñera joan zen Agrobioteknologia Institutuan lana egitera, eta, horretan ari zela, ingeniaritzako gradua lortzeko masterra egin zuen. Aezkoako goi-mendiko larreetan egin du tesia.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..