Haize bidezko energia, turbinaren galbahetik igaro gabe

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kontsumituko lukeen elektrizitate guztia bere kabuz sortzeko gai den eraikin futurista egin nahi dute Rotterdamen. Haizea baliatuko luke horretarako, baina ez energia eolikoak egin ohi duen moduan. Kasu honetan, lehengaia zuzenean elektrizitate bihurtuko lukeen teknologia berritzaile bat aplikatuko lukete.

Rotterdamgo enpresa talde batek aparteko eraikin futurista egin nahi du, Herbehereetako hiri garrantzitsu honetan. The Dutch Windwheel (haize-gurpil herbeheretarra) izango litzateke bere izena, eta oraingoz lehen fasean dagoen proiektua baino ez da. Dena dela, ikerketa eta garapen prozesuek fruituak ematen badituzte, 2025erako zabalik egotea litzateke asmoa.

Lehen zirriborroen arabera, eraikina altzairu eta beirazkoa izango litzateke, 174 metroko luzera izango luke, eta Rotterdamgo uretan ainguratuta legoke. Izan ere, haren oinarriak ibaian hondoratuta ezartzea da asmoa. Lan arkitektoniko hau zirkulu forman dago diseinatuta; zehazki, hiru dimentsiodunak diren bi eraztun erraldoiek osatuko lukete, bata bestearen barruan txertatuta. Kanpoko eraztuna berrogei kabinaz osatutako noria moduko bat izatea da asmoa; London Eye delakoaren modukoa, turisten gozamenerako egina. Barruko eraztunak, berriz, hotel bat eta apartamentuak edo bulegoak izango lituzke.

Irudia: Honelako itxura izango luke The Dutch Windwheel eraikinak, Rotterdamgo uretan.
Irudia: Honelako itxura izango luke The Dutch Windwheel eraikinak, Rotterdamgo uretan.

Baina eraikin hau futurista bada, itxurarengatik baino gehiago, bere erraietan izango lukeen teknologiarengatik da. Eraztun erraldoi hauek egunerokoan beharko duten energia eraztunek berek sortuko dute. Edo, hobe esanda, barruko zirkulua zeharkatzen duen zuloak: bertatik sartzen den haizea bilakatuko dute elektrizitate. Eta ez gara ohiko energia eolikoaz ari. Horra hor berrikuntza: proiektu hau gauzatzen bada, helizeen edo turbinen beharrik gabe bilakatuko da haizea elektrizitate.

Izan ere, Rotterdamdik gertu dagoen Delfteko Unibertsitatean, energia mekanikoa sortu eta eraldatu gabe ere haizea baliatzeko aukera ematen duen teknologia bat garatu dute, eta The Dutch Windwheel eraikinari huraxe aplikatu nahi diote. Teknologia horrek Ewicon du izena: Electrostatic WInd energy CONverter, haize energia bihurgailu elektroestatikoa. “Ewiconek haize bidezko energia elektrizitate bilakatzen du, elementu mugikorrik baliatu gabe. Horren ordez, eraztuna zeharkatzen duten aire korronteek kontaktua izaten dute eraikinean dauden hodi batzuek isurtzen dituzten ur-tantekin, eta horrela lortzen da elektrizitatea”, azaldu du Lennart Graaff proiektuaren sustatzaileetako batek.

Azalpen zehatzagoa ematearren, haizeak karga positiboa duten partikulak mugiarazten baditu eremu elektrikoaren kontrako norantzan, partikula horien energia elektrikoaren potentziala handitu egiten da. Gutxi gorabehera, harkaitz bat mendian gora igoarazten saiatzen garenean eta grabitateak kontrako norantzan are indar handiagoz botatzen duenean gertatzen denaren pareko fenomenoa da. Horrenbestez, areagotutako energia hori baliatzea da teknologia honen mamia. Eta eraikin hau egiteko proiektuaren kasuan, karga positiboa duten ur tantak baliatu nahi dira, zehazki, abiapuntu gisa.

Ewicon teknologiaren nondik norakoak azaltzen dituen bideo bat, ingelesez

Horretarako, barruko eraztunaren bihotzean ezarriko litzateke Ewicon teknologia. Hodiz egindako berrogei bat lerro horizontalek osatuko lukete gailua, tenis erraketa erraldoi baten itxura hartuz. Hodiek elektrodoak izango lituzkete, eta tobera batzuen bitartez, karga positiboa duten ur tantak askatuko lituzkete airera. Dena dela, orain arte, Ewicon teknologiaren eraginkortasuna prototipo askoz ere txikiagoekin baino ez da egiaztatu, eta beraz, horixe ikertu behar dute orain, ea prototipo horiek eskala handiagora aplikatzeko modukoak diren.

Hori da proiektuaren erronka nagusia, eta datozen urtetako ikerketa lanak bide horretatik joango dira. Baina, egitekotan, elementu berriztagarri gehiago ere izango lituzke eraikinak; eguzki panelak, euritik datorren ura atzemateko sistema eta biogasa sortzeko teknologia, kasu. Azken horri dagokionez, hotelean eta apartamentu edo bulegoetan egongo liratekeen pertsonen hondakinak bilduta eskuratuko litzateke biogasa, hain zuzen.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.