Ziklogenesi Leherkorra: izen berria, fenomeno zaharra.

#KZJaia · Dibulgazioa

Euskalmet, Onintze Salazar

Azken urteetan gure panorama meteorologikoa nahastera fenomeno “berri” bat etorri da. Ezagutu genuen lehenari Klaus izena jarri zitzaion, bigarrenari Xynthia eta azken egunetan urrutitik pasa, baina gurean eragina izan duenari Dirk deitu diogu.

Lehenago ere sortu dira hainbat. Gugandik urruti, asko, urtero bat baino gehiago. Eta gugandik gertu, baten bat ere bai: 1999an, Martin izenekoa eta susmoa dago 1941ean Santander hiria erre izanaren arrazoia ere tankera honetako fenomeno bat izan zitekeela.

Fenomenoa, beraz, ez da berria. Bai, ordea, fenomenoa deskribatzeko egokitu zaion terminoa: Ziklogenesi Leherkorra. Hau entzun (edo irakurri) eta askori burura etor dakioke honako galdera: fenomenoak benetan horrelako izen beldurgarria merezi al du? Galdera horri erantzun ahal izateko, goazen fenomenoa zertan datzan ikustera.

Ziklogenesi leherkor izenaz ezagutzen dena, izatez, depresio bat da, “borraska” bat, baina oso azkar eta asko sakontzen dena. Definizioz, depresioaren erdigunean presioa 24 ordutan 24 mb jaisten baldin bada ziklogenesi leherkor baten aurrean gaude (ohiko depresio batean 24 ordutan 8 mb ingurukoa izaten da presioaren jaitsiera).

Baina gure latitudean ez zaio hainbeste eskatzen depresio bati “leherkorra” izateko eta presioaren jaitsiera 19-20 mb-etakoa izatearekin nahikoa da. Izan ere, maiz sortzen da fenomeno hori latitude altuagoetan, Atlantiko iparrean, abendutik otsailera bitartean gehienbat, baina nahiko arraroa da gure latitudean halakorik garatzea.

Urakanak izandakoen hondarretatik jaio eta ordu gutxitara hil egiten dira. Gehienez bi eguneko bizitza izaten dute (ohiko depresio batek batez beste 5 edo 6 egun irauten ditu). Bizitza laburra, bai, baina oso eraginkorra…

Erdigunean 960 mb-tik behera jaitsi daiteke presioa (azkenekoa, Dirk izenekoa, izugarri sakondu zen, 937 mb). Eta, noski, horrek ondorioak ekartzen ditu, eta ez onak. Zenbat eta sakonagoa izan depresio bat, hau da, zenbat eta presio txikiagoa izan erdigunean, orduan eta haize bortitzagoak sortzen ditu. Gainera, oso azkar mugitzen da. Baina haizea ez da ondorio larri bakarra. Eragiten duen itsaso-mailaren handitzea eta sortzen dituen olatuak ere kontuan hartzekoak dira. Eta ez soilik bidean eragiten dituen olatu handiak, baita urruti dauden kostaldetara ere iristen direnak. Horretan, hondoko-itsasoak laguntzen du. Baina hori, beste kontu bat da…

Azken urteetan gurean eragin handia izan duten bi depresiok aipamen berezia merezi dute: Klaus eta Xynthia. Garrantzitsuak izan ziren Euskal Herritik oso gertu pasa zirelako eta kalte materialak handiak izan zirelako. Zorionez, gurean ez zuten kalte pertsonal larririk eragin.

Klausek, kostaldearekiko norabide paraleloan zeharkatu zuen Kantauri Itsasoa eta gurean, hasieran, hego-mendebaldeko haize bortitza, eta gero, ipar-mendebaldeko haize are bortitzagoa eragin zituen. Haizeguneetan 150 km/h-ko haize-boladak neurtu genituen, Cerrojako estazioan handiena, 203 km/h-koa. Hala ere, harrigarriena zera izan zen; ia estazio meteorologiko guztietan haizeak 100 km/h-ko abiadura gainditu zuela. Haizeteaz gain, sekulako olatu handiak eragin zituen. Are gehiago, gure kostan inoiz neurturiko olaturik handiena neurtu genuen Matxitxakoko buian (itsas barrenean, 8 milietara dagoena), 20 m-tik gorako olatu bat, hain zuzen ere. Pasaiako portuan ere 13 m inguruko olatua neurtu genuen.

Xynthiaren erdigunea Galizia gurutzatu ostean Nantesetik Frantziara sartu zen, Euskal Herrian oso haize bortitza sortuz, bereziki hego-mendebaldekoa. Gure mendietan 150 km/h-ko haize-boladak neurtu genituen, Orduñako mendatean bortitzena, 228 km/h, gure erkidegoan inoiz neurturiko handiena. Depresioak egindako ibilbideagatik gurean ez zituen oso olatu handiak eragin.

CicloExplo-Datos
Europako hainbat herrialdeetan kalte materialak izugarri handiak izan ziren bi kasuetan. Baina bi depresio horiek heriotzak ere eragin zituzten. Klausek 31 hildako utzi zituen Europan (horietatik 12 Espainian eta 12 Frantzian) eta Xynthiak 61 (horietatik 3 Espainian eta 50 Frantzian), fenomenoaren gaitasun suntsitzailearen seinale argia.

Orain arte esandakoa kontuan hartuta, gatozen hasierako galdera erantzutera. Hau da, merezi al du fenomeno arriskutsu horrek jarri zaion izena?

Ziklogenesi hitzak, zikloi baten sorrera adierazten du (depresioak zikloiak dira) eta leherkor izenondoak depresioaren bilakaera azkarra eta bortitza. Bi hitz horiek erabiltzearen arrazoia, beraz, ulergarria da, baina, izatez, depresioa sortzeko moduari lotuta dago terminoa, ez depresioari berari.

Alde horretarik, izen eleganteagoak erabiltzea ere posible litzateke. Adibidez, depresio bortitza, bat-bateko depresio sakona… Dena den, orain arte beste herrietan erabiltzen diren terminoak kontuan hartu ditugu; gazteleraz “ciclogénesis explosiva” erabiltzen da, ingelesez “explosive cyclogenesis” eta frantsesez, orokorragoa den “tempête” terminoa, besteak beste.

Klausekin erabili genuen lehen aldiz ziklogenesi leherkor terminoa. Dena den, ez da beti guztiz ondo erabiltzen (ez euskaraz, ezta beste hizkuntza batzuetan ere) eta egokiena, agian, erabiltzeari uztea litzateke. Baina hori, beste kontu bat da…


Egileaz: Onintze Salazar (@onintzesalazar) meteorologoa da. Euskalmeten (@Euskalmet) ekarpena.


KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.