Errutinazaleak versus mugitzen direnak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

GPSetatik eta sakelako telefonoetatik jasotako big datari esker, mugikortasun eredua oinarri hartuta, gizartean bi talde oso finko daudela ondorioztatu dute Pisako Unibertsitatean egindako ikerketa batean. Batzuek joan-etorri berberak egiten dituzte etengabe, eta besteak, aldiz, esploratzaileak dira.

Big data delakoak tresna beldurgarria ematen du enpresen eskuetan, George Orwellek 1984 eleberrian irudikatu zuen gizarte hura gertu ikusteraino. Baina interes ekonomiko, politiko eta komertzialak alde batera utzita, jakin-mina asetzeko bitarteko aparta ere izan daiteke.

Pisako Unibertsitatean zuzendu duten nazioarteko ikerketa batean, gizarteak mugikortasunaren alorrean dituen ohiturak aztertu dituzte big datari esker. Ondorio bitxia atera dute, gainera, mundua bitan bereizten dela baitiote: badaude etengabe joan-etorri berberak egiten dabiltzan pertsonak, batetik, eta esploratzaile deiturikoak, bestetik. Jendea beti izaera batekoa edo bestekoa dela ikusi dute; ez direla aldakorrak, ez dutela batzuetan honela eta besteetan bestela jokatzen. Hala azaldu dute Nature Communications aldizkarian argitaratu duten artikulu batean.

Ondorio horretara iristeko, autoen GPS bidezko ibilbideekin eta sakelako bitartez egindako deien erregistroekin bildu duten big data izan dute oinarri. Zehazki, 67.000 telefono deiren erregistroa izan dute kontuan, eta dei horiek egiteko erabiltzaileek baliatu dituzten telefono dorreen kokapenak. Bai eta 46.000 ibilgailuren GPSek emandako datuak ere; hilabete bateko denbora tartean, eta Italia erdialdean (Pisa eta Florentzia artean). Beldurgarria dirudien arren, ikertzaileek argi adierazi dute datu anonimoak direla: informazioa eduki, badaukate, baina ez dakite erregistro bakoitza zer pertsona edo autori dagokion.

1. irudia: Giza mugikortasun ereduak laburbiltzen ditu irudi honek. Urdinez, abiapuntua Pisan duten bidaiak; gorriz, Florentzian hasitakoak. (Argazkia: Pisako Unibertsitatea)
1. irudia: Giza mugikortasun ereduak laburbiltzen ditu irudi honek. Urdinez, abiapuntua Pisan duten bidaiak; gorriz, Florentzian hasitakoak. (Argazkia: Pisako Unibertsitatea)

Datu horiek guztiak nahikoa izan dira, mugikortasun ohituren arabera, gizartea aipaturiko bi multzoetan sailkatzeko. Joan-etorri finkoetan dabiltzanek oso mugimendu errepikakorrak egiten dituzte, eta toki zehatz eta bakan batzuen artean, beti. Esploratzaileen ohiturei erreparatzen zaienean, aldiz, egiten dituzten ibilbide guztien artean, portzentaje txiki bat baino ez dute betetzen errutinazkoak eta errepikakorrak direnek. Bigarren talde honetako kideak gehiago ibiltzen dira noraezean, eta askoz ere toki anitzagoetara joaten dira.

Datuek erakusten dutenez, joan-etorri bertsuetan dabiltzanek beti jokatzen dutela horrela; ez da unean uneko egoeraren kontua, izaera kontua baizik. Beste hainbeste gertatzen da esploratzaileekin ere: lanerako edo zereginetarako errutina batzuk edukita ere, bestelako eta askotariko helmugak nagusitzen dira haien erregistroetan.

Baina ez hori bakarrik. Talde bateko zein besteko kideek bere multzoko jendearekin dute harremana, beste multzokoekin baino gehiago. Hala azaldu du Dino Pedreschi Pisako Unibertsitateko kideak eta artikuluaren egileetako batek: “Gizarte homofilia dagoela antzematen da bi kasuetan. Telefono sareari begiratuta ikusten da, adibidez, esploratzaileek beste esploratzaile batzuekin komunikatzeko joera dutela, eta ez hainbeste joan-etorri finkoetan dabiltzanekin”.

2. irudia: Besteak beste, autoetako GPSetatik lortutako big data baliatu dute ikerketa honetan. (Argazkia: Eric Streb / CC BY-SA 3.0)
2. irudia: Besteak beste, autoetako GPSetatik lortutako big data baliatu dute ikerketa honetan.
(Argazkia: Eric Streb / CC BY-SA 3.0)

Gainera, bi talde hauen bereizketa oso kontuan hartu behar da gaitz kutsakorren hedapenari buruz ari garenean ere. Artikuluan azaltzen denez, batzuek eta besteek mugikortasun eredu oso desberdinak dituztenez, epidemia baten zabalkunderako duten ahalmenak eta horretan jokatzen duten rolak ere ez dute zerikusirik.

Ikertzaile hauek garatu duten eredua berritzailea da oso, orain arte inoiz ez baita, mugikortasunetik abiatuta, gizartea bi talde horietan bereizteko moduko formulaziorik egin. Lan honek aurrera pausoa dakar giza mugikortasunari buruzko eredu egokiak lortze aldera, eta iragarpen zehatzak eta fidagarriak eraikitzeko bidea ere urratu dute. Hala adierazi du Fosca Giannottik, artikuluaren beste egileetako batek: “Ikerketa honek erakutsi du big data tresna sendoa dela giza portaerak ulertzeko. Eta urrats garrantzitsua, oinarrizko zenbait testuingurutan simulazio errealistak lortzeko; energiaren kontsumoan, kutsaduran eta hiri plangintzan, kasu”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Returners and explorers dichotomy in human mobility. Luca Pappalardo et al. Nature Communications 6. Article number: 8166. Published: 08 September 2015. doi:10.1038/ncomms9166


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.