Euskal kostaldeko Geoparkeari zientziak ematen dion balio erantsia

#KZJaia · Dibulgazioa

Euskal Kostaldeko Geoparkea (Zumaia, Deba, Mutriku) 2010. urtetik Geoparkeen Europako eta Munduko sarean dago. Sare horrek UNESCOren babesa du eta mundu osoan banaturiko 100 lurraldek baino gehiagok osatzen dute. Sarea ondare geologikoaren, geokontserbazioaren eta geoturismoaren kudeaketa iraunkorrean oinarrituriko tokiko garapen-estrategia gauzatzeko tresnarik aitortuena bihurtu da.

geoparkea

Baliabide geologiko eta kultural interesgarrien dentsitatea eta aniztasuna du ezaugarri Euskal Kostaldeko Geoparkeak, baina batez ere, ehun urteko zientzia-tradizioa. Horrek, zalantzarik gabe, balio erantsia ematen dio Lurraren zientziak gizarteratzeko proiektuari. Zientzia-jarduera hori Geoparkearen itsasertzean egiten da, eta zehazkiago, Itzurungo eta Algorriko hondartzan. Bertan azaleratzen da munduko geologia-altxor handietako bat: flyscha.

XIX. mendearen amaieratik, itsaslabar ikusgarri horiek mundu osoko zientzialariak erakarri dituzte. Horiek azaleratzeen kalitatearekin txundituta geratu dira eta zientzia-bibliografia ugari sortu dute: nazioarteko 100 artikulu baino gehiago eta lanaren zati bat arroka horiek ikertzera zuzendu duten 20 doktorego-tesi inguru. Lanen bildumaren barruan daude, esaterako, duela gutxi Science aldizkari prestigiotsuan argitaraturiko 5 lan. Geoparkeko flyscha, gainera, nazioarteko landa-gida eta liburu ugaritan sartu dute.

Arrazoi ugari direla medio, leku hau mundu osoko geologoentzako nahitaezko helmuga bihurtu da. Orokorrean azpimarratzekoa da azaleratze hori osatzen duten itsas sedimentuen pilaketaren potentzialtasuna, baita leku irisgarri batean eta begien bistan egotea ere. Egun, 4.000 m sedimentu ditugu kostaldeko 10 km-tan zehar geruza bertikaletan jarrita. Antolaera horri eta itsasoak egunero itsaslabarrak garbitzeari esker, adituak haren oinarrian ibil daitezke eta geruzaz geruza duela 60 milioi urte itsas hondoan geratu ziren sedimentuak eta organismoak iker ditzakete. Itsas hondoen segida handi horrek fideltasun handiz jaso zituen duela 110 milioi eta 50 milioi urte artean gure planetan izan ziren gertaera geologiko, klimatiko eta ingurumenekoak; eta horren ikerketa funtsezkoa izan da, besteak beste, duela 65 milioi urte Kretazikoaren amaieran izan zen dinosauroen desagertze handia edo duela 56 milioi urte Eozenoaren hasieran gure planetak bizi izan duen klima-berotze handienetakoa ulertzeko.

2010. urtean International Union of Geological Sciences (IUGS) erakundeak itsaslabar horien garrantzi zientifikoa aitortu zuen, Itzurungo hondartzan bi estratotipo jarriz. Nazioartean garrantzi handia du horrek, eta Geoparkeko flyscha denbora geologikoaren benetako erlojua dela esan daiteke. Flyscha, hain zuzen, denbora geologikoaren handitasunaren adierazgarririk onenetako bat da.

Euskal Kostaldeko Geoparkea beste lau urtez behintzat Geoparkeen Europako Sarean (ENG) egongo da, zientzia- eta paisaia-potentzialtasunari balioa emateko, geoturismoaren eta hezkuntzaren bitartez tokiko garapena sustatze aldera. Zumaiako flyscharen nazioarteko balio zientifikoa, zalantzarik gabe, proiektuaren hautagaitzaren aurkezpen-gutunik onena izan da. Gaur egun, Geoparkeak 25 adituk osatutako zientzia-batzordea du. Horiek ikerketa proiektu berrien inguruan aholkua ematen dute eta Geoparkeko jarduera zuzentzen dute, horrela, bestela lortuko ez zuen sinesgarritasun instituzionala eta mediatikoa emanez.

Zientzia-ezagutza gainera gure interpretazio-diskurtsoaren oinarria da. Diskurtso horrek lurraldearen kultura-alderdia ere du barne, eta ezagutzaren aurrerapenarekin batera berritu egiten da, gure irteera gidatuak eta hezkuntza-programak elikatzen ditu eta lurralde batekoa izatearen sentimendua indartu egiten du. Paisaia eta kultura aberatseko lurraldea da, baina zientzia du bereizgarri nagusi. Aurkezpen-gutun horri esker, Euskal Kostaldeko Geoparkea geozientzien eta geoturismoaren nazioarteko esparruan kokaturik dago.


Egileaz: Asier Hilario Geologian doktorea da eta egun, Geoparkearen zuzendari zientifikoa da.


geoparkearen logoa

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

3 iruzkinak

  • […] Eta amaitzeko proposamen bat luzatuko dizuegu. Aste Santuan irteeraren bat egiteko asmoa baldin baduzue, Euskal kostaldean gorderik dugun altxor bat ezagutzera gonbidatzen zaituztegu Geoparkeko flyscha.Itzurungo eta Algorriko hondartzan azaleratzen den munduko geologia-altxor handietako bat da flyscha. Euskal Kostaldeko Geoparkean […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.