Asteon zientzia begi-bistan #75

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Hona hemen asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan #75

Meteorologia eta klimatologia

Klima-aldaketak XXI. mendean euskal kostaldean izango duen eragina aztertu dute hainbat adituk aste honetan zehar Irunen egindako kongresuan. Berrian azaltzen denez, itsasoaren mailak eta tenperaturek gora egingo dute. Horrek azken batean, muturreko fenomeno meteorologiko ugari eragingo ditu. Eta Euskal Herria ez da salbuespena izango. Halere, gure inguru geografikoari eta latitudeari esker, aldaketa epelagoak izatea espero da. Datuei erreparatzen badiegu, XX. mendean batez bestez urteko 2,08 milimetroko gorakada izan da itsasoan. Ildo horretatik, itsas mailaren igoera klima aldaketaren inpaktu nagusienetakoa izango dela aurreikusten dute ikertzaileek. Ikerketan kostaldeko hiru gune arakatu ditu bereziki, Muskiz, Plentzia eta Urdaibaiko itsasadarrak. Lan horren bitartez, kostaldeetan denboraleen aurreikuspenak hobetzea dute xede, arrisku egoerak hobeto kudeatu ahal izateko. Ikerketa honi buruz gehiago jakiteko, irakurri Kostaldeari begira eta metroa eskura artikulua.

Nobel sariak

Aurtengo sarituen berri izan dugu Ana Galarragak, Egoitz Etxebestek eta Oihane Lakarrek Elhuyar aldizkarian egindako jarraipenari esker. Esan bezala, Nobel sariak banatu ditu Karolinska akademiak aste honetan zehar. Lehenik, Fisiologia eta Medikuntza Nobel sarituak hiru ikertzaile izan dira: sariaren erdia William C. Campbell eta Satoshi Ōmura jaso dute, bizkarroiek eragindako gaitzen aurka asmatutako botikarengatik. Sariaren beste erdia Youyou Tukek eraman du, malariaren aurkako terapia asmatzeagatik. Lehenengo biek avermectina garatu zuten. Gizakietan frogak egin ondoren, konturatu ziren eraginkorra zela filariasia, onkozerkosia, eta era horretako gaixotasunak tratatzeko. Bestalde, Youyou Tukek egindako ikerketa esanguratsua dugu: Artemisia annua landarearen konposatu aktiboa isolatu zuen (artemisina) eta animalietan ez ezik, gizakietan ere eraginkorra zela frogatu zuen.

Fisikako Nobel sariari dagokionez, Takaaki Kajita japoniarrak eta Arthur B. McDonald kanadarrak jasoko dute. Azken hauek neutrinoak eraldatu egiten direla eta masa dutela frogatu zuten. Bada, azken pauso honetara iristeko prozesu zaila abiatu zuten zientzialari horiek. Bi emaitza horiek ordura arte zegoen jakintza irauli zuten.

Tomas Lindahl, Paul Modrich eta Aziz Sancar ikertzaileek jasoko dute Kimikako Nobel saria. Hauek zeluletako DNA konpontzen diharduten mekanismoak aurkitu dituzte eta maila molekularrean nola funtzionatzen duten deskribatzea lortu dute.

Energia berriztagarriak

Elektrizitatea bere kabuz sortzeko gai den eraikin futurista ikusgai izango dugu urte batzuk barru. Kontsumituko lukeen elektrizitate guztia sortuko luke Rotterdamen egin nahi duten eraikina. The Dutch Windwheel (haize-gurpil herbeheretarra) du izena eta oraingoz lehen fasean dago. 2025erako zabaldu nahi dute, ikerketek fruituak ematen badituzte bederen. Amaia Portugal kazetariak azaltzen du Zientzia Kaiera blogean egindako zirriborroak altzairuzko eta beirazko eraikina agertzen duela. Halaber, proiektuaren oinarriak ibaian hondoratuta ezartzea da asmoa. Lan arkitektonikoak zirkulu forma izango du; zehazki, hiru dimentsiodunak diren bi eraztun erraldoiek osatuko lukete, bata bestearen barruan txertatuta. Baina futurista dela esaten denean, ez da bakarrik kontuan hartu behar kanpoko itxura. Barruko zirkulua zeharkatzen duen zuloa da gakoa honetan. Izan ere, bertatik sartzen den haizea elektrizitate bihurtuko dute.

Energia berriztagarrien arloan, aipatzekoak da ere Irailaren 21ean Greenpeacek kaleratu zuen txostena. Joxerra Aizpuruak bildu ditu Argian plazaratutako oinarriak. Bertan azaltzen denez, energia berriztagarriek energia fosila eta nuklearra ordezka ditzakete 2050erako. Izan ere, berriztagarrien azpiegitura teknologikoa eta energia fosilena antzekoak dira. Hortaz, ordezkapena kontu erreala da Greenpeacen arabera. Aldaketa horrek, zehazki, 1.400 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke urtero, baina trukean 2030erako eguzki energiaren inguruan 9,5 milioi lanpostu sortuko lirateke. Energia eolikoek, berriz, 7,8 milioi lanpostu sortuko lituzke.

Zientzia eta zientzialariak

Zientzia-aurrerapenak aurreko esperimentuen emaitzetatik abiatuta lortzen direla azaltzen digu Josean Rodriguezek. Ideia horri jarraiki, zientzialari batek zientzia-artikuluak irakurtzea ezinbestekoa dela gehitzen du. Horren aurrean, bada, bi galdera proposatzen dizkigu. Alde batetik, “nola dakigu argitaratutako emaitzak zuzenak diren ala ez?”. Bestetik, “zer gertatzen da aurreko aurkikuntzak zuzenak ez badira?” Ikerketa biomedikoa oinarritzat hartuz, hori azaltzen saiatzen da Rodriguez. Galdera bien erantzuna hitz bakar batean laburbiltzen du: errepikagarritasuna. Hau da, esperimentu baten emaitzak zuzenak badira, beste edozein zientzialarik emaitza berdinak (edo antzekoak) lortu behar ditu ezinbestean. Bigarren erantzunari dagokionez, errepikaezinak diren emaitzetan oinarrituz gero, denbora eta dirua galduko ditugu. Konpainia farmazeutikoen kasua agertzen du testuan. Errepikaezintasunaren ondorio latzak areagotu daitezke kasu horretan. Hortaz, ikerketa batean kontuan hartu behar dena, berrikuntzaz gain noski, errepikagarritasuna izango litzateke egilearen ustean.

Fisioterapia

Garikoitz Etxebesteri, Donostiako Poliklinikako fisioterapeutari, egin dio elkarrizketa Berriak. Izan ere, txirrindularien osasuna hobetzeko azterketa biomekanikoak egiten hasi dira Donostiako Poliklinikan. Orobat, azterketa horrek bizikletaren gainean nola jarri behar duen esaten die txirrindulariari. Gauzak horrela, bizikletan dabiltzanen errendimendua eta osasuna hobetzea dute xede. Zenbait kontu izan ditu hizpide Etxebestek. Batik bat, txirrindularen gainean normalean hartzen dugun jarrera izan du mintzagai. Honi buruz dio jarrerarik erosoena hartzea ez dela egokiena. Lesio bat izateko arriskua dago, baita errendimendua txikiagoa izateko ere. Jarrera egoki batekin, gainera, arazo asko saihestuko lirateke. Azterketa biomekaniko horiei buruz gehiago jakiteko, irakurri elkarrizketa osoa: “Txirrindularira egokitu behar du bizikletak, ez alderantziz”.

Neurozientzia

Iktusari buruzko informazio interesgarria agertu du Ane Wyssenbach ikertzaileak Neurozientzian blogean. Jakina denez, zerebrora iristen den odol kantitatea murrizten denean gertatzen den bat-bateko istripua da iktusa. Bi mota daude: iskemikoa (ohikoena) eta hemorragikoa. Gaitzaren azalpenaz gain, iktusa sortzen duten arazoez mintzo da Wyssenbach. Besteak beste, hipertentsioa, bihotzeko gaitzak, kolesterol altua, diabetesa, etab sortzen ahal dituela dio. Era berean, azaltzen du ondorio larriak ekiditeko funtsezkoa dela iktusa antzematen jakitea. Sintomak zerrendatzen ditu: indarra galtzea (bai aurpegian, besoan edota hankan), ikusmenaren galera (osoa edota partziala), hitz egiteko zailtasuna, edota bat-bateko buruko min handia, desoreka edota bertigoa sentitzea. Iktusa antzematea da beraz, gure esku dagoen gauza bakarra. Horregatik da hain garrantzitsua sintomak ezagutzea.

Fisika

Hutsari buruz mintzatu da Cesar Tomé López. Historian zehar hutsak bizi duen irudikapen prozesua eta egon diren azalpenak dakarkigu egileak Zientzia Kaieran. Aristotelesekin hasiera ematen dio azalpenari. Antzinako atomistek esaten zuten atomoak huts infinituan mugitzen zirela eta Aristotelesek ideia horren aurka egin zuen. Eskolastikoek ikuspegi horrekin bat egin zuten ere. Bada, XVII. mende hasieran, zenbait teologo eskolastikok hutsaren existentziaren aukera ikertu zuten; horien ustez, hutsa agian posiblea baizen. Bide horretatik jarraitu zuten batzuk eta hutsaren existentzia frogatzen zuten zenbait saiakuntza egin zituzten ere. Adibidez Torricellik eta Blaise Pascalek. Garatutako frogei esker, XVII. mende bukaeran, ukaezina zen jada hutsaren existentzia. Historian zehar egin diren frogapen eta teoria esanguratsuenak irakurtzea gomendatzen dizuegu, hutsaren nozio guztiak harrapatzeko.

Genetika eta eboluzioa

Nazioarteko talde batek ondorioztatu du Eurasiatik Afrikara duela 3.000 urte migrazio handi bat izan zela. 4.500 urteko Etiopiako fosil baten genoma aztertuta, eta Europako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako gaur egungo populazioen genomekin alderatuta, lortu dute emaitza. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaltzen digu Afrikan antzinako DNA aztertzea lortu duten lehen aldia dela. Ikertzaileek aipatu dute fosila aurkitu duten lekua ezaugarri egokiak zituela DNAk ondo irauteko. Azterketa genetikoak aditzera eman du migratzaileak nekazari eta abeltzainak zirela. Era berean, arrasto genetiko nabarmena utzi zutela ondorioztatu dute: Etiopiako gaur egungo populazioaren genomaren % 25 migratzaile haietatik dator, eta Afrika osoko populazioetan utzitako arrastoa, berriz, % 5ekoa dela kalkulatu dute.

Astronomia

Orain Marten ur likidoaren zantzuak topatu dituztela, NASAren arabera, horrek bizia dagoela froga dezake. Halere, planeta ezagutzeko urratsak eman diren arren, oraindik asko falta da misterio guztiak argitzeko. Horiek argitzen lagunduko lukeena gizakia hara bidaiatzea da. Bada, astronomo askok urruti ikusten dute oraindik bidaia. NASAk, ordea, 2030erako jarri du data. Iruñeko Planetarioko astronomoak, Fernando Jauregik, Berrian azaltzen du Marten bizitzea posible izango zela baina ez denbora luzez: “Tenperatura 500 gradura irits daiteke. Han bizitzea ezinezkoa da: labe batean egotea bezala litzateke”. Horretaz gain, NASAk 2030erako proposatu duen misioa ezinezkotzat jotzen du: “Hori lortzeko asko falta da. Ez dugu teknologia nahikorik joan-etorria egiteko. Joan, beharbada, joan gaitezke. Baina ikertu ostean, itzuli egin behar dugu, eta horretarako baliabiderik ez dago”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.