“Zientziak idealizatuta jarraitzen du goi mailako jarduera gisa, egungo zientzia-pentsamoldeetan”. Joseph Haberer, zientzia-historialaria, 1969.
2015ean, nork dauka bada idealizatua zientzia-jarduera? Denok? Zientzia ezagutzen ez dutenek? Zientzialariek beraiek? Lasai onartzen dugu, ezinbestez, hainbat antzezlek ez dutela ezertxo ere irakurtzen, politikariek ez dutela ingelesez egiten, mediku batzuek erre egiten dutela. Zientzialarien artean ere, badira antzerako jarrera barregarri eta zentzugabeak.
Aipatu antzezle, politikari edo mediku horiek, profesional txarragoak ote dira jarduera intelektual horiek ez egiteagatik? Ba ote liteke bizi-jarrera batzuk lanarekiko beregain izatea? Ba ote dago bizitza eta lanaren arteko koherentzia sendoagoa behar duen lanbiderik? Zer esan behar ote zaie zientziaren aurkako jarrerak dituzten zientzialariei? Alde batera utzi behar ditugu jarrera horiek, bere lanaren balioa neurtzeko? Jarrera horiek balioa kentzen ote diete beren teoriei? Nolatan ulertuko dugu zientzia-ezagutza pentsamendu kritikoaren iturri modura, horrelako desadostasunak aurkitzen baditugu benetan bikainak diren zientzialariengan?
II Mundu Gerra bukatuta, aliatuak saiatu ziren Europa osoa eta batez ere Alemania eta Austria “nazigabetzen”, hau da, naziekin zerikusia zuen guztia desagerrarazten. Horrela, erantzukizun handiko postuetatik kendu zituzten naziekin inongo harreman izan zuten hiritar guztiak. Hala ere, berehala ikusi zen horrela jarraituz gero ezinezkoa izango zela kontinente hau aurrera ateratzea. Nazismoarekiko harremanetan egonak ziren hiritar batzuen beharra zuen gizarteak: ezinbestekoak ziren politikan, artean, literaturan, musikan eta, zer esanik ez, industrian. Izan ere nor ez zen bada egon egoera hartan nazismoarekiko harremanetan?
Friedrich Bergius alemaniarrak, Kimika Nobel saria hartu zuen 1931n, “ekarpen handiak egin baitzizkien presio handipeko metodo kimikoen sorkuntzari eta garapenari”. Ikerketa luzeak egin ostean, 1927tik aurrera hasi ziren erregai likidoak ikatzetik ateratzen. Erregai horiek oso erabiliak izan ziren nazien garaian.
Aliatuek nazi sutsutzat hartu zuten Bergius, eta beraien ustez, “desnazifikatu” egin beharko zen, baina Austrian zegoen elikagai-urritasuna zela eta, gobernuak nazionaltasuna eman zion Bergiusi 1946an, egurretik azukrea ateratzeko egin zituen ahaleginengatik, eta egurretik haragia ere ateratzeko egin zuen promesagatik.
Gutxienekoa zen Bergius horretan sinistuta egotea ala ez, aliatuengandik ihes egiteko trikimailu bat zen ala ez. Hori guztia, bateragarria ote da zientziari buruz dugun goi mailako ideia horrekin? Zientzia ote da alkimian sinestea?
Jane Goodall zientzialari ezaguna da, txinpantzeen alde sutsu egiten duena. Luzaro aritu da espezie honetan behaketak eta ikerketak egiten, eta berari esker, teoria berriak garatu dira, bai primateen talde-trebeziei buruz, bai ekosistemen babesari buruz, bai eta giza espeziearen beraren eboluzioari buruz.
Gainera, Goodallek, berrogeita hamar urtean aritu da zientzia-jardueretan, eta nazioarteko ehun sari baino gehiago erdietsi ditu. Halarik ere… sinetsita dago badaudela Yeti eta Big Foot planeta honetan.
Bateragarriak ote dira bi kontu horiek, batetik inongo zientzia-oinarririk ez duen bizidun bat badela sinestea, eta bestetik oso baliagarri gertatu diren zientzia-teoriak garatu izana? Nolatan uztartuko ditugu bi kontu hauek?
Bergius Buenos Airesen hil zen 1949an; badakigu nazien alde aritu zela, eta esana dugu Austriako gobernu etsiari sinestarazi ziola egurretik abiatuta elika zitezkeela hiritarrak. Hala ere, inor ez zuen hil, guk dakigula. Goodallen sinesmenak ere ez dira kaltegarriak, ez hasiera batean behintzat. Hala ere, nekez onar dezakegu hau guztia zientziak pentsamendu kritikoa garatzen duela pentsatzen dugunok.
Baina badira kontu larriagoak esparru honetan: Mayim Blalik ez da Nobel sariduna, eta ez du Jane Goodallen itzala, baina oso ezaguna da munduan zehar, eta neurozientzian doktoratu zen. Hala ere, txertoen aurka aritzen da, sutsuki bera ere. Zer pentsatu behar dugu honetaz?
Garbi dago ez diogula jaramonik egin behar; zer esanik ez, bere irizpideen aurka egin behar dugu, datu enpirikoak erabilita; txertoen eraginkortasuna eta beharra agerian jarriko dituzten datuak erabili beharko ditugu.
Areago, Blaliken ideiek arriskuan jartzen dituzte milioika hiritar, zeren eta zientzialari bikaina iritzita, erraz gerta daiteke hiritarrek berari itsuki sinestea. Gizarte kritikoa lortuko badugu, zer egin honen guztiaren aurrean? Aspaldi eman zidan zientzialari gazte batek zalantza hauek argitzeko era: jakin egin behar da zientzialari batek esaten dituen guztien artean zeinek merezi duen errekonozimendua. Ez du horrelakorik merezi alkimiak, Mundu Gerra garaiko goseteaz baliatuta aldarrikatu zenak… baina ezdeusak ote dira Nobel saria lortu zuten erregaiak, nazien alde aritu zelako bere sortzailea? Alkimian sinetsita egoteak eragingo ote du beste esparruetan hain zientzialari ona ez izatea?
Garbi berezi behar dira bi kontu: Bergius zientzia-iruzurra egiten saiatu zen, baina bestetik, Goodall eta Blalikenak iritziak baizik ez dira. Buruan izan behar dugu hori guztia, bakoitzaren sinesgarritasuna une egoki jakin batzuetan baizik ez baita egongo indarrean.
Iritsi ote da zientzia gizakiak egindakoa dela garbi izateko garaia? Hasiera emango ote diogu koherentziarik gabeko gizon-emakume arriskutsuek ere zientzia ona egiten dutela jakiteko garaiari?
Baietz uste dut. Onar dezagun zientzia eta zientzialarien idealizazioak erraz eraman gaitzakeela benetako lorpen baliagarriak gutxiestera. Edo alderantziz, idealizazio horrek beste batzuetan erraz behartuko gintuzkeela benetako astakeriak egiazkoak direla pentsatzeko.
Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.