Aldizkako hipoxia estimuluen onurak osasunean

Hipoxia gorputzak oxigeno egokirik jasotzen ez duen egoerari esaten zaio. Egoera hori modu naturalean lor daiteke, 3.500 metroko altuera duen mendi batera igota edota hipoxiako estimulua jasotzea hipoxiako denda edo kamera estanko baten sartuz, eta arnasten dugun airearen oxigeno kantitatea gutxitzen badugu konpresore baten bidez.

Hipoxia egoeren aldizkako estimuluei buruzko ikerketa gauzatu dute Elcheko Miguel Hernández Unibertsitateko Kirol Ikerketa Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Lortutako emaitzen arabera, ikusi dute estimulu horiek argaldu egiten dutela, eta osasuna eta kirol errendimendua hobetzen dutela ere.

1. irudia: Alpinistak aldizkako hipoxia estimuluen eraginez baliatu izan dira altuerako egoerei aurre egiteko.

Miguel Hernández Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko K2 kirol zentroko Aldizkako Hipoxia Egoeran Nutrizioko eta Entrenamendu Fisikoko Zerbitzuen Unitatearekin jardun dute lankidetzan, EHUko Aritz Urdampilleta Otegui ikertzailearen zuzendaritzapean. Mendiko korrikalari eta alpinista batzuen lagin bat hartu zuten azterketa esperimental bat aurrera eramateko.

Hiru astez aldizkako hipoxia egoeran jarri zituzten kirolariak hipoxiako denda batean, kirola egiten. Ikertzaileek kontroladoreen bidez oxigeno maila zehatzak mantentzen zituzten eta odoleko hemoglobinaren oxigeno saturazio maila kontrolatzen zuten bitartean. Hipoxia estimuluez  gain, dieta eta elikadura gehigarriak konbinatu zituzten aste horietan eta lortutako emaitzek adierazi dute, pisu gehiago galtzen dela modu horretan. Ikerketa egin zenean, pisua galtzeaz gainera, kirol errendimenduan hobekuntza nabarmena lortu zen, eta globulu gorrien eta hemoglobinaren kopuruek gora egin zuten; horrela, errekuperaziorako gaitasuna hobetu zen eta Mendiko Gaitz Larriaren prebentzio hobea lortu zen. Hau, alpinismorako eta elitezko himalayismorako aurrerakuntza da, bai eta goi mendietara doazen turisten segurtasunerako ere.

2. irudia: Aldizkako hipoxia egoeren entrenamendua, Gasteizko K2 kirol zentroko Aldizkako Hipoxia Egoeran, Nutrizioko eta Entrenamendu Fisikoko Zerbitzuen Unitatean.

Ikerketan kirolariei pisua galtzen laguntzeko protokolo baliagarria sortu da, bai eta aplikazio klinikorako eta nagusitzen diren patologietarako ere, besteak beste, gizentasunerako. Izan ere, beste aldagai fisiologiko batzuek hobetzen direla ikusi da, esate baterako, beherakada arteria presio sistemikoan, SaO2ren hobekuntza loan edo odol laktatoaren mailen gutxitzea intentsitate erlatibo berdinera.

Protokolo honen aplikazio klinikoak etorkizun handiko ikerketa ildoa zabaltzen du. Hori dela eta, osasunerako eta kirolerako izan ditzakeen aplikazioak ikertzen jarraituko du ikerketa-taldeak.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Urdampilleta A, González-Muniesa P, Portillo MP, Martínez JA. ‘Usefulness of combining intermittent hypoxia and physical exercise in the treatment of obesity’. J Physiol Biochem. 2012ko eka.; 68(2): 289-304.
  • Urdampilleta A. ‘Estímulos de hipoxia intermitente: nuevas perspectivas para mejorar el rendimiento deportivo, salud y mantenimiento del peso corporal en los deportistas’. Fisiologiako aldizkaria (Sociedad Española de Ciencias Fisiológicas) 2011, 14(2): 14-21.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>