Behietatik mundura

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ume diren txertoak edo txerto diren umeak, nazioarteko espedizioa, emakume aristokrata bat zientziari aurre hartzen eta zaldiek kutsatutako behiak dira protagonistetako batzuk baztangaren historian.

behiak
1. irudia: Txertoak eta behiak betirako lotuta geratu dira XVIII. mendetik. (Argazkia: Wilfredor – CC BY 1.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

1803. urtean 22 ume A Coruñako portutik atera ziren María Pita itsasontzian. Haien gorputzetan munduko historia aldatuko zuen substantzia zeramaten: baztangaren aurkako txertoa. Historiako lehen txertoa. Desagerrarazitako lehen gaixotasunaren aurkako txertoa.

Edward Jennerek aurkitu zuen baztangaren aurkako txertoa 1796an. Baina gaixotasunaren aurkako borroka eta txertoari bidea ireki zion praktika milaka urte lehenago hasi zen.

Zaharra zara Variola

Variola virusak sortzen du baztanga eta gizakiei esklusiboki eragiten dien patogenoa da. Milaka urtez gizakiarekin izan da baztanga, Egiptoko faraoien momietan ere ikusgarriak dira gaixotasunaren markak; Ramses V.aren momian, esaterako.

behiak
2. irudia: Baztangaren birusa. (Argazkia: PhD Dre).

Jatorria K.a. 10.000 urte inguruan kokatzen dute ikertzaileek, Afrikako lehen nekazarien kokalekuetan. Gaixotasunaren aurkako borroka ere zaharra da.

Aspaldi jakin zen gaixotasuna pasatzen zutenek immunitatea lortzen zutela eta, honetan oinarrituta, bariolizazioa sortu zen. Bariolizazioa/inokulazioa da gaixotasunari aurre egiteko dokumentatutako metodorik zaharrena: gaixo baten pustula heldu batetik lantzeta batekin substantzia hartu eta immunizatu gabeko pertsona bati inokulatzean datza.

Metodoa ez zen beti arrakastatsua, batzuetan pertsona hil egiten zen, bai baztanga dela eta bai bestelako infekzioengatik. Ikerketen arabera, Txinan, Indian eta Afrikan aspaldi egiten zen bariolizazioa eta XVII. mendean Otomandar Inperiora heldu zen praktika. Momentu hau inflexio puntua izan zen baztangaren aurkako txertoaren garapenerako.

Izan ere, bertan ezagutu zuen metodoa Ingalaterrara, eta geroago Europara, zabalduko zuen aristokratak: Lady Montaguk.

Senarra Estanbulen enbaxadore izendatu eta hara bidaiatzean izan zuen Lady Mary Wortley Montaguek bariolizazioaren berri. Bere umeekin praktikatu ez ezik, praktika Ingalaterrara eramateko ahaleginak egin zituen XVII. Mende hasieran. Hala ere, garaiko zientzialariek ez zuten konfiantzarik metodoan. Eta bariolizazioa zabaldu bazen ere, ez zuen arrakasta izan.

Bariolizaziotik txertora

XVII. mende amaieran Edward Jenner medikua baztangaren inguruan hausnartzen ibili zen. Behien baztanga (cowpox), pairatu ostean esneketariek ez zutela baztangarik izaten aspaldi zuen entzuna eta ondorioztatu zuen behien baztangak (variolae vaccinae izena eman zion, eta hortik datoz vaccine eta vacuna hitzak) baztangatik babesten zuela. Ez hori bakarrik, babes metodo gisa pertsona batetik bestera pasa zitekeeneko hipotesia garatu zuen.

behiak
3. irudia: Baztangaren pustulen eboluzioaren ilustrazioak. Francisco Javier Balmisek itzulitako “Tratado histórico y práctico de la vacuna”.(Argazkia: Wellcome Library).

Eta bere hipotesia frogatzeko Sarah Nelms izeneko esneketariaren behi baztangaren zauri freskoetatik hartutako materia 8 urteko James Phipps umeari inokulatu zion 1796ko maiatzaren 14an. Sintoma arinekin gaixo egon zen umea hamar egun inguru, baina osatu egin zen. 1796ko uztailean umea baztangarekin inokulatu zuen. Ez zuen gaixotasunik garatu.

Aurkikuntza dokumentatzeko kasu gehiagorekin egin zituen ikerketak Jennerek, baina ez zuen behi-baztanga kasurik eskura. 1798ra arte. Behor batek zaldi baztanga garatu eta, jarraian, abeletxe horretako behiek izan zuten arte[1].

Esperimentuak egin eta An Inquiry into the Causes and Effects of the Variolae Vaccinae, a disease discovered in some of the western counties of England, particularly Gloucestershire and Known by the Name of Cow Pox liburuxka argitaratu zuen.

Akatsak eta polemikak izan ziren, baina 1800 urterako Britainia Handian zehar eta baita Europako herri gehienetan ere zabalduta zegoen txertoaren erabilera.

Europatik mundura

Alacanteko Francisco Javier Balmis doktore eta zirujauak Jenneren txertoaren jakitun izan zenean Carlos IV.a erregearen babesa eta diru laguntza lortu zituen Espainiar Inperioan txertaketa egiteko, nahiz eta txertoaren aurkako jarrerak egon, baita medikuen artean ere. Agian erregearen alabak baztangak jota hil zelako 1794an. Edozein dela arrazoia, erregearen babesa lortu zuen inperioko umeak txertatzeko.

Hartara, baztangaren aurkako txertoa Amerikara eta Filipinetara eramango zuen espedizioa prestatzen hasi zen Balmis. Espainiako itsasoaz haragoko lurraldeetara txertoa eramateko jarri zen abian “Txertoaren Errege Espedizio Filantropikoa” Balmis espedizioa izenez ere ezaguna.

Arazo bat zegoen, baina: garai hartan txertoaren seruma kontserbatzeko mediorik ez zegoen eta Amerikaraino eta Filipinetaraino bidaiak luzeegiak ziren txertoa egoera onean iristeko.

Balmisek berak proposatu zuen irtenbidea: in vivo giza garraioa. Txertatuta ez zegoen jende taldea baliatuko zuen txertoa batetik bestera pasatzeko portura iritsi arte. Pertsonak izango ziren txertoa, giza katea osatuz batetik bestera pasatuta.

Hartara, hiru eta bederatzi urte bitarteko 22 umezurtz aukeratu zituen Balmisek. Umeak binaka inokulatzen zituzten behi baztangarekin eta gainerako umeengandik aldendu. Hamar egun pasata, agertutako garauetako likidoa hartu eta hurrengo bi umeak inokulatzen zituzten.

A Coruñatik atera eta Kanariar Uharteetara joan zen lehenengo eta behin 37 pertsonak osatutako espedizioa, haien artean 22 ume, Isabel Zendal umeen zaintzailea eta Francisco Javier Balmis medikua. Handik Puerto Ricora joan ziren, 1804an heldu zirelarik. Behin Amerikan ume gehiago bildu zituzten txerto-giza-katearekin jarraitu ahal izateko.

4. irudia: Balmis espedizioak egindako ibilbidea. (Argazkia: Ecelan-en iruditik eraldatua).

Baztangarik gabeko munduan jaio eta bizitakoentzat zaila izan daiteke gaixotasuna eta bere ondorioak dimentsionatzea. Antzina-antzinatik dago gizakien artean eta XX. mendean bakarrik 50 milioi hildako baino gehiago eragin zituen. Gaixotasuna pasa eta bizirik irauten zutenek marka izugarriak izaten zituzten, aurpegi eta besoetan, bereziki.

Covid-19ren aurkako txertoarekin gora eta behera gabiltzan honetan, txertoen aurkako mugimenduak dauden honetan, ez dago gaizki gogoratzea 1796ra arte txertoak ez zirela existitu ere egiten. Eta lehenengo txertoa asmatu eta zazpi urtera munduan zabaltzeko ahalegina egin zela.

Oharrak:

[1] Egun, ez dago argi txertoa behi baztangatik ala zaldi baztangatik garatu zen, zenbait ikerketen arabera, txertoetako espeziea, vaccinia, eta behi baztangarena ezberdinak dira. Are gehiago, sekuentziazio genetikoak erakutsi du vacciniak eta zaldi baztangak %99.7an berdinak direla eta behi baztanga ahaide hurbila. Jennerek berak ere zalantzak izan zituen.

*Eta norbaitek jakin-mina balu: A Coruñatik abiatutako 22 umeetatik bat ere ez zen itzuli penintsulara: bat bidaian zehar hil zen eta gainerako 21ak hospizioan sartu eta adoptatuak izan ziren Mexikon, Susana Ramírezen arabera. Beste iturrien arabera, ezin da ziur jakin zer gertatu zen haiekin.

Bibliografia:

Abbas m., Behbehani (1983). The Smallpox Story: Life and Death of an Old Disease. Microbiological Reviews, 47(4), 455-509.

Balaguer, E., Ballester, R. (2003). En el nombre de los Niños. Real Expedición Filantrópica de la Vacuna 1803-1806. Madrid, España, Asociación Española de Pediatría.

Riedel, S. (2005). Edward Jenner and the history of smallpox and vaccination. Baylor University Medical Center Proceedings, 18(1), 21-25. DOI:10.1080/08998280.2005.11928028

Plotkin, Stanley A. (2011). History of vaccine development. New York, USA, Springer.

Brinkmann, A., Souza, A.R.V., Esparza, J. et al. (2020). Re-assembly of nineteenth-century smallpox vaccine genomes reveals the contemporaneous use of horsepox and horsepox-related viruses in the USA. Genome Biology, 21, 286. DOI: https://doi.org/10.1186/s13059-020-02202-0


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.