Arnas egiteko beste modu bat

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Aristotelesek asko zekien animaliei buruz. Historiako lehen zoologotzat hartzen dugu eta zenbait konturi buruz hark azaldutakoa ez da kasik aldatu mendeetan zehar. Aristotelesek, bere Animaliei buruzko ikerketan (Historia Animalium, K.a. 486), honako hau dio arnasketari buruz:

«Animalia lehortarren arteko batzuek -gizakiek eta birikak dituzten gainerako lehorreko animalia guztiek- airea hartu eta kanporatu egiten dute (arnasgora eta arnasbehera izeneko prozesuak); beste batzuek, berriz, ez dute airea hartzen, baina lehorrean bizi eta elikatzen dira, liztorra, erlea eta gainerako intsektuak. Intsektu deitzen diet gorputzetan ―bizkarrean zein sabelean― lakainak erakusten dituzten animaliei.»

Aristotelesek intsektuen arnasketari buruz idatzitakoaz nahikoa arrazoi bazuen ere, ez zuen arrazoi osoa.
1. irudia: Intsektuena da munduko animalia talde nagusia, bai espezie kopuruari dagokionez, bai eta banako kopuruari dagokionez ere.

Intsektuek ez dute birikarik. Horixe da animalia talde horren ezaugarririk behinenetako bat. Trakea-sistema da intsektuen arnas aparatua. Larruazalak sorturiko inbaginazioen edo barruranzko hodien multzoak osatzen du sistema hori; hodi horietako bakoitza da trakea bat. Trakearen ahotik sartzen da airea, eta barrurantz doa, trakeatik sortzen diren adarretatik barrura. Adarkatzeak gertatzen dira barruranzko ibilbide horretan, eta adarkatzean, gero eta gehiago eta gero eta meheagoak dira sortzen diren trakeaxkak. Azkenean zelula guztietaraino iristen dira azken hodixka txikienak. Trakeaxkaren azken zatian ura dago, eta ur horretan disolbatzen da sisteman sartu den oxigenoa, zeluletara iragateko.

Sistemaren deskribapena osatzeko, beste bi kontu aipatu behar ditugu hemen. Batetik ―eta hona Aristotelesek non ez zeukan arrazoirik―, muskuluen mugimenduek eraginda nolabaiteko aireztapena egon daiteke zenbait espezietan; hortaz, intsektuek bai izan dezakete arnasgora, nahiz guztietan holakorik ez gertatu. Bestetik, espirakulu izena duen estalki-egitura baten bidez trakeak ixteko ahalmena dute, eta berebiziko garrantzia du horrek trakea-sistemaren barruan dagoen ura lurrun ez dadin eta, horrela, gehiegizko ura gal ez dadin.

2. irudia: Intsektuen ezaugarri nagusietako bat da ez dutela birikarik.

Zirkulazio-sistema ez dugu ezertarako aipatu orain arte, intsektuen zirkulazio-aparatuak ez baitu egiten arnasketarekin zerikusia duen inolako lanik. Hau da, bi sistema horiek aparte daude, ez dute eragin-trukerik, eta, horri dagokionez, salbuespen bat da intsektuen taldea organo bereiziak dituzten animalien artean. Hori bai, badirudi gogotik ordaindu behar izan dutela sistema hori, trakeen bidezko arnasketak muga nabarmenak ezartzen baitizkio intsektuek izan dezaketen tamainari. Izan ere, horrelako hodi-sistema baten bidez oxigenoa ezin izango litzateke zeluletaraino eraman tamaina jakin batetik gorako animalien kasuan.

Hortaz, ezintasun hori gabe mundua ez litzateke ezagutzen dugun bezalakoa izango. Irudika ote genezake gure tamainako intsektuez beteriko planeta bat? Zientzia fikziozko zenbait filmetan ikusi ditugu intsektu erraldoi horiek, liztor eta inurri erraldoiak, eta, egia esan, ez da batere ikuspegi lasaigarria.

Azter dezagun kontua beste alde batetik orain. Azaldu dugun istorio hau garrantzi gutxiko pasadizo bat izango litzateke, kontu batengatik ez balitz. Izan ere, intsektuena da munduko animalia talde nagusia, bai espezie kopuruari dagokionez, bai eta banako kopuruari dagokionez ere. Hau da, munduko animalia gehienak intsektuak dira eta, beraz, okertu gabe esan dezakegu munduko animalia gehienek ez dutela zirkulazio-sistemarik behar truke guztiak egin ahal izateko, gasen trukea egiteko ez baitute erabiltzen.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>