Euskaldunak eta euskarazko hedabideen kontsumoa

Gorka Salces ikertzaileak “Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa” tesia defenditu du berriki UPV/EHUn. Euskaldunen hizkuntza-gaitasunak zein -erabilerak, hizkuntzarekiko motibazioak, aldagai soziodemografikoek, hizkuntzaren tokian tokiko egoerak, erabiltzaileen identitateak eta hedabideen eskaintzak euskarazko komunikabideen kontsumoan eragiten dutela ondorioztatu du ikertzaileak.
children-403582_1280

Irudia: Gorka Salces ikertzaileak, besteak beste, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoak azken hamarkadetan aldaketa sakonak bizi izan dituela kontuan hartuta, euskaldunek euskarazko hedabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak zein jarrerak aztertzea helburu izan du haren ikerlanean.

Euskarazko komunikabideek “erronka bikoitzari” aurre egin behar diotela azaltzen du ikerlanean Gorka Salcesek: “Alde batetik, mundu mailako krisia bizi dute komunikabideek, bat-batekotasunean oinarritutako ohitura komunikatiboak eta doako edukiak orokortzearen ondorioz. Bestetik, euskal hiztunen tipologia asko ugaritu da azken hamarkadetan, eta, hortaz, identifikatzen errazagoa zen publiko potentzialarentzako produktuak sortzetik ezaugarri jakin batzuei lotzen zailagoa den komunitate bati zuzendutako produktuak ekoiztera igaro dira euskarazko hedabideak”.

Hala, euskaldunen iritziek, ohiturek eta jarrerek kontsumoan izan dezaketen eraginaz jabeturik, proiektuak “aldagai horien nolakotasuna eta jatorria identifikatzea” izan du xede, etorkizunera begira sektoreak bere publiko potentziala hobeto ezagutu eta estrategia berriak jorra ahal ditzan.

Kontsumoaren aldetik, besteak beste, erdarazko komunikabideek Euskal Herriko panorama mediatikoa menderatzen dutela zehaztu du ikertzaileak. “Prentsaren esparrua, zehazki, monopolistikoa izatetik gertu dago. Hala, komenigarria litzateke galdetzea zeintzuk diren erdarazko prentsak monopolioa mantentzearen arrazoiak. Eta zer egin beharko lukeen administrazioak bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatzeko, baita komunikabideen arloan ere”.

Etorkizunean euskarazko hedabideen bilakaera nolakoa izango den tesiaren planteamenduetatik kanpo gelditzen den arren, ikertzaileak uste du gaur egungo euskarazko komunikabideen sektorea “jasangarria badela erakutsi duela (ahalegin handiaren eta soldata baxuen truke, maiz),” eta azken urteetako joera “proiektu berriak sortzekoa eta eduki- zein lurralde-hutsuneak betetzekoa izan dela. “Nire iritziz, hori da bidea, baina bitartekoak ere jarri behar dira gutxieneko garapen aukerak emateko hedabide berri horiei”, ohartarazi du.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>