Eurasia eta Indiako plakek talka egin zutenean, bion gainean zegoen lurrazalaren masaren erdia galdu egin zela kalkulatu dute Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azalpen posible bakarra aurkitu diote desagertze horri: material hori guztia hondoratu egin zen, eta mantuarekin nahastu.
Duela hirurogei milioi urte inguru egin zuten talka Eurasia eta Indiako plaka tektonikoek. Lurrazalaren zati bat harrotu egin zen inpaktuarekin, eta ondorioz, Himalaia mendilerroa jaio. Beste zati bat, aldiz, mugitu egin zen bi plaken ertzeetan behera, eta hala sortu ziren gaur egungo Asia hego-ekialdeko lurraldeak. Baina hori izan al zen guztia?
Chicagoko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuk ezezkoan daude. Haien kalkuluen arabera, talkaren aurretik lurrazalak zuen masa askoz ere handiagoa zen; mendilerro, irla eta penintsula berriek hartu zutena baino handiagoa. Gainontzekoa ezin izan zen besterik gabe desagertu. Orduan, non dago? Zientzialariok argudiatu dutenez, Lurraren mantuak irentsi zuen lurrazalaren zati bat. Hala azaldu dute Nature Geoscience aldizkarian, sarean argitaratutako artikulu batean.
“Orain hirurogei milioi urte hor zegoen masaren erdia desagertu egin da lurrazaletik”, azaldu du Miquela Ingalls ikerketaren arduradunak. Datu hori ez dute arinkeriaz eman. Izan ere, batetik, berriki berrikusiak izan diren plaken mugimenduei buruzko estimazioak baliatu dituzte, denboran atzera egin eta talkaren aurretik bi plakek zer azalera zuten kalkulatzeko. Eta bestetik, Lurreko zenbait zonaldetako datu geologikoak aztertu dituzte, duela hirurogei milioi urteko lurrazalak zer lodiera zuen argitu nahian. “Funtsezko datu multzoak aztertuta, talkaren hastapenetan lurrazal zati horrek zer masa zuen zehaztu ahal izan dugu”, gaineratu du David Rowleyk, ikertzaileetako batek.
Halako masa kantitate handia galdu bada eta aurkitzen ez badute, mantuan behera hondoratu delako behar du izan, ikertzaileok artikuluan azaldu dutenez. Horrek orain arteko teoriak hankaz gora jartzen ditu, ordea. Izan ere, geologian irakasten denez, lurrazal kontinentalak dentsitate txikia du, eta horregatik, ezin du azpian duen mantuarekin nahastu. Hau da, teoria horri eusten badiogu, Eurasia eta Indiako plakek talka egin zutenean, astindutako lurrazalak ezingo zukeen hondoratu. Mantuaren gainetik geratuko zen, hondartzako baloiak ur azalean nola, inoiz behera egin gabe.
“Lurrazal kantitate handia desagertu da, eta mantuaren barruan baino ezin du egon. Pentsatzen genuen mantuak eta lurrazalak oso interakzio txikia zutela elkarren artean, baina lan honek iradoki bezala, egoera zehatz batzuetan behintzat, hori ez da hala”, dio Rowleyk.
Duela hirurogei milioi urteko talka hark mugitu zuen masaren erdia Himalaiara, Asia hego-ekialdera eta itsas sedimentuetara joan zen, beraz; eta beste erdia, Lurreko arrakaletan behera. Hala iradokitzen dute artikulu honetan. Baina gainera, proposamen berri hau baliagarria da beste misterio geokimiko bat ere argitzeko.
Erupzioak gertatzen direnean, mantuak jaurtitzen dituen askotariko substantzien artean daude beruna eta uranioa, baina bi elementu horiek ez dira mantuaren berezko osagaiak. Nola liteke, orduan? Bada, lurrazalean bai, maiz aurkitzen dira beruna eta uranioa, eta artikulu honetan iradoki bezala, lurrazalaren eta mantuaren arteko interakzioa uste baino handiagoa bada, hor legoke galderaren erantzuna. Rowleyk adierazi bezala, “India eta Eurasiako plaken talka prozesu jarraitua bada [gure oinen azpian, oso poliki bada ere, mugitzen segitzen baitute], lurrazal kontinentaleko elementuak mantuarekin nahasten ari dira etengabe, eta horregatik, mantutik gaur egun ateratzen diren material bolkanikoetan ikus ditzakegu”.
Erreferentzia bibliografikoa
Miquela Ingalls et al. Large-scale subduction of continental crust implied by India-Asia mass-balance calculation. Nature Geoscience. Published online Sept. 19, 2016. DOI:10.1038/ngeo2806
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.