Asteon zientzia begi-bistan #52

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan #52

Ordu bete aurreratu dugu gaur goizaldean erlojua urtero legez. Udaberriarekin batera ordu bete gutxiago duen gaua suertatzen zaigu urtero. Beraz, lo egiteko ordu gutxiago izan ditugu eta loa oso gauza garrantzitsua da osasunarentzako. Ainara Arratibel kazetariak Berrian dakarkigu lo galdua, osasun kaltetua dela. Juan Jose Pozak, Donostia ospitaleko neurologoarekin hitz egin du gai honetaz eta argigarriak dira haren hitzak. Dionez, pisuan eragina du, lo gutxi egiteak jateko gogoa areagotzen baitu. Horrez gain, lo gutxi eginez gero, immunologia sistema ahuldu egiten zaigu, umorean gorabeherak izaten ditugu, erreflexu falta, eta arreta eta memoria arazoak ere sortarazten du. Behar bada, egunerokoan apenas antzematen ditugu eraginak baina luzerara begira, loari kendutako denborak eragina du gure metabolismoan.

Eskerrak ez garela bizi Saturnon. Bertan izanez gero, ez dakigu lo egiteko tarterik izango genukeen ere. Egoitz Etxebestek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian Saturnoren egunaren iraupena zehaztu dutela Israelgo ikertzaile batzuek. Honen neurketen arabera, Saturnoren egun batek 10 ordu, 32 minutu eta 45 segundo irauten du. Hori omen da Saturnok bere buruari bira emateko behar duen denbora, 46 segundoko ziurgabetasunarekin.

Loak neurria ematen digu egunerokoan aurrera egiteko eta Arantxa Iraola kazetariaren esanetan hitzek ere neurria ematen dute. Berrian EHUko Elekin ikerketa taldearen lanaren xehetasunen berri ematen digu. Taldea tresna berri bat garatzen ari da, hiztunen jarioari erreparatuz Alzheimerren eritasuna atzematen lagun dezakeen sistema bat. Hizkeraren galera bat izaten da erietan, eta horregatik otu zitzaien solasetan gertatzen diren aldaketa horiek neurtzeko sistema bat garatzea. Laburbilduz, hitz jarioari erreparatzen diote, batez ere galera kognitiborik baden ikusteko.

Alzheimerra endekapenezko gaixotasuna da eta mota honetako gaitzei erreparatu die Donostiako San Ignazio Ikastetxeko Irene Casado ikasleak Galtzadaberri blogean. Alzheimerra, ELA, Parkinsona, Huntingtonen gaixotasuna, dementzia ditu hizpide giza burmuina eta zenbait gaixotasun artikuluan. Bertan azaltzen digunez, gaixotasun hauek, normalean, 65 urtetik gorako pertsonei eragiten diete eta antzinako greziarrek ez zeuden oker dementzia bezalako gaitza zahartzaroarekin lotzean, izan ere, zenbat eta helduago izan neuronen hilkortasunak gora egiten du.

Garapen biologikoa eta kognitiboa bizi-zikloan liburuaren egilea elkarrizketatu dute Buruxkak liburutegi digitalean, Izarne Lizaso. Izarne Psikologian doktorea da eta ikertzaile lanetan ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Adin tarte ezberdinetako giza garapena du ikerlerro. Elkarrizketan azaltzen duenez, giza garapena gertaera zabal eta konplexua da eta honek, denboran zehar pertsonaren alderdi biologiko, psikologiko eta sozialetan gertatzen diren aldaketa kualitatiboak eta kuantitatiboak biltzen ditu. Eta, azpimarratzen du, giza garapenean askotan eredu tipikoak egon, ikertzaileek aurkitu dute berdinak diren bi pertsona ez daudela.

Arestian aipatu dugun ikerketan eta, baita ere, Javier Duoandikoetxea matematikariak Zientzia Kaieran aipatzen duen minbiziaren ikerketan, estatistikak paper garrantzitsua du. Howard Hughes Medical Instituteko Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein ikertzaileek egindako lan baten emaitzen arabera, minbizien bi herenak zoriari lotuta daudela (“zorte txarra”) eta ez faktore genetikoei edo kanpoko eraginari zabaldu da hileotan. Ondorio honek zalantzak, eztabaidak eta kritikak jaso zituen, izan ere, ohikoa da metodo estatistikoen erabilera medikuntzan eta ez da arraroa eztabaida sortzea datuak interpretatzean. Gai honi erreparatzen dio Javierrek minbizia eta zoria artikuluan.

Espezie biologikoaren definizioa nahiko argia dirudiela azaltzen digu Koldo Garcia biologoak Edonola blogean. Espezie biologikoak, beraien artean ugaldu daitezkeen eta ondorengo emankorra duten populazioak dira. Sinplea dirudi, baina ez da horrela, izan ere definizio hau ez da guztiontzako baliagarri. Koldok zehazten du definizio hau ugalketa sexu bidez egiten duten espezientzat bakarrik baliagarria dela, bakterioentzat, adibidez, ez du ezertarako balio. Eta bestalde, momentu konkretu baterako baliagarria dela definizioa baina denboran zehar erabili nahi bada, gauzak zailtzen direla. Beraz, galdera bat luzatzen digu, noiz sortzen da espezie bat?

Amaia Portugalek argitasun apur bat ematea izan du xede asteon Zientzia Kaieran Neonothopanus gardneri onddo fluoreszentearen bidez. Brasilgo eta AEBtako ikertzaile talde batek artikulu batean azaldu berri duenez, onddo honek zomorroak erakartzen ditu argi berde moduko bat piztuz gauean. Honi esker, zomorroak erakartzen ditu eta horiek, aldi berean, lagundu egiten diote esporak zabaltzen eta ingurunea kolonizatzen. Beraz, dirudienez zenbait onddoren distirak badu azalpen argigarri bat.

Eta amaitzeko proposamen bat luzatuko dizuegu. Aste Santuan irteeraren bat egiteko asmoa baldin baduzue, Euskal kostaldean gorderik dugun altxor bat ezagutzera gonbidatzen zaituztegu Geoparkeko flyscha. Itzurungo eta Algorriko hondartzan azaleratzen den munduko geologia-altxor handietako bat da flyscha. Euskal Kostaldeko Geoparkean (Zumaia, Deba, Mutriku) dugu kokatua, baliabide geologiko eta kultural interesgarrien dentsitatea eta aniztasuna du ezaugarri duen ingurunea eta baita ere, ehun urteko zientzia-tradizioa. Guzti honen berri ematen digu Zientzia Kaieran Asier Hilariok, Geoparkeko zuzendari zientifikoak: Euskal kostaldeko Geoparkeari zientziak ematen dion balio erantsia.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.