Itsasgoraren esperoan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Enekori hondar gainean ibiltzea gustatzen zaio eta itsasgoraren orduaren arabera irteten da eguneroko paseoa egitera. Udan, itsasgora denean, Anek ez ditu umeak hondartzara eramaten. Karmelek itsasgoraren ondorengo orduak maite ditu, orduan hondartzako haitzetara joaten baita lanpernen bila. Kostaldean bizi direnek argi daukate. Mareen garrantzia erabatekoa da. Arrantzarako, itsasontziak portuetan sartzeko, baita hondartzaz gozatzera zein ordutan joan erabakitzeko ere.

Egunean bi aldiz egiten du itsasoak behera eta egunean bi aldiz gora. Hamabi orduko aldearekin, gutxi gorabehera, izaten dira itsasgorak. Eta hilean bi aldiz, ilbete eta ilberri denean, marea biziak izaten dira, hau da, itsasoaren maila, batez besteko itsasgoretan baino gehiago igotzen da eta, itsasbeheretan, gehiago jaitsi. Eta urtean bi aldiz, ekinokzioen inguruko egunetan, marea biziak are biziagoak izaten dira.

itsasgora
1. irudia: Marea biziak itsasgora eta itsasbehera handiak dira. (Argazkia: Itsasgora Dimitris Vetsikas – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Iragarpena egiten dutenek beti izaten dituzte eskura mareen taulak. Muturreko egoera meteorologikoak aurreikusten direnean, arreta berezia jarri behar zaie itsasgorei, baina ez beti. Itsas denboraleak espero direnean eta kostaldera iritsi daitezkeen olatuak altuak izatea espero denean, orduan bai, sekulako garrantzia izaten du itsasgoraren mailak eta momentuak. Horrelakoetan, olatuen altuera, olatuen periodoa eta mareen altuerak dira abisuak emateko kontuan hartzen diren parametro nagusiak.

Mareak

Mareen altueran, nagusiki, arrazoi astronomikoek agintzen dute, hau da, Ilargiaren eta Eguzkiaren indar grabitatorioak ezarritakoek. Horrela, itsasbehera eta itsasgoren orduak eta mailak oso modu zehatzean ezagutu daitezke. Baina egoera batzuetan, itsasoaren maila gehiago igotzen da; izan ere, eragina izan dezakete baldintza meteorologikoek ere, batik bat, airearen presioak. Depresio batek uraren gainean presio txikia eragiten duenez, itsasgoran taula astronomikoek esaten dutena baino gehiago igotzen da uraren maila, milibar bakoitzeko zentimetro bat, gutxi gorabehera. Hori guztia kontuan hartu behar da denboralea iritsi aurretik.

Itsas denborale okerrenak, edo hobe esanda, kalte gehien sortu dutenak, marea biziekin batera gertatu dira. Adibide argia dugu 2014ko neguko itsas denboraleetan: otsailaren 2an izugarrizko kalteak eragin zituen denboraleak gure kostaldean 7 metro inguruko olatuekin (altuera adierazgarria), 20 segundoko periodoarekin eta 4,94 metroko itsasgorarekin (astronomikoa). Baina ez zen berebiziko olaturik egon. Olatu altuagoak iritsi izan dira gure kostaldera, adibidez, Klaus izenez ezagutzen den depresioak 28 metroko olatuak (altuera maximoa) altxatu zituen Donostiako buian 2009an, baina kostaldean ez zuten kalte nabarmenik eragin. Inpaktua, beraz, ez da soilik olatuen altueraren araberakoa izaten; olatuen periodoak eta mareek ere zeresan handia dute.

itsasgora
2. irudia: 2014ko denboraleak eragindako egoera Zarautzen, otsailaren 2an. (Argazkia: Asier Aranzadi)

Abisuak

Horregatik, Segurtasun Sailak itsasoari loturiko muturreko egoerak, enbata egoerari loturikoaz gain, bitan banatzen ditu eta bi motatako abisuak igortzen ditu: nabigazioari zuzendutakoak eta kostaldeko inpaktuari loturikoak. Nabigaziorako ematen diren abisuetan olatuen altuera da parametro nagusia eta mareek ez dute eraginik. Baina, aldiz, olatuak itsasertzera iristen direnean, eragiten dituzten kalteak ez dira berdinak izaten itsasgoretan eta itsasbeheretan. Horregatik, kostaldean olatuek izango duten inpaktua aurreikusteko, ezinbestekoa da mareen informazioa.

Ohikoa izaten da, beraz, kostaldean inpaktua espero denean ematen diren abisuak soilik itsasgoren inguruan egotea indarrean .

Uholde txikietan, bai

Ez dira oso olatu handiak egon behar itsasoko urak gainezka egin dezan. Marea oso bizietan ere ura gure kaleetan sartu daiteke eta uholde txikiak eragin. 2019ko irailaren 30ean, adibidez, metro t’erdiko olatuekin urak gainezka egin zuen Bilboko Zorrozaurre auzoan. Horrelakoetan, beraz, ezinbestekoa da jakitea itsasgora zein ordutan izango den eta itsasoaren maila zenbat igoko den.

Uholde handietan, ez

Uholde arriskua dagoenean, oso hedatua dago gizartean edo, behintzat, hedabideetan, okerrena itsasgorarekin etor daitekeen ustea. Behin baino gehiagotan entzun eta irakurri dugu itsasgoraren unea kritikoa izango dela, eta arreta handiz eta askotan beldurrez egoten gara horren zain.

Alabaina, uholdeak ari duen euriagatik edota horri gehitzen zaion elur-urtzeagatik gertatzen direnean, hau da, etengabeko euriak gure erreka eta ibaien ur-emaria handitzen duenean, oso txikia izaten da itsasgorak gehitu ahal dien altuera. Beraz, nahiz eta itsasgoraren inguruan urak apur bat gora egin itsasoratzen diren ibaietan, zentimetro batzuk besterik ez dira izango, eta larrialdi zerbitzuen ardura edo arreta ez da itsasgora horretan jarrita egongo.

3. irudia: Ibaizabal ibaia Bilbon 2019ko urtarrilaren 24an, goizeko 7:00etan, euriteak direla eta gainezka egiteko gutxi falta zaiola. (Argazkia: Imanol Zuaznabar )

Argi dago itsasgorak muturreko egoeretan eragin handia duela, baina ez kasu guztietan. Itsas denboraleetan edota marea biziak direnean, orduan bai, arreta guztia merezi du. Euri asko egiten duenean, ordea, ez. Enekok, Anek eta Karmelek itsasgoraren esperoan egoteko arrazoi onak dituzte. Uholde arriskua dagoenean ere itsasgorari begira egon beharko gara, baina soilik eragin nabaria espero dugunean.


Egileaz:

Onintze Salazar Pérez (@onintzesalazar) fisikaria da eta Euskalmet-Tecnaliako meteorologoa.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.