Neurozientzia
Londresko University Collegen egindako esperimentu batean ondorioztatu dute gezur txikitan behin eta berriz aritzean, gure burmuinak galdu egiten duela jarrera horrek dakarkion ezinegonarekiko sentikortasuna. Ondorioz, errazagoa egiten zaigu gerora gezur gehiago eta handiagoak botatzea. Idatziaren izenburua argigarria da oso: the brain adapts to dishonesty (garuna egokitu egiten da zurikeriatara). Amigdalari erreparatu diote ikerketa honetan. Garuneko lobulu tenporalaren aurrealdean dagoen gai grisezko masari, hain zuzen, emozioarekin lotuta dagoena. Amigdalaren erantzuna aktiboagoa da lehen gezurra esaten denean, baina bere erreakzioa gainbeheran doa gezur gehiago esan ahala, eta aldi berean, iruzurra handituz doa. Tali Sharot ikerketaren arduradunak azaltzen du: “Gezurretan aritzen garenean, gure amigdalak sentipen negatiboa sorrarazten du, eta zenbaterainoko gezurra botatzeko prest gauden mugatzen du horrek. Hala ere, erreakzio hori ahuldu egiten da gezurretan jarraitu ahala: zenbat eta gehiago ahuldu, orduan eta handiagoak bihurtzen dira gure gezurrak”.
Biokimika
Ikerketa berri batek hartzaileen eta mintzeko nanodomeinu lipidikoen arteko elkarrekintza nolakoa den argitu du, eta gakoa izan daiteke mintz-hartzaile horien jarduera erregulatzen duen mekanismo molekularra ulertzeko. “Etorkizunean lortuko bagenu hartzailea nanodomeinu horietara zerk bideratzen duen eta aktibo/inaktibo zergatik dagoen jakitea, hartzaileengan eraginez seinalizazio zelularrak eteteko edo areagotzeko moduan egongo ginateke”, adierazi du Biofisika Unitateko ikertzailea Xabier Contrerasek. Mintza da gakoa ikerlariaren esanetan. Hasiera batean mintz plasmatikoa deskribatu zenean uste izan zen barrera inerte bat besterik ez zela. Gerora, ordea, argi geratu da zelularen osotasuna mantentzeko ezinbestekoa dela, eta gainera, egitura erabat dinamikoa dela. “Lipidoak etengabe mugitzen ari dira, oso denbora-eskala txikian: mikrosegundo bat eta hamar nanosegundo bitartean. Eta ez hori bakarrik. Orain badakigu mila lipido-espezie inguru daudela. Zergatik ditugu hainbeste lipido, mintz bat osatzeko izatez nahikoa badira hiruzpalau lipido-mota?”
Contrerasen ikerketari buruz informazio gehiago Zientzia Kaieran ere topatuko duzue.
Emakumeak zientzian
Edurne Mugarza biokimikariari egin dio elkarrizketa Ana Galarragak. Mugarzak beti izan du interes berezi bat minbiziarekiko eta “gutxika” sartu zen mundu horretan. Oraingoz ez da damutu. Egun, Londresko Francis Crick institutuan dago doktoretza egiten, eta hurrengo lau urteak han emango ditu, minbizi-immunologia arloko proiektu batean. Nafarrak aitortu du ez duela “amets handirik” baina bada asko poztuko lukeen zerbait: “Niretzat politena izango litzateke nik deskubritu edo lan egin dudan zerbaitek egunen batean minbizia sufritzen duen gaixo bati laguntzea”. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Astrofisika
Guillem Angladari egin diote elkarrizketa Berrian. Centauri izarraren sisteman dagoen Proxima b planeta aurkitu duen astrofisikarietako bat da Anglada (Ullastrel, Herrialde Katalanak, 1976) eta hori izan du mintzagai honetan. Eguzki sistematik gertuen dagoen izarraren, Proxima Centauriren, orbitan dagoen planeta bat da. Tenperaturari dagokionez, 40 gradu zero azpitik egon daiteke. Dena den, planetak atmosfera izango balu, berotegi efektuari esker, tenperatura egokia izango luke; gure planetaren antzekoa. Informazio asko daukate baina zein motatakoa den jakitea falta zaie. “Planeta izarraren aurretik igarotzen den momentu hori Lurretik harrapatuko bagenu, planetaren neurria jakingo genuke, eta, masa zein den badakigunez, planeta zein motatakoa den jakingo genuke”. Planeten eta izarren bila ez ezik, aurrerantzean “biziaren bila” ere arituko direla dio Angladak.
Genetika
Terapia genikoek ez dute espero zen arrakasta izan baina une honetan bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak egin dituzten aurrerapausoak direla eta, berpiztu egin da interesa. Teknika hauek, besteak beste, badute eragozpen bat gaixotasuna sendatuko lukeen genearen cDNAren tamainan, ez baitzegoen neurri handiko gene-transferentzia egiteko gaitasuna zuen bektorerik. Gaur egun ordea hainbat teknikaren bidez saiatu dira arazo hau gainditzen. Hedatuena, CRISPR/Cas9 (Clustered regularly interspaced short palindromic repeats CRISPR associated 9 (Cas9)) sistema da, bere eraginkortasunagatik eta bere erabilera anitzengatik. Splicing-akatsak zuzentzeko gero eta gehiago erabiltzen dira molekula txikiak, zeluletan oligonukelotidoak baino errazago barneratzen direnak. Molekula txiki hauek, splicing modulatzaile deiturikoak, splicinga egiten duen zelula-makineriari eragiten diote. Halaber, RNA bidezko trans-splicinga edo SMaRT izendaturiko estrategia, terapia geniko berritzaileak diseinatzeko etorkizun handiko estrategia da, tratamendurik ez duten gaixotasunentza
Arrainen gene-kodearen ezagutza azken hamarkadan esponentzialki emendatu da. Sekuentziaturiko lehenengo teleosteoaren genoma, 2002an publikatu zen. Artikulu bi hauetan, ‘Deskodetutako arrainak: atzo, gaur eta bihar’ eta ‘Mikrotxipak arrainetan: atzo gaur eta bihar’, egun teleosteoen sekuentzia genomikoei/transkriptomikoei buruz DNA-RNA datu-baseetan dagoen informazioa laburtu da. Orokorrean, DNA/RNA mailako informazio aberastasunak zenbat eta arrain familia ezberdin gehiago barneratzen dituen orduan eta eboluzioari buruzko informazio gehiago ezagutuko da. Halaber, erabilitako mikrotxipek arrainek estres egoeretan pairatzen dituzten geneen adierazpen aldaketak aztertzea ahalbidetu dute.
Medikuntza
Adolfo Lopez de Munian neurologoari egin diote elkarrizketa Berrian. Hitzaldi bat egin zuen lehengo astean polioak jotako pazienteek eskatuta, zalantzak argitzeko asmoz. Poliomielitisa izan zutenek ea urteetan joan ahala, sindromea izango duten galdetuta, honako erantzuna ematen du: “Ikerketa epidemiologikoek diote polioa gero eta oldarkorragoa izan, gero eta arrisku handiagoa dagoela sindromea izateko. Aintzat hartu behar da, ordea, polio erasokorrenak izan zituzten umeak hil egin zirela: erien %10 hil egiten ziren. Gaixoek bileran esan zuten gaixoen %25-%60 ingururi erasan diezaiekeela orain sindromeak; ez dakit nondik ateratako datua den, baina %60koa ehunekoa, behintzat, ez zait aintzat hartzeko modukoa iruditzen: %25ekoa bai baina hori baino baxuagoa ere izan daiteke”. Izan ere, eta neurologoak azaltzen duenez, markatzaile zehatzik ez du sindromeak, diagnostikatzen zaila da beraz. Ez da pronostiko txarra dutena, baina. “Nik dudan esperientziaren arabera, ez da pentsatu behar arriskua dagoenik gaitza garatuz joan eta gaixoa deusetarako gai ez dela geratzeko”.
Historiaren eta zientziaren arteko fusioa daukagu honetan. Umeen hilkortasun tasa 2013. urtean islatzen duen mapa interaktibo bat du oinarri piezak. Horri tiraka, Espainiaren kasura iritsi da egilea eta hilkortasun tasa handiena izan zuen urtea kontsultatu du: 1918. Jakina denez, urte hartan Lehenengo Mundu Gerra bukatu zen. Eta era berean, gripea (A motako influentza birusa) H1N1 azpimota, agertu zen, espainiar gripea bezala izendatu zutena. Lehenengo Mundu Gerrak 15-17 milioi hildako eragin zituen bitartean (soldadu eta zibilen artean), gripearen pandemia honek, 1918ko gripe pandemia edo Espainiako gripea deritzonak, 50-100 milioi hildako eragin zituela estimatzen da. Bada, non sortu zen pandemia? Estatu Batuak eta Txina dira lekurik aipatuenak, ozeanoaren alde batera eta bestera tropen mugimenduek, epidemia zabaltzen lagundu ez ote zuten pentsatzen da.
Biologia
Arratoi gizena izan dugu protagonista artikulu honetan. Afrikako ipar-ekialdean eta ekialde hurbilean bizi da. Testuan azaltzen digutenez, berez ez da arratoia, jerboa baizik. Oso ezaguna da biomedikuntzaren zenbait esparrutan. Landare eta ur gutxi dauden tokietan bizi da. Toki horretan hazten diren landareak jaten ditu, elikatze-balio gutxikoak dira, halere. Ez dago landare hori jaten duen beste animaliarik. Arratoi gizena oso aktibitate gutxikoa da, eta “astiro” biziz energia gutxiago gastatzen du. Oso erraz loditzen dira, II motako diabetesa gara dezake gainera. Arratoi gizenak ez du urik edaten. Landareen egunsentiko garoa miazkatuz eta landareen ehunetatik ateratzen du behar duen ur guztia.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.