Alex, garaiz kanpoko urakana

Maialen Martija

Duela hilabete batzuk, urtarrilean, urakan berezi batek tokia hartu zuen hedabide guztietan. Alex urakana. “Azken 78 urteetan ez da horrelakorik gertatu” azaltzen zen egunkarietako tituluetan. Klima-aldaketa, El Niño fenomenoa, eta abarrak ere irakurri/entzun genituen. Baina, zergatik izan zen Alex urakana hain berezia?

Urakana, tifoia, zikloia, zer desberdintasun dituzte haien artean? 3 kategoria, 5 kategoria… nola definitu eta sailkatzen dira? Alex, Katrina, Sandy… pertsona-izenak dira baina nork eta zergatik aukeratu zituen izen horiek? Abia gaitezen bada.

1. irudia: Estatu Batuetako NOAA-k (National Oceanic and Atmospheric Administration) eskainitako irudiak.

1. irudia: Estatu Batuetako NOAA-k (National Oceanic and Atmospheric Administration) eskainitako irudiak.

Lehengo eta behin, berri ona daukat, irakurle. Urakana, tifoia eta zikloia fenomeno meteorologiko berdinak dira. Eta orduan, zergatik zoratu jendea eta erabili izen desberdinak? Erantzun erraza: sortu eta garatzen diren munduko tokiaren arabera, izen bat edo beste jartzen zaie. Ozeano Atlantikoaren iparraldean eta Ozeano Barean sortzen direnak urakanak dira, Hurrican, Karibeko gaitzen jainkoaren omenez. Ozeano Barearen ipar-mendebaldean ordea, tifoia esaten zaie eta Indiako Ozeanoan, zikloia. Baina egia esan, badute haien artean beste desberdintasunik:

  • Urakanen garaia ekainaren lehen egunean hasi eta azaroarekin bukatzen da.
  • Tifoien garaia ekainaren amaieratik urte bukaeraraino doa.
  • Zikloien sasoia apiriletik abendura.

Jada hau irakurrita, erraz sumatuko duzu Alexen lehen berezitasuna ezta?

Behin izen desberdinen zalantza ebatzita, ikus dezagun zein baldintza meteorologiko bete behar dituen fenomeno honek. Erraz esanda, urakanak trumoi-ekaitza oso bortitzak dira. Urakana izateko, haizeak 119 km/h-ko abiadura hartu behar du. Baina, kontuz, ez haize-boladek, etengabeko haizeak baizik. Ziur naiz askotan entzun duzuela (edo didazuela) iragartzen Euskal Herrian 120 km/h-ko haize-ufadak izango ditugula. Gurean, etengabeko haizea gehienez 60-70 km/h-koa izan ohi da horrelakoetan. Adibidez, 2010. urtean Xynthia ziklogenesi leherkorrak gurea zeharkatu zuenean, 177 km/h-koa izan zen etengabeko haize maximoa Urduñako mendi tontorrean dagoen estazioan, baina Gasteizen aldiz, 83 km/h-koa “baino” ez.

Beraz, sailkatzeko orduan haizearen abiadura da erabiltzen den aldagaia eta esan bezala, etengabeko haizea 119 km/h-ko abiaduratik gorakoa bada urakana dugu. Era berean, haizearen abiadura gero eta handiagoa izan, orduan eta kategoria handiagoko urakana izango dugu eta honek kalte handiagoak eragingo ditu. Ondoren laburbiltzen dira datu hauek.

Kategoria

Haizearen abiadura(km/h)

Kalteak

1119-153.- Kalteak zuhaitzetan. Uholdeak itsasaldean.
2154-177.- Kalteak teilatuetan, ateetan eta leihoetan kalteak. Uholdeak portuetan.
3178-209.- Kalteak egoitza txikietan. Uholdeak barnealderaino hel daitezke.
4210-249.- Egoitza txikietako teilatuen suntsiketa, babeserako egoitzetan kalteak. Uholdeak barnealdean.
5≥ 250.- Edozein egoitzatako teilatuen suntsiketa. Uholdeak lehengo solairuetara hel daitezke. Jendea hiri-herrietatik ateratzeko beharra gerta egon daiteke.

Urakan berri baten inguruko informazioa entzuten dugunean, berehala datorkigu burura beste galdera bat: nork jarri dio izena? Lehendabizi behatu duen meteorologoarena izango ote da? Pentsa, Maialen urakana! Jajaja! Ba ez, kontua ez da hain erraza eta desordenatua. Izen-aukeraketaren gaia aldatzen joan da denborarekin. XIX. mendera arte eguneko santuak zehazten zuen urakanaren izena. Gero, mende horren amaieran Australiako meteorologo bat (gizona bera), emakume-izenak aukeratzen hasi zen urakanak izendatzeko. Azkenik, 1979. urtean, emakume eta gizonezkoen izen propioak tartekatzea adostu zuten Nazioarteko Meteorologia Erakundeak (WMO-k) eta Estatu Batuetako Meteorologia Zerbitzuak (NWS-k).

Hitzarmen honi jarraituz, bai urakanentzako eta baita zikloientzako eta tifoientzako ere, alfabetikoki ordenatzen ziren urakanak, zikloiak eta tifoiak. Gainera, gizon/emakume txandaketa kontuan hartzen zen eta izen-zerrendak sortu ziren. Urakanen kasuan ez dira letra guztiak erabiltzen: Q, U, X, Y eta Z baztertu egiten dira, letra hauekin hasten diren gizaki-izen gutxi baitaude. Sei zerrenda sortu ziren eta beraz, sei urtez behin errepikatu egiten dira urakanen izenak. Hurrengo zerrendan agertzen dira aurten eta datorren urtean erabiliko diren izenak.

20162017
AlexAriene
BonnieBret
ColinCindy
DanielleDon
EarlEmily
FionaFranklin
GastonGert
HermineHarvey
IanIrma
JuliaJose
KarlKatia
LisaLee
MatthewMaria
NicoleNate
OttoOphelia
PaulaPhilippe
RichardRina
SharySean
TobiasTammy
VirginieVince
WalterWhitney

Beraz, urtero 21 izen prest izaten dituzte beste horrenbeste urakan izendatzeko. Baina hauxe da berehala burura datorkigun galdera: nahikoak al dira? Ez al gara inoiz labur geratzen? Hona erantzuna: bai. Urakanetan behin baino ez da horrelakorik gertatu, 2005. urtean hain zuzen ere. Horrelakoetan zer egiten da? Horrelakoetan alfabeto grekoa erabiliz, izen berriak gehitzen zaizkio urte horretako zerrendari. Urte horretan 6 izen greziar erabili behar izan ziren.

Izenen inguruan adostasun eta zehaztasun handia dago beraz. Baina salbuespen bat dago urakanak izendatzeko prozesu honetan. Adibidez, oraintxe aipatu dudan 2005. urte berezi horretan, urakan kopurua oso altua da eta gainera, askok ondorio oso larriak eragin zituzten. Horien artean, New Orleansen, Estatu Batuetan, 1.000 hildako baino gehiago utzi zituen Katrina urakana daukagu. Aipatutako izenen zerrenden arabera, 2005.ekoa eta 2017.ekoa berdinak izan beharko lirateke, baina goiko taulan ez da Katrina azaltzen. Arrazoia? Ondorio erabat suntsitzaileak dituzten urakanen izenak ez dira berriro errepikatzen eta haien ordez, letra berdinaz hasi eta genero berdinekoa den beste izen bat jartzen da. Horregatik, datorren urtean K-z hasiko den urakana ez da izango Katrina, Katia baizik.

Hau guztia argituta, azter ditzagun Alex urakanaren bitxitasunak. Izenari erreparatuz, argi dago aurtengo lehen urakana izan dela, eta lehen esan bezala, urtarrilean sortu zen. Hain zuzen ere, horixe da urakan honen lehendabiziko berezitasuna. Alex, urakanen garaitik kanpo jaio zen. Urtarrilean, Afrikako kostaldearen aurrean tropiko azpiko trumoi-ekaitz bat sortu zen eta 2 kategoriako Alex urakanera bilakatu zen. Horrelakorik ez zen 1938. urtetik gertatzen. Bestalde, Alex urakanak erabat ezohikoa den ibilbidea egin zuen. Urakan gehienak mendebaldera hedatzen dira (Ameriketara), eta gutxi batzuk, ekialdera. Alexek, ordea, ez zuen horrelako norabiderik egin eta iparralderantz egin zuen, hurrengo irudian azaltzen den bezala.

2. irudia: Estatu Batuetako NOAA-k eta NWS-k eskainitako irudia.

2. irudia: Estatu Batuetako NOAA-k eta NWS-k eskainitako irudia.

Alex urakan bitxi hau azaltzeko, zientzialari batzuek El Niño fenomenoa aipatu dute. Klima-fenomeno hau harremanetan dago Ozeano Barearen tenperaturaren aldaketarekin (beste artikulu baterako gai interesgarria oso). Aurten, urtarrilean, El Niño handia izan genuen, hau da, Ozeano Barearen tenperatura ohikoa baino nahiko altuagoa izan zen. Beste batzuek aldiz, klima-aldaketaren ondorio bat dela diote. Galdera zaila da, eta litekeena da erantzuna bi aukeren konbinaketa izatea. Klima-aldaketa errealitate bilakatu dela argi dago eta bai gizakion eraginagatik gure mundu hau berotzen ari dela ere. Mundu beroago honetan eta El Niño handi batekin, probabilitate handiagoa dugu meteorologia-fenomeno ezohikoak gertatzeko, eta Alex horrela azaldu daiteke.

Beraz, badirudi ezohikoak diren meteorologia-fenomenoak gero eta ohikoagoak izango direla aurrerantzean. Are gehiago, arinegi ohitu beharko gara jada ohiko bihurtu diren fenomeno hauetara, soilik Alex jaio baino hilabete lehenago Parisen egin zen klimari buruzko goi bileran hartu ez ziren erabaki garrantzitsu eta ezinbesteko horiek guztiak gabe.

————————————————————————————

Egileaz: Maialen Martija (@MartijaMaialen) Tecnaliako meteorologoa da (Euskalmet).

————————————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>