Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Biologia eta fisiologia
Metabolismoaren kontzeptua eta bere historia gerturatu dizkigu artikulu honen bitartez César Tomé Lópezek. Hasieran, mediku hipokratikoek “egosketa” deitu zioten prozesu horri. Santorio Santoriorekin (Veneziako medikua) etorri zen aldaketa XVII.mendearen hasieran, Galileoren printzipio mekanikoak sartu zituen fisiologiaren ikerketan: baskula handi batean bere burua pisatu zuen bere janari eta iraizkinekin batera. Horrela, balio bat topatu zuen azalean eta biriketan zehartranspirazio hautemangaitzaren bidez galtzen zuen materiarentzat. XVII. eta XVIII. mendeetan, gorputzaren nutrizio-trukeak azido-alkali erreakzioekiko (hots, hartzidurekiko) analogia bidez azaltzen hasi ziren. XIX. mendera arte ez zen “metabolismo” kontzeptua asmatu. Theodor Schwannek erabili zuen lehen aldiz zelulek beren barruko molekuletan edo inguruko fluidoetan eragin dezaketen aldaketa kimiko bat inplikatzen duten fenomenoak aipatzeko. Irakurri artikulu osoa kontzeptuaren garapenaz jakiteko.
Ingurumena
Pangolinak ugaztun ezkatadunak dira, garai batean Asian eta Afrikan oso hedatuak zeudenak. 8 espezie daude munduan zehar eta orain desagertzeko zorian daude. Zergatik? Ezkutuko ehizaren eta kontrabandoaren kariaz. Pangolinak dira munduan kontrabando eta isileko ehiztarien presio altuena jasan behar duten ugaztunak Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen arabera. Azken 10 urteotan milioi bat pangolin hil dituztela kalkulatzen da. Bere gorputzeko atal guztiak omen dira preziatuak: haragia, larrua eta ezkatak. Haragiari dagokionez, oso gozoa ei da, eta bizi iraupenerako ohiko jakia da Afrikako hainbat ingurunetan, adibidez. Zein animalia politak diren. Eta zein tristea den albistea.
Farmakologia
UPV/EHUko NanoBioCel taldeko ikertzaileek zelula amak botika modura erabiltzeko sistema bat garatu dute. Zelula amak tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun kronikoak tratatzeko baliagarri izango direla uste dute arduradunek. Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek azaltzen digunez, D1 motako zelula ama mesenkimalak erabili dituzte, genetikoki eraldatuta zeudenak, eritropoietina (EPO) jaria dezaketelako. Botika honen bidez, globulu gorrien sorrera estimulatzea dute helburu. Zelula amen iraupena hobetzea izango dute xede ikerketa honetan. Honi buruzko xehetasunak Elhuyar aldizkarian dituzue.
Ingeniaritza
Autoetako nabigatzaileek erabiltzen dituzten satelite berberak baliatuta, itsasoaren maila neurtu daitekeela egiaztatu dute ikertzaile batzuek. Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu nola funtzionatzen duen: zuzenean igorletik hartzailera doan seinale baten datuak bildu beharrean seinaleak itsas azalera bidaltzen duen islaren informazioa biltzen du hargailu espezifiko batek eta islapen horri esker, itsas mailaren eta haren gorabeheren berri izan dezakegu. Teknika honen bitartez, ozeanoetako korronteak ere neur daitezke. Abantailei dagokienez, azpimarratzekoa da autoetako nabigatzaile informazioa ematen dieten satelite berberak erabiltzen direla. Hori bai, lehen aipatu moduan, informazio hori biltzeko hargailu espezifikoak behar dira baina ez dute energia askorik xahutzen. Informazioa osorik Zientzia Kaieran duzue.
Arkeologia
Jacques Blot arkeologoa eta mediku ohia elkarrizketatu dute Berrian. Euskal Herriko prehistoria gustuko zuen eta hona iristean, monumentu protohistorikoen azterketa egiten hasi zen. Barandiaranen liburua – El hombre pimitivo en el País Vasco– hartuta, mendira joaten zen liburuan bertan deskribatzen ziren monumentuak ikustera. Batzuetan, Barandiaranek zehazten ez zituenak ere topatu zituen eta horien berri ematen hasi zen. Egindako aurkikuntzak anitzak izan dira. 2013. urtean, esaterako, 233 trikuharri, 367 tumulu-harrespil, 403 harrespil, 108 monolito eta 1.060 bizileku ziren muinoak aurkitu zituen. Eta monumentu horiek guztiak bere historia dute atzean. Blotek azaltzen du: “Monolitoak iruinarri edo menhirrak dira. Hemen, artzainen mugarriak ziren. Auzoen arteko hitzarmenetarako erabiltzen zituzten, iturri edo bazkaleku partekatzeentzat”. Trikuharrien eta harrespilen arteko desberdintasunaz mintzatu da ere arkeologoa: “Trikuharria ikusia izan zedin egiten zuten. Harrespila eraiki berririk biziki ederra zen, baina gero lurrez estaltzen zuten monumentu nagusia gordetzeko”.
Sonia Guerriniri egin dio elkarrizketa Juanma Gallego kazetariak Berrian. Egipton aurkitu zuen iaz XXI. dinastiako sarkofago bat, barruan apaiz-eskriba baten momia bat zuena. Amen-Hotep Huy proiektuaren indusketa kanpainan izena eman zuen eta aukeraketa baten ondotik (2.000 pertsona aurkeztu ziren eta 12 hartu zituzten) Egiptora joan zen hilabete eta erdiz. Txikitatik izan zuen amets hori bete egin zuen Guerrinik: “Lurrean zulo bat azaldu zen, eta, gero, harri zabal bat. Gerora, sei lauza agertu ziren, baina ordurako argi genuen hor hilobi bat zegoela. Izugarrizko unea izan zen”.
Kimika
Josu Lopez-Gazpio kimikariak artikulu interesgarri honetan alkohola edaten dugunean gertatzen den prozesua azaltzen digu. Ahotik sartu bezain laster, urdaileraino egiten du bidea zuzenean. Minutu batzuk igarota, hesteetan gelditzen da eta hortik odolera doa. Edan eta 30-45 minututara izaten da odol-kontzentrazio maximoa odolean kimikariaren esanetan. Etanola gorputzeko organo guztietara zabaltzen da eta azkar gainera. Eragin handiena garunean eta gibelean gertatzen da. Etanolak garunean neurotransmisoreen lana oztopatzen du (hortik datoz mozkorraren sintoma batzuk). Lopez-Gazpioren hitzetan, ezin dugun zuzenean gorputzetik kanporatu etanola (edandakoaren %2-10 bakarrik kanporatzen da metabolizatu gabe), hortaz, kanporagarriak diren molekuletan bihurtu behar da. Lan horren zatirik handiena gibelak egiten du alkohol deshidrogenasa deritzon entzimari esker. Zenbat irauten du prozesu horrek? Gutxi gorabehera orduko 0,15 g/L-tan murrizten da odoleko etanol kontzentrazioa.
Medikuntza eta osasuna
Ebolari aurre egiteko antigorputz eraginkorrak aurkitu dituzte. Nazioarteko ikertzaile talde batek 1995eko Kikwiteko (Zaire) izurritik bizirik ateratako pertsona baten laginetik isolatu dituzte antigorputzak. Egoitz Etxebestek azaltzen digu tximinoetan egin dituztela probak eta oso emaitza onak lortu dituztela. Gainera, 1995eko izurritik bizirik ateratako pertsona horren lagina, 11 urte beranduago hartu zen. Beraz, ondorioztatu dute antigorputz horiek 10 urte baino gehiago iraun dezaketela gorputzean. Horretaz gain, ikertzaileek ikusi dute lagin horretatik ateratako hiru antigorputz gaur egun gizakietan probatzen ari diren Zmapp izeneko antigorputz-konbinazioa baino %25 eraginkorragoak direla.
Osasun arloari jarraiki, Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko ikertzaileak zika birusa dela eta, tigre eltxoari (Aedes albopictus) begira daude eta eltxo mota horiek kontrolatzeko neurriak hartzen ari da: “Zikaren bektore nagusia Aedes aegypti da, baina egon dira tigre eltxoak eragindako agerraldiak. Etxeen inguruetan izaten da sarriago aegypti, eta pertsonei zizta egitera jotzen du usuago; tigre eltxoek, berriz, pertsonak eta animaliak ziztatu ohi dituzte”.
Aipatzekoa da ere Medikuntza arloan sortu duten softwarea. Medikuen lana errazteko asmoz, IOMED enpresak sortu du erreminta hori. Kontsultetan arreta hobea eskaintzea du helburu. Gabriel Maeztu da tresna horren atzean dagoen sortzaileetako bat eta hari egin diote elkarrizketa Tolsaldeko Atarian. Kontsultan bilatzen eta idazten galtzen den denbora murriztu behar dela dio, gaixoari arreta gehiago jarriz. Horretarako sortu dute Softwarea: “Gu medikuei historia klinikoak egiten lagunduko dion softwarea garatzen ari gara. Badaude pazientearen informazioa gordetzeko programa ezberdinak, baina gure helburua medikuari lana erraztea da, informazioa era azkar eta egokian gordetzeko. Eta, horri esker, analisi eta bilaketa garatu bat egiteko aukera izango du”.
Kutsadura
Azibar Rodriguez UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileak kutsadura metalikoa nora heltzen den aztertu du. Zehazki munduko bost estuariotako uretan, sedimentuetan eta izaki bizidunetan zenbaterainokoa den kutsadura izan du aztergai. Atmosferako kutsadura metalikoaren efektuak aztertzeko, Pirinioetako landarediak duen kutsadura metalikoa eta 2.000 m-tik gora dauden 18 aintziratako sedimentuak analizatu ditu. Atmosferaren kutsadura metalikoari dagokionez, Irati oihaneko pago-hostoak, likenak eta goroldioak analizatu dituzte, adibidez. Pirinioetako atmosferako kutsadura metalikoaren banaketa geografikoa aztertzeko asmoz, frogatu dute mendebaldetik datorren haizearen bidez distantzia luzeetan garraiatzen direla jatorri antropogenikoko elementu metalikoak, inguruetako industrien jardueraren (hala nola altzairugintzaren) eta trafikoaren ondorioz sortuak.
Genetika
Encyclopedia Of DNA Elements (ENCODE) egitasmoa bultzatu du National Human Genome Research Institute izenekoak (NHGRI). Hasierako proiektu pilotuak genomaren 44 eremu (30 milioi base, edo genomaren %1) sakon aztertzea zuten helburu. Proiektu erraldoi honek egiaztatu du genoma osoko sekuentzien %76 transkribatzen direla, gutxienez 8.800 RNA molekula txiki eta 9.600 RNA luze ez kodetzaile ekoizteko. Horretaz gain, DNAren nukleotidoen eta transkripzio-faktoreen moduko proteinen arteko elkarrekintzak ere aztertu dira. Osatzen ari den entziklopediak gene eta genomari buruzko ideia berriak dakartza eta hauek oso baliagarriak izango dira adibidez Biologia hobeto ulertzeko eta hainbat gaixotasun genetikoren patofisiologia argitzeko. ENCODE egitasmoak publikatu duen informazioa publikoa da beraz ikusgai eta aztergai zango duzue nahi izanez gero. Zientzia Kaieran topatuko dituzue xehetasun guztiak.
Adimen artifiziala
Adimen artifizialari buruz hainbat ideia eta kontzeptu bildu ditu Berriako artikulu honek. Azken hilabeteotan eman den ohartarazpena izan du oinarri: Ordenagailuak gizakiak baino adimentsuago bihurtuko dira, eta mendean hartuko dituzte, edo, zuzenean, deuseztatuko dituzte. Ildo horretatik, Basilio Sierra EHU Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Saileko katedradun eta robotika eta sistema adimenduen taldeko buruak dio adimen artifizialari loturiko gauzak teknologia bihurtzen direla askotan eta ez garela horretaz ohartzen. Horrekin batera, singularitate teknologikoa kontzeptua azaldu digute: gertaera hipotetiko bat da non makina edo sistema batek bere burua etengabe hobetuko lukeen, eta, gizakiak baino argiago bihurtuta, haiek kontrola galduko luketen. Oxfordeko Future of Humanity Instituten kalkulatu dutenez, litekeena da 2075 eta 2090 artean gizakiak bezain adimentsuak izango diren makinak egotea, hau da, singularitatea gertatzea. Irakurri artikulu osoa, ez zarete damutuko!
Mikrobiologia
Antibiotikoei buruz hitz egin digu Ramón San Juan biokimikariak. Horiek hartzerakoan, zentzuz jokatzeko aholkatzen digute. Adibidez, norberak egiten duen autotratamenduari uko egin behar diogu, ez baitakigu zein patogeno daukagun gaixo gaudenean. Halaber, horiek hartzen baditugu kontuz ibili behar gara antibiotikoek albo-ondorioak dituztelako. Gure gorputzean bizi diren bakterioak (hesteko mikrobiota kasu) kaltetzen ahal ditugu horrekin, adibidez. Horretaz gain, baliteke norbaiti ondo egitea tratamendu antibiotiko jakin batek baina horrek ez du zertan aproposa izan behar beste batzuentzat. Medikuak erabaki beharko du zein tratamendu jarri eta zenbat egunetarako hartu antibiotiko hori. Eta haritik tiraka, bakterioen ahuleziak eta “giharrak” aurkezten dizkigu San Juanek. Ba al dakizue bakterioek entrenamendua egiten dutela sasoian egoteko? Eta, sasoi betean daudenean antibiotikoek gero eta kalte gutxiago egiten diete, erresistentziak garatzen dituztelako. Artikulu bion haritik tiratzeko eta hainbat gauza jakingarri ezagutzeko, jo ezazue Jakin-Mina Zientziarekiko Grina blogera.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.