Asteon zientzia begi-bistan #105

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

pasque-flower-323221_1280

Meteorologia

Ba al zenekien urakana, tifoia eta zikloia fenomeno meteorologiko berdinak direla? Artikulu honetan, Maialen Martija meteorologoak azaltzen digu munduko tokiaren arabera bat edo beste erabiltzen dela. Halaber, Alex, urakan bereziari buruz hitz egin digu aurretik zehaztuz zein baldintza meteorologiko eman behar diren hori gertatu dadin. Izenen aukeraketari ere heldu dio. Izen-zerrendak sortzen dira urtero (21 izen guztira), gizon-emakume txandaketa errespetatuz. Urakanak izendatzeko, bada salbuespen bat ordea. Erabat suntsitzaileak dituzten urakanen izenak ez dira berriro errepikatzen. Katrina dugu horren adibide. Alex urakan bereziari bueltatuz, datu interesgarri batzuk: aurtengo lehena izan da eta garaitik kanpo jaio da. Batzuek hori azaltzeko, El Niño aipatzen dute. Ozeano Barearen tenperatura ohikoa baino altuagoa izan zela diote eta, beste batzuek, klima-aldaketaren ondorio bat.

Astronomia

Lurretik 40 argi-urtera, izar nano eta ultrahotz baten inguruan, hiru exoplaneta berri aurkitu dituzte. Tenperaturan eta tamainan Lurraren antza dute hirurek. Haietatik bik 1,5 eta 2,4 egunez behin ematen dute buelta izarraren inguruan, eta hirugarrenak 4,5-73 egun bitartean. Chilen kokatuta dagoen TRAPPIST teleskopioaren laguntzaz ikusi dituzte. Oraindik topatutako exoplaneten atmosferaren konposizio kimikoari buruzko datuak bildu behar dituzte, ura eta aktibitate biologikoaren arrastorik ba ote dagoen jakiteko.

Genetika

MC1R geneari buruz hitz egin digu Amaia Portugalek Zientzia Kaieran. Gene ilegorria edo ginger gene horrek baldintzatu dezake pertsona baten adinaz dugun pertzepzioa, gure adin bera duen beste pertsona batek baino bi urte zaharragoak garela eman dezake. Rotterdamgo (Herbehereak) Erasmus Unibertsitateko ikertzaileek beste zenbait kiderekin elkarlanean bideratu dute lan hau. Guztira, ia 2.700 lagun edadetu parte hartu dute ikerketa honetan lagin moduan. Adinaren pertzepzioa neurtu dute aurpegietako argazki digitalen bidez. Ikusi dute, besteak beste, sexua, azalaren kolorea eta azal horrek eguzkiaren ondorioz izan ditzakeen kalteak (zimurrak, orbanak) ez dutela lotura genetiko hori aldatzen.

Emakumeak zientzian atalean, Ainara Castellanos ikertzailea izan dugu protagonista. Gaixotasun zeliakoarekin lotutako gene zehatz bati buruzko ikerketa egin du eta Science aldizkariak argitara eman du bere lana. Castellanos Biologia ikasten hasi zen, genetika asko gustatzen zitzaiolako. Tesia egiten bost urte eta erdi eman zituen eta horren ondotik, Columbia Unibertsitatera joan zen doktoretza-ondokoa egitera. Han hasi zen ikerketa horrekin eta berak azaltzen duenez, denbora gehiago eman zuen artikulua idazten eta berridazten, ikertzen baino: “Aurrena Nature aldizkarira aurkeztu genuen, eta atzera bota zuten. Orduan Sciencera bidali genuen, eta horrela ezetz, baina zuzenketak eginez gero agian argitaratu zigutela erantzun zuten. Lau berrikuspen egin behar izan nituen, onartua izateko”. Urtarriletik aurrera, irakasle aritu da unibertsitatean. Halere, ikerketara laster itzuliko dela dio Castellanosek. Izan ere, Juan de la Cierva beka bat eskuratu du eta horri esker, zeliakiaren genetika argitzeko aukera izango du.

Testu honetan, Genographic proiektuaren kitaren nondik norakoa azaltzen zaigu. Finean, DNA proba bat da non zure arbasoen migrazioei buruzko informazioa jasotzen duzun. Egin beharrekoa azaltzen zaigu pausoz pauso. Zientzialariek ikusi dute DNAren zati ezberdinak aztertuta, gure arbasoen historian gertatutako gertakizun historiko eta prehistorikoei buruz jakin dezaketela. Pertsona ezberdinen DNAren aldaketa txikietan erreparatuz (mutazioak), gertakizun hauek noiz eta non gertatu ziren balioetsi ditzakete. Zure mutazio arraroak aurkitu eta beste milaka pertsonekin konparatuta, zure jatorria zen den eraikitzen dute. Eta hori da artikulu interesgarri honetan irakurgai duzuena. Animatu zuek ere froga egiten! Zuen arbasoen migrazioei buruz gehiago jakingo duzue horrela!

Biologia

Zientzialari batzuek giza enbrioiak 13 egunez hazi dituzte laborategian (orain arte, amarengandik kanpo 7 egunez bakarrik garatzea lortu izan da). Horri esker, giza enbrioien garapenaren jarraipen zehatza egin ahal izan dute. Artikuluan azaltzen zaigunez, ia orduroko jarraipenak egin diote eta horrek enbrioien garapenean faserik ezezagun eta garrantzitsuenetako bati buruzko informazio eman du: enbrioiak blastula-fasean nola garatzen eta berrantolatzen diren, hain zuzen ere. Zientzialariek diote giza enbrioiak laborategian egun gutxi batzuk gehiago hazteko aukera egongo balitz, informazio gehigarria lortuko litzatekeela. Hala ere, ez dugu ahaztu behar legearen muga: ezin dira enbrioiak 14 egunez baino gehiago garatu laborategian.

Kimika

Zaharberritze lanari buruz hitz egin digu Juanma Gallegok Berrian. Artea eta zientzia uztartzen diren espazioan dago Oskar Gonzalez Mendia kimikaria. Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeari buruzko graduan, kimika irakaslea da bera eta arlo horretan ohikoak diren analisiak margolan bati nola aplikatzen zaizkion azaltzen die ikasleei: “Gorri batean merkurioa edo konposatu kimiko bat dagoen jakitea ezinbestekoa da gero margolan hori garbitu behar bada. Eta garbiketa hori egiteko erabiltzen diren disolbatzaileen ezaugarri kimikoak ezagutzea ere beharrezkoa da”. Irakasleak azaltzen duenez, bi arlotan zatitzen da zaharberritzaileen lana. Batetik, suntsigarriak ez diren teknikak erabil daitezke. Beste aukera bat da suntsigarriak diren teknikak erabiltzea Multzo horretan, estratigrafia aipatzen du: “Lagin txiki bat hartzen da, eta hor diren geruzak ikusten dira. Izan ere, margolan batean, begien aurrean duguna baino askoz gehiago dago”. Oso interesgarria da kromatografiaren teknika. Hori koadroa faltsua ote den jakiteko erabiltzen dute: “Adibidez, XV. mendekoa omen den pigmentu batean XX. mendean asmatutako konposatu bat topatzen bada”.

Taj Mahaleko marmola zuria horitzen ari da. Georgiako Teknologia Institutuko Mike Berginek horitzearen jatorria ikertu du eta marmola uretan disolba ezin daitezkeen karbono partikula oso txikiek zikintzen dutela ondorioztatu du.

Teknologia

Hover Camera aurkeztu digute artikulu honetan. Liburu itxurako plastikozko mini-drone txiki eta arin bat da (erditik tolestu daiteke). Lau motor ditu eta erdian kamera bat dauka, kalitatezko argazkiak eta bideoak egiten dituena. Gainera, airean sortu daitezkeen dardara eta mugimenduak orekatu eta saihesteko diseinatu dituzte. Dronak aurpegiak ezagutzen ditu eta edonora jarraituko zaitu. Oraindik prototipoa da baina laster kaleratuko dute tresna berritzailea. Badirudi selfie makilak ordezkatzeko gogoz datozela drone hauek!

Medikuntza

Droga-mendekotasunaren gaia izan dute mintzagai jarraian aurkezten diren bi artikuluetan. Lehenik, drogen menpe dauden gaixoek dituzten oinarrizko bereizgarriak azaldu dizkigute. Adibidez, drogen aurrean kontrola galtzen dute ondorengo kontsumoa konpultsiboa bihurtuz. Badakigu baita drogen kontsumoa ekiditen denean, abstinentzia sintoma emozionalak eta fisikoak azaleratzen direla. Horretaz gain, droga-mendekotasunaren garapenean parte hartzen duten faktoreak ere izan dira aztergai. Bigarren artikuluan, dopamina bilakatu da protagonista. Zer da? Hitz gutxitan azalduta: neuronek beraien artean komunikatzeko eta funtzio ezberdinak erregulatzeko erabiltzen duten sustantzia bat. Drogek horren jarioa errazten dute garunean, ongizate edo plazer hori eragiten du azken finean, eta beraz, drogak kontsumitzeko portaera errepikakorra bihurtzen da. Halere, drogen kontsumoa kronikoa bihurtzen denean dopamina jarioa gutxitu egiten da. Hortaz, lehenago honen isuria sortzen zuten estimuluek ez dute ia eraginik.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.