Martina Casiano y Mayor (1881-19??): Maistrarik maistrena

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Itsaso usaina. Olatuen mugimendu zorabiagarria. Izua galtzaileen begiradetan; beste bandoan, harrokeria. Bizkaiko Matxitxako lurmuturra paraje ederra zatekeen, ondoren jazoko zen gertakaria odoltsua eta krudela izan ez balitz.

Hura Espainiako Gerra Zibil garaiko itsas-borroketako bat izan zen. Alde batetik, Baionatik abiatu zen ‘Galdames’ izeneko merkatal-ontzia zegoen, Bilbo helmuga zuena. Bizkaya, Gipuzkoa eta Nabarra izeneko bou armatuekin batera egin zuen bidaia. Azken hauetan gutunak, makineria eta nikelezko 500 tona txanpon eraman zituzten. Beste aldetik, Ferroletik zetorren ‘Canarias’ guda-ontzia zegoen –zortzi kanoi zituen–. Faxistek ikus ez zezaten, ‘Galdames’eko tripulazioak argiak itzali zituen. Isiltasuna gurtu nahian, irratiak ere itzali zituzten. Errepublikako ontziak kontu handiz zeharkatzen ari ziren itsasoa, zaratarik ez egitearren gauean oin-puntetan etxera sartzen dena bezalaxe. Alferrik. Laster, arerioen kanoi-hotsek asaldatu zuten une hartara arte oso gutxik sentitu zuten baretasuna.

‘Galdames’ek 173 bidaiari zituen guztira. Oro har, errefuxiatu eta politiko errepublikanoak ziren. Faxistak atera ziren garaile. Itsas-borroka irabazita, Pasaiara eraman zituzten galtzaileak. Tripulazioari eta bidaiariei kartzela-zigorra ezarri zieten (horietako asko fusilatu zituzten). Baina bidaiarien artean bazen emakume bat, kanoi-hotsek ere beldurtu zutena; eta urduri, izerditan, amesgaizto horretatik ihesi joatea lortu zuena: Martina Casiano y Mayor.

1. irudia: Bilboko Andereñoen Eskola Arrunteko irakasleak eta ikasleak 1915. urtean. (Argazkia: Somorrostro bloga)

Zertzelada batzuk Casianori buruz

Madrilen jaio zen 1881eko urtarrilaren 30ean. Hamalau urte zituenean, Eskola Arrunta Nagusian eman zuen izena. 1896-1897ko kurtsoa errepikatu behar izan zuen hainbat irakasgai gainditu ez zituelako; aritmetika eta geometria, besteak beste (horiek izango dira, ironikoki, aurrerago irakatsiko dituen gaiak, horietan espezializazioa lortuz). Egiten ari zen lanari etekina ateratzen hasi zen eta Oinarrizko Irakaskuntzan irakasle izateko titulua lortu zuen. Urtebete beranduago, Goi-mailako Irakaskuntzan aritzekoa erdietsi zuen. 1901ean Graduko errebalida egin zuen.

Ez zuen lanik aurkitu Madrilen. Horregatik, 1905ean Cuencara abiatu zen Horcajo de Santiagoko neskatxoen eskolara. Lehiaketa bitartez lortu zuen irakasle izateko lanpostua. Urte berean, Bilbora joan zen, lanak hara eraman zuen. Hiri berri horretan garatu zuen bere ibilbide guztia Bizkaiko Andereñoen Eskola Arruntean (1931ra arte). Bertan, aritmetikaz eta geometriaz gain, fisika eta kimika irakatsi zituen. 30 urtez izan zen irakasle. Bere ikasleak oso pozik zeuden klaseak emateko moduarekin. Asko eskertu zuten bere ardura. Halere, notak jartzerako orduan nahiko zorrotza zela zioten gehienek. Halaber, aipagarria da bere ezagutzeko gogoak ez zuela mugarik izan bere bizitzan zehar. Hala, Alemaniako Marburgen eta Leipzigen ikasteko nahia azaleratu zuen. Gerra Zibilaren amaieran, Casianori espedientea egin zioten eta Cadizera bidali zuten, nahitaezko lekualdaketa baten ondorioz.

Ateak zabaldu zizkion beka

Bost urte eman zituen Bilbon eta eguneroko ohikeriaz nazkatuta, Ikasketen Hedapenerako Batzordeak (JAE) urtero antolatzen zituen beka-deialdietara aurkeztu zen. Eskola Arruntean ematen zituen irakasgaien metodologia aldatzea zuen xede; ahantzi gabe, begien aurrean aurkezten zitzaizkion aukera guztiak hartzeko irrikaz zegoela. Casianok beka eskuratu zuen. Laguntza horretaz gain, aipatzekoa da, JAEk beste bat eskaini ziola aurretik kimikako nozioak barneratzeko. Jose Casares kimikariak (1865-1961) zuzentzen zuen mintegian egoteko aukera izan zuen Madrilen. Eta halaxe egin zuen, Azterketa Kimikorako Laborategiko teknikak azaltzen zituen irakasgaian murgildu zen. Edonola ere, aipagarriena da Casiano beka hori jaso zuen lehen emakumea izan zela.

2. irudia: Martina Casiano Mayorri buruzko panela.
2. irudia: UPV/EHUn “Zientzialaria naiz, nor naiz?” erakusketan Martina Casiano Mayorri buruzko aurkeztu zen panela. (Argazkia: ZTFNews bloga)

Alemaniara joateko egindako beka eskabide orrian (1912) honako adierazpenak egin zituen, zientziari eta hezkuntza-sistemari kritika eginez (egungo egoerarekin alderatuz gero, ez da desberdintasun askorik):

“Ez dugu laborategirik dirurik ez dagoelako, eta erantsi behar genuke dagoen apurra zertan erabili ere ez dakitela. Gurpil zoro horretatik ez dugu berehala ihes egingo: laborategirik gabe ez da zientzialarik egongo, eta zientzialaririk gabe ez da laborategirik egongo. Horixe da Batzordearen zeregin nagusietako bat: zientzialariak kanpotik ekartzea, Espainia egoera honetatik irteteko ahaleginak egitea, industriaren atzerapenaren jatorria baita”. (Magallón, 2006: 69).

Alemaniarako beka jaso ondoren, urtebetez pil-pilean zeuden pedagogia metodoez zipriztindu zen. Horretaz gain, Clemens Schaefer (1878-1968) (fisikaria), Arthur Hantzsch (1857-1935) (kimikaria) eta Norbert Wiener (1894-1964) (matematikaria) irakasleekin ikasteko aukera izan zuen ospe oneko Leipzigeko Unibertsitatean. Elektrokimika alorrean jardun zuen.

Lehen fisika tratatua

Alemaniako egonaldiak erakutsi zion Bilboko Eskola Arruntean abian jarritako ekimenekin gogoz jarraitu behar zuela. Hala, memoria bat idazten hasi zen (publikatu ez zuena), La enseñanza de las ciencias izenekoa. Hori, azken batean, gerora idatziko zuen Experimentos de física tratatua publikatzeko baliagarria egin zitzaion. 1915.urtean, Bilbon eman zuen argitara eskuliburu hori, Estatu osoan fisikari buruzko tratatu bat publikatzen lehena izanik. 1923an, Bilboko behatoki meteorologikoaz arduratu zen. Beste hainbat kargu zituen aipagarriak; adibidez, Eskola Arrunteko Idazkaria izan zen (1909-1915) eta lehiaketa jakin batzuetako epaimahaikide gisa aritu zen ere. Azterketa kimikoei buruz egin zituen ikerketengatik Fisika eta Kimikako Espainiar Elkarteko kide izendatu zuten baina horrekin ez zuen jendearen esker ona lortu.

los_experimentos_de_fc3adsica_m-_casiano
3. irudia: Experimentos de Física eskuliburuaren portada. (Argazkia: Wikipedia CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

XX. mendearen hasieran, kimika eta fisika arloek garapen handia izan zuten. Testuinguru horretan, gizartearentzat emakume zientzialariak itzal soilak ziren. Itzal mutuak. Enbarazu egiten zutenak; bidea oztopatzen duten harriak izango bailiran, ostiko batez aise urruntzen direnak, gainera. Martina Casiano irakaslearen ibilbidea zoritxarrez ez da eredu, ezta ezaguna ere, haren ekarria aurrera pausoak emateko beharrezkoa izan bazen ere.

Iturriak

  • Auñamendi Entziklopedia: Martina Casiano Mayor.
  • González Ibañez, Carlos; Santamaría García, Antonio: Física y química en la colina de los chopos. 75 años de investigación en el edificio Rockefeller del CSIC (1932-2007), CSIC, 2009, Madril.
  • Magallón Pórtoles, Carmen (2005): “Pioneras españolas en las ciencias experimentales”. 100coas@Uned, 8. alea, 127-135.
  • Magallón Pórtoles, Carmen (2004): “Científicas en las Sección de Rayos X del Rockefeller” in Francisco González de Posada et. al. (arg.) Actas del III Simposio “Ciencias y Técnica en España de 1898 a 1945: Cabrera, Cajal, Torres Quevedo (2001)”. Amigos de la Cultura Científica, Madril, 43-52.
  • Magallón Pórtoles, Carmen (1998): Pioneras españolas en las ciencias. Las mujeres del Instituto Nacional de Física y Química. CSIC, Madril.
  • ZTFNews bloga: Martina Casiano Mayor, primera mujer miembro de la Sociedad Española de Física y Química.

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.