Planeten lerrokatze anitzak

#KZJaia · Kolaborazioak

Misterio handia izan da zerua gizakiarentzat orain dela gutxi arte. Izarrez beteta ikusten genuen zeru sabaia. Euren artean mugitzen ziren “izar mugikorrak”, hau da, planetak. Baina ez genekien zer ziren ez batzuk ez besteak. Beti izan dugu patroiak ikusteko joera eta, hori dela eta, asmatu genituen konstelazioak. Planetak ez dira edozein konstelaziotan agertzen, zodiakoko konstelazioetan baizik. Eta patroiak ikusteko joera hori dela eta, planeten zodiakoko konstelazioen arteko posizioa eguneroko bizitzarekin lotzen saiatu gara. Horrela sortzen da Astrologia.

Lotura izan du Astrologiak zientziarekin orain dela gutxi arte. Horren adibide XVI. mendearen atarian gertatu zena.

Planeten lerrokatze anitzak_2
1. irudia: 1524ko konjuntzioa iragartzen zuen astrologia almanaka.

1499an Tübingeneko Unibertsitateko irakaslea zen Johannes Stöffler matematiko, astronomo eta astrologoak Almanach nova plurimis annis venturis inserentiaefemeride liburua argitaratu zuen. Bertan, 1524ko otsailean planeta guztiak Piscis-konstelazioan aurkituko zirela kalkulatu zuen. Piscis zodiakoko ur zeinua denez, euri jasa handiak iragarri zituen Stöfflerrek hile horretarako. Stöfflerren iragarpenean ur jasa handia zena, puzten joan zen eta uholde izugarriak eta munduaren amaiera bilakatu zen. 1524ko otsailaren 20an gertatuko zen, hain zuzen munduaren amaiera.

Oihartzuna izan zuen iragarpenak eta, adibidez, von Iggleheim kondeak hiru solairutako barkua prestatu zuen Rhin ibaiaren ertzean, uholdetik alde egiteko asmoz. Jendetza gerturatu zen otsailaren 20an von Iggleheim kondearen ontzia ikustera, kuriositatez. Baina euria hasi zenean jendea urduri jarri eta kondearen barkuan sartzen saiatu zen. Hildakoak egon ziren, von Iggleheim kondea hauen artean. Stöfflerez zen desanimatu eta munduaren amaiera 1528rako birkalkulatu zuen. Baina inork ez zion kasurik egin. Asmatzaile bezala bere erreputazioa galdua zuen.

Ulergarria da garai horretan halakoak gertatzea. Copernico aurretik zen (1543an argitaratu zuen bere eredu heliozentrikoa) eta teleskopioa asmatzeko 100 urte inguru falta ziren. Ez zekiten planetak beste munduak zirela. Eta izarrak, beste eguzki batzuk. Baina ulergaitza da, gaur egun ere, oraindik gauza hauetan sinesten duena egotea. Gogoratu, adibidez, mundua 2012ko abenduaren 21ean amaitu behar zela ziotenak zeudela.

Egoten dira planetak, noizean behin, bata bestetik nahiko gertu. Konjuntzioak dira. Planeta distiratsuen arteko konjuntzioak ikusteko ederrak dira eta, benetan, gertu egotera heltzen dira batzuetan. Baina, posible da bi planeta zeruko puntu berean bat etortzea? Eta, hiru?…eta, guztiak?

Eguzki Sistema irudikatzen dugunean, horrelakoa dela uste dugu, gehienok:

Horrela irudikatuta, planeta guztien lerrokadura gertatzea posible dela dirudi. Baina, tamalez, ikusi dugun hori ez da Eguzki Sistemaren irudi errealista. Planetak askoz ere txikiagoak dira eta, horrez gain, planeten orbitak ez daude guztiak plano berean. Planeten orbitak plano ezberdinetan daudenez, ez da posible hiru planeta edo gehiago lerrokatzea. Baina binaka bai elkartu ahal direla gure zeruko puntu batean. Lurretik ikusita euren orbitak gurutzatzen diren puntutan bat datozenean gertatzen da hori.

Irudia: Planeten orbitak Lurretik ikusita. Orbitak elkar gurutzatzen diren puntuetan gertatzen dira okultazio edo igarotzeak.
2. irudia: Planeten orbitak Lurretik ikusita. Orbitak elkar gurutzatzen diren puntuetan gertatzen dira okultazio edo igarotzeak.

Okultazioak edo igarotzeak dira. Okultazioetan, gertuago dugun planetak atzekoa guztiz eklipsatzen du. Igarotzean, berriz aurrekoa atzekoa baino tamaina txikiagoarekin ikusten dugu. Sarriago gertatzen dira okultazio edo igarotzeak Eguzki Sistemako barne planetak inplikaturik daudenean. Logikoa da, haren periodoak motzagoak direlako. Zoritxarrez, Eguzkitik gertuegi gertatzen dira askotan eta, hori dela eta, ez dira ikusteko errazak. Kanpo planeten arteko igarotze edo okultazioak gertatzen direnean, errazagoa da ikusteko aukera izatea. Baina orbitazio periodoak luzeagoak direnez, arraroagoak dira fenomeno hauek.

Batez beste 35 urtetik behin gertatzen dira planeten arteko fenomeno hauek. Zoritxarrez, 1818tik ez da bat bera ere gertatu. Eta 2065ean izango da hurrengoa.

Ikusi al du inork planeten arteko okultazio edo igarotzerik? Gutxi, baina badira kronika batzuk:

1170eko irailaren 12an astronomo txinatar batzuk eta Gervase de Canterburyk Marte Jupiterren aurretik igarotzen ikusi zuten. Edozein modutan, zeruan batera zirela begi-bistaz ikusi zuten, teleskopioa asmatu gabe zegoelako.

1590eko urriaren 13an, Keplerren irakaslea izan zen Michael Maestlinek Artizarrak Marte ezkutatzen zuela ikusi zuen. Teleskopiorik gabe, hau ere.

1737ko maiatzaren 28an John Bevisek Artizarrak Merkurio ezkutatzen zuela ikusi zuen Greenwicheko behatokitik,planeta biak horizontea ukitzen ari zirela.

Izango al dugu etorkizunean halako fenomenoren bat ikusteko aukerarik? Ba nekez. Hurrengoa 2065eko azaroaren 22an izango da. Artizarra Jupiter aurretik igaroko da. Zoritxarrez, eguerdia izango da Euskal Herrian. Eta, horrez gain, Eguzkitik 7º ingurura egongo dira planetak. Ez da Lurretik ikusteko moduko igarotzea. Baina auskalo ordurako zein teleskopio mota eta zein argazki kamera dagoen.

Irudia: Irudiren oinean: 2065eko azaroaren 22an Artizarra Jupiter aurretik igaroko da.
3. irudia: 2065eko azaroaren 22an Artizarra Jupiter aurretik igaroko da.

Hortik aurrera, zorterik gabe jarraituko dugu. Gure bizitzan ez dugula horrelako fenomenorik ikusiko ziurtatu daiteke. Hona hemen 2250arte gertatuko direnak: Mutual Planetary Occultations Past and Future.

Ez gara ordurako gu hemen egongo, baina benetan ederra izango da 2223ko abenduaren 2an gertatuko dena. Marte, Jupiterren aurretik igaroko da.

6. irudia: 2223ko abenduaren 2an, Marte Jupiter aurretik igaroko da.
4. irudia: 2223ko abenduaren 2an, Marte Jupiter aurretik igaroko da.

Edo, apur bat urrutiago joanda, 2518ko urtarrilaren 25ean ikusi ahal izango dena: behingoagatik, Artizarrak eraztuna izango du. Saturnoren irudiaren erdi erdian jarriko da!

Bitxikeria bat amaitzeko. Badakizue noiz okultatuko duen Neptunok Urano? 40396ko abenduaren 1ean! Ordurako, ziur, gutako inor ez dagoela hemen.

Baina tira, izango dira gauza kurioso eta politak ikusteko hain urruti joan gabe. Adi, adibidez, 2020ko abenduaren 20an. Ez elkarrekin, baina egun horretako ilunabarrean Saturno eta Jupiter oso, oso gertu egongo dira. Teleskopio batetik begiratuz alde berean ikusterik izango dugu eta ziur argazki ahaztezinak ateratzen dituztela astroargazkilariek. Ez da okultazioa izango baina tira, espektakulu ederra izango dugu ikusgai.


Egileaz: Manu Arregi Biziola, fisikaria da, Bergarako Aranzadi Ikastolako irakaslea eta astronomia-zalea.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.