Mary Wortley Montagu (1689-1762): Baztangaren kontrako metodoaren aldarria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Egiptoko XX. dinastiako laugarren faraoia izan zen Ramses V.a, eta jakin badakigu baztanga deituriko gaitz infekziosoak eragin zuela bere heriotza. Gaixotasun horren erakusle dira KV35 hilobiko bere momiak agerian uzten dituen orbanak, aurpegian eragin zizkion marka itsusi eta beldurgarriak. Bada, hori ez zen eritasun jakin horrek zekarren ondorio bakarra. Bizirik ateratzen zirenen artean, itsumena eta adimen-atzera ere eragiten zituen, adibidez. Gaixotasun epidemiko horrek beldurtu zuen mundua epe luze batez.

Heriotzaren arrastoa gelditu zitzaion aurpegian Ramses V.ari, baina ez zen baztangaren hira pairatu zuen biktima bakarra izan. Lady Mary Wortley Montagu, Ingalaterrako emakume aristokratak sufritu zuen ere gaitz hori, baina onik atera zen (aipaturiko faraoiari gertatu moduan, estigma ugariz markatuta gelditu zen bere aurpegia ere). Bere nebak, aldiz, ez zuen zorte hori izan. Baztangaren tragediaz markatuta eta Istanbulen zegoela -bere senarra Britania Handiko enbaxadorea zen bertan- ohartu zen inokulazioaren metodoa erabiltzen zutela gaixotasuna errotik kentzeko. Mary harriturik gelditu zen eta Ingalaterrara bueltatu zenean, prebentzio-prozedura hori aurkeztu zuen. Zientziaren arloan oinarrizko ezagutzarik gabe, baztangaren kontrako inokulazioaren metodoa Europara ekarri zuena izan zen.

Irudia: Lady Mary Wortley Montagu. Sir Godfrey Kneller egindako erretratua 1715-1720 artean. (Argazkia: Wikipedia - Public domain) undefined
1. irudia: Lady Mary Wortley Montagu. Sir Godfrey Kneller-ek egindako erretratua 1715-1720 artean. (Argazkia: Wikipedia – Jabari publikoa)

Heresia islamiarra

XVIII. mendean, Europaren egoera oso larria zen. Zehazki, Ingalaterran, baztanga hondamena izan zen. Gaixotasun epidemikoaren ondorioz, hildakoen kopurua gero eta handiago zen: “1719an baztangak 3.229 londrestar hil zituen eta epidemia ez zen eten, hurrengo urtean 1.440 hildako eragin zituen eta 1721.urtean, 2.375” (Carreras Panchón, 1991).

Esan bezala, 1716an Mary Wortley Montagu Istanbulera joan zen bere senarrarekin eta bertan konturatu zen Otomandar Inperioan inokulazioaren metodoa erabiltzen zutela gaixotasun horri aurre egiteko. Praktika horrek abantaila asko aurkezten zituela ohartu zen eta horregatik, enbaxadako medikuari, Charles Maitlandi, eskatu zion bere bost urteko semeari inokulazioaren praktika egiteko. Emaitza hobeezinak lortu zituzten: baztangari aurre egin eta azkar sendatu baitzen. Immunizazio horrek abantaila ugari zituela sinesten zuen Maryk eta Ingalaterrara bueltatu zenean bere lau urteko alabarekin prozesu berdina jarraitu zuen ingeles gorteko medikuen aurrean. Mary oso kezkatuta zegoen, une horretan gaixotasun birikoa indar handia hartzen ari baitzen. Ingalaterrara bueltatu zenetik, metodo hori lau haizetara zabaldu zuen.

Maryren azalpenek erabat txunditu zuten entzuleria. 1721ean, Ingalaterrako Errege familiak inokulazioaren metodoaz jakin zuenean, baimena eman zuen metodo horren inguruko ikerketa esperimentala gauzatzeko. Honetan, Newgateko preso batzuekin frogatu zuten inokulazioa baina ez hutsaren truk. Baiezkoa eman zuten euren askatasunaren truke. Ikerketak aditzera eman zuen, inokulazioari esker, aurre egin ziotela presoek baztangari eta beraz, libre utzi zituzten. 1722an, berriz ere saiatu ziren Saint Jameseko umezurztegian inokulazioaren metodoa aplikatzen. Eta berriz ere praktika arrakastatsua izan zen. Hori ikusita, Maitland doktoreak bere seme-alabeekin proba egin zuen eta horren ondotik, Gales printzesaren bi alabekin errepikatu zuen metodoa. Europako gorteetan ospea hartzen ari zen hura. Baztangaren kontrako sendabide baten zurrumurrua azkar iritsi zen beste dinastietara, Errusiako Catalina II.a eta Austriako Maria Teresa enperatriza dira kasu. Alemania, Suitza, Holanda, Suedia bezalako herrialdeak metodoa ezartzen hasi ziren. Frantzian eta Espainian, berriz, zailtasunak izan zituzten hori onartzeko. Mediku batzuek eta elizak, bereziki, metodo horren kontra egin zuten esanez praktika hori heresia islamiarra zela, ez zeukala fundamentu zientifikorik eta ez zutela euren herrietan hori aplikatuko.

2. irudia: Europako gorteetan ospea hartzen ari zen hura. Baztangaren kontrako sendabide baten zurrumurrua azkar iritsi zen beste dinastietara,
2. irudia: Baztangaren kontrako sendabide baten zurrumurrua azkar iritsi zen Europako gorteetara eta hainbatetan aurrera eraman zuten Mary Wortley Montagu aristokratak ekarritako teknika.

Prebentziozko-prozedurek markatu zuten XVIII. mendeko gaixotasun epidemikoen ibilbidea. Horietako bat, irakurri dugun moduan, inokulazioarena izan zen (gerora Edward Jenner doktoreak sortuko du baztangaren aurkako txertoa). Gogora dezagun, Maryk baztangaren sendabidea Ingalaterrara ekarri aurretik, Txinan eta Indian jada erabiltzen zela. Bada, zertan zetzan teknika hura? Azalean ebakidura bat egiten zen eta bertan, erien pustuletatik ateratzen zen serositatea sartu eta ondoren, ebakidura ixten zen. Praktika hori modu intuitiboan egiten zen. Hau da, gaixoengandik jasotako birusak hartzen ziren, baina lehen begi kolpean latzenak ez ziruditenak aukeratzen zituzten.

XVIII. mendean egin ziren lehenengo inokulazio saiakera masiboak gaixotasun beldurgarri hori eteteko asmoz. Maryri esker iritsi zen sendabidea Mendebaldeko herrietara. Inokulazioaren metodoaren berri “Cartas desde Estambul” liburuan aurki dezakegu. Gutun multzo batek osatzen du eleberria eta horietan, bisitatzen dituen herrialdeak aipatzeaz gain, baztangari buruz ere idazten du. 1763an, bera hil ondoren, publikatu ziren bere gutunak:

“No hay ejemplo de nadie que se haya muerto por ello, y puede creerme que estoy convencida de la seguridad del experimento, tanto que pienso probarlo con mi hijito. Soy lo bastante patriota como para tomarme la molestia de llevar esta útil invención a Inglaterra y tratar de imponerla y no dejaría de escribirles a algunos de nuestros médicos recomendándoles el método si supiera que alguno de ellos será lo bastante virtuoso como para destruir una porción tan considerable de sus ingresos por el bien de la humanidad.” (“Cartas desde Estambul”. XXXII gutunaren zati bat).

1796an, Edward Jenner doktoreak ezagutu zituen Maryk egindako lanak eta emandako aurrerapausoak. Horiek behatu eta bertan islatzen ziren neurriak hobetu zituen. Berak eraman zuen ospea, berari esleitu baitzitzaion baztangaren aurkako txertoaren aurkikuntza. Guztiek ahaztu zuten Maryk aurretik egin zuen lana. Argi dago, gaitz horren kontrako txertoaren aurkikuntza lortzeko Maryren lana ezinbestekoa izan zela, eman zituen urratsak beharrezkoak izan baitziren gerora txertoaren metodoa lortzeko. Inokulaziorena ez zuen berak sortu baina Antzinako Ekialdean praktikatzen zutena Ingalaterran gizarteratu zuen eta bizitza asko salbatu zituen horrela. Lan hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan.

Aristokrata desobedienteari buruz

Mary Pierrepoint Londresen jaio zen 1689an, Covent Garden izeneko auzo dotorean. Bere aitak Evelyn Pierrepoint zuen izena eta Kingstoneko kondea zen. Bere ama, Mary Fielding, konde baten alaba zen. Lau anai-arrebetatik zaharrena izan zen Mary. Lau urte zituela, bere ama hil zen. Horren kariaz, bere amonaren etxera (aitaren ama) joan ziren bizitzera, West Deaneko etxe polit batera. Urte horiek ez ziren alaienak izan Maryrentzat. Bere amona eta bere izeba oso hertsiak ziren eta etxera etortzen zen irakasle frantsesa ere oso zorrotza zen berarekin. Arauen eta inposizioen artean hezi zen Mary. Dinamika hori 1699an aldatu egin zen, baina, Nottinghamera bizitzera joan zirenean, Thoresby Hall izeneko luxuzko etxe batera, hain zuzen. Bertan pozik bizi zen liburutegi handi batean igarotzen zituelako orduak. Mary autodidakta izan zen; bere aldetik ikasi zituen latina eta frantsesa, eta horretaz gain, Ovidio edo Molière bezalako idazleen obrak irakurtzen hasi zen. 1703an poesia, saiakera eta satira idazten hasi zen.

1712an, Edward Wortley Montagu politikariarekin ezkondu zen Londresen. Sekretuan egin zuen, bere aitak ez zuelako lotura hori onartzen. Izan ere, Wortley Montaguk noblezia-titulu asko zituen baina ez zeukan ondasun ekonomikorik eta beraz, ez zuen aukerarik familia diruz laguntzeko. Aitaren ezezko borobilaren aurrean, Maryk etxetik ihes egin zuen. Bere ihesaldia oso anekdotikoa izan zen: etxeko terrazatik salto egin eta zalgurdi batean ihesi joan zen. Jokabide horren kariaz, jarauntsirik gabe utzi zuten. 1716.urtean, Istanbulera joan zen, bere senarra Britania Handiko enbaxadore izendatu baitzuten bertan. Abentura zoragarria izan zen Maryrentzat, idatzitako eleberri epistolarrean irakur dezakegu bere lilura Arabiako herrialdeen, parajeen eta bertako pertsonen aurrean.

Bibliografia


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] ostean esneketariek ez zutela baztangarik izaten aspaldi zuen entzuna eta ondorioztatu zuen behien baztangak (variolae vaccinae izena eman zion, eta hortik datoz vaccine eta vacuna hitzak) baztangatik […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.