Energia Eolikoa ikasgaia irakasten

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gradu baten barruan Euskal Herriko Unibertsitatean Energia Eolikoa ikasgaia irakasten den lehen aldia da. Gradu berri baten barruan irakatsi da gainera, orain dela hiru urte Eibarko eskolan sortu zen Energia Berriztagarrien Ingeniaritza graduan hain zuzen ere. Irakasgai hau aurretik diseinatu, prestatu eta 2013-14 ikasturtean, graduko 3. mailan, irakatsi dugun irakasleek idatzitako lan bat da hau, energia eolikoaren egungo garrantzia nabarmentzeaz gain ikasgelan haizea baliabide energetiko gisa nola landu dugun kontatzera datorrena.

wind farm at dusk
1. irudia: EAEn haize energia baliatzeko bideragarriak liratekeen 29 kokaleku ditugu.

Euskal Herriko potentzial eolikoaz badihardugu gurean haizeak eman diezagukeena ez da hutsaren hurrengoa. Kokaleku potentzial bakoitzeko 20-30 MWko potentzia instalatua ziurtatuta identifikatu diren 29 kokagune errentagarrien ustiapenak Boroako zentral termikoaren potentzia gaindituko luke. Nafarroa Garaiko atlas eolikoak are eta ahalmen energetiko handiagoa erakusten du, abian jarri diren 50 parke baino gehiagorekin zenbaitetan lurraldearen kontsumo elektrikoaren %80a asebetetzera iritsita. Ez da ahantzi behar ustiapenok hainbat mendilerrotan eragin duten txikizioa, baina nafar mendialdeak haizetsua izaten segituko du Frantziako argindar nuklearra kontsumitzen dugun bitartean.

Horregatik da hain garrantzitsua haizea baliabide gisa aztertzea, haize geostrofikotik hasi (lur azalaren eraginik igartzen ez duten altuera handiko haizeak) eta berezitasun lokalengatik (orografia, urbanizazioak, oihanak, eraikinak, etab.) jasango dituen aldaketa zurrunbilotsuak medio izango duen portaeraraino. Halaz, mesoeskalan eta mikroeskalan, haizearen norabide nagusia estatistikoki kalkulatu ondoren orografiaren intuizio espazial bat garatzen erakutsi diegu ikasleei eta kurtso amaierako lan bat ere egin dute euren herrietan haizeleku egokiak identifikatzeko. 3 ikasleko 27 taldek euren herrietako mendi eta aranetan haize-leku interesgarriak topatu dituzte horrela. Bertako adinduenen iritzi eta esaerei erreparatuta, hots, antzinako jakinduria lokala batuta, argindar-ekoizpen txiki baina aberaski barreiatu gisa mikroeskalan emankorrak liratekeen tokiak markatu dituzte Euskal Herrian; Zestoan, Altsasun, Mendatan eta Itziarren, adibiderako, haizetoki oso onak aurkitu dira.

Intuizioak intuizio, tratamendu matematiko zorrotza egin behar da haizearen lekuan lekuko datuentzat azterketa fidagarri bat aurkeztu ahalko bada. MATLAB eta WasP bezalako software pribatuak erabili ditugun arren, erronkatzat ipini diogu gure buruari estatistikan hain garrantzitsua bihurtzen ari den R programazio librean bete-betean sartzea.

Programazio hizkuntza hau Energia Eolikoa ikasgaian ez ezik Itsas Energia ikasgaian ere tresna indartsua izango da. Mundu guztiko zientzialariek parte hartzen dute euren alorretarako pakete eta funtzioen sorkuntzan eta haizearen azterketarako ere hainbat script (aurretik programaturiko lan zehatz baterako programa exekutagarriak) topa daitezke R programaren fitxategi nagusian. Adibidez, Galiziako itsas boia baten kasurako, haize-arrosa konplexuak irudikatzeko speed.wind scriptak sei aldagaiko (eguna, hilabetea, urtea, ordua, haizearen abiadura eta haizearen norabidea) 19488 datu analizatzen eta irudikatzen ditu di-da batean (ikus irudia).

Horrela bada, ezin uka naturak inguruan eskaintzen digun energia non eta nola aurkitzen den aztertzen jakitea etorkizunerako garrantzitsua izango dela, eta ondorioz horretarako dauden softwareak erabiltzea. Izan ere, energiaren sorkuntza libreago eta kontsumo demokratikoago bat lekarke gure inguruko haizeen tokiko portaera baliabide gisa erabiltzen jakiteak.

Energia_Eolikoa_ikasgaia_irakasten_Ulazia_EKAIA_Euskal_Herriko_Unibertsitateko_Zientzi_eta_Teknologi_Aldizkaria_-_2015-08-02_18.16.34
2. irudia: R programaren bidez egindako haize arrosa bat.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Artikuluaren izena: Energia Eolikoa ikasgaia irakasten
  • Laburpena: 2011/12 ikasturtean abiatu zen Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua Eibarko Ingeniaritza Eskolan. 2013/14 ikasturtean txertatu dira energia berriztagarriei dagozkien ikasgai espezifikoak, tartean Energia Eolikoa, gradu baten baitan lehenbizikoz irakasten dena EHUn. Energia eolikoaren garrantzia nabarmendu nahi dugu eta horretaz gain, azaldu nahi dugu nola erantzun zaion gure unibertsitatera soilik mugatzen ez den aitzindaritza honek dakarren erronkari. Halaz, ikasgaiaren egitarau praktikoan zein teorikoan eman diren urratsak deskribatuko dira, batez ere baliabidearen analisian eta aerodinamikan aplikatu den problemetan oinarritutako elkarlan-ikaskuntzan ardaztuta.
  • Egileak: Alain Ulazia Manterola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 103-112

Egileaz: Alain Ulazia Manterola UPV/EHUko Eibarko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta Fluidoen Mekanika Saileko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia aldizkaria 27. alea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.