Zenbait ikertzailek defendatzen dutenez, Zeelanda Berria Australiatik bereizten den eta ur azpian murgilduta dagoen beste kontinente baten parte da. Ia bost milioi kilometro karratuko azalera du Zeelandia izena hartzen duen lurralde honek, eta agerian ez egonagatik, kontinente izateko baldintzak betetzen dituela argudiatu dute artikulu batean.
Zenbat kontinente ditugu? Nola kontatu behar dira? Mundua ez da ados jartzen honen inguruan, eta desberdin irakasten da herrialde batzuetako eta besteetako eskoletan: Ipar eta Hego Amerika bi kontinente direla, Europa eta Asia bat eginda daudela, Antarktikaz ahaztu egiten garela… Bada, eztabaidari ekarpen berria egin diote Zeelanda Berriko ikertzaile batzuek. Izan ere, ba omen dago orain arte kontaketa hauetan kontuan hartu ez dugun beste kontinente bat: Zeelandia.
Zeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaileok. Kontinente ezkutua, ur azpian baitago ia bere osotasunean. Lurralde horri Zeelandia izena jarri zioten aspaldi inguruotako geologoek, baina kontu hau nahiko ezezaguna da munduko beste tokietan. Orain, baina, GNS Science erakundeko ikertzaile talde batek azken hogei urteotan auzi honen inguruan egin den ikerketa geologiko eta geofisiko guztia bildu du, lan zientifiko bakarrean. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. GSA Today aldizkarian plazaratu dute artikulua.
Ia bost milioi kilometro karratu ditu Zeelandiak (Australiaren hiru bosten), baina Zeelanda Berria, Kaledonia Berria, Norfolk uhartea eta beste irla gutxi batzuk baino ez ditu agerian. Hau da, kontinentegai honen azaleraren %94a ur azpian dago. Zeelanda Berriko Cook edo Aoraki mendia du tontor garaiena (3.724 metro), eta bi plaka tektonikoren arteko mugan dago: australiarra eta pazifikokoa.
Ikertzaileok defendatzen dutenez, ezkutuan dagoelako ez da hartzen kontuan, baina Zeelandiak kontinente guztiek dituzten ezaugarriak betetzen ditu: “Gaur egun lurrazala, kontinenteak eta mikrokontinenteak definitzeko erabiltzen diren hitzak aldatu gabe ere, Zeelandiak bat egiten du”.
Artikuluan azaltzen denez, kontinenteek lau baldintza nagusi bete behar dituztela iritzi diote geologo gehienek: nabarmen goratu behar du inguruan duen lurrazal ozeanikoarekin alderatuta; askotariko harri magmatiko, metamorfiko eta sedimentarioak izan behar ditu osagaien artean; lurrazal lodia ere bai; eta mugek ondo definituak behar dute egon, nahikoa azalera handia duen eremuan. Ikertzaileon arabera, Zeelandiak argi betetzen ditu lehen hiru baldintzak: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da; 40 kilometrorainokoa ere bai, Zeelanda Berriko hego uharteko zenbait gunetan.
Laugarren baldintzari dagokionez, Australia eta Zeelandiako mugak oso ondo zehaztuta daudela argudiatu dute ikertzaileok, Cato sakonuneari esker. Lurrazal ozeanikoaren gainean dagoen eremu honek 3.600 metroko sakonera du, eta bereizketa espazial eta tektoniko honek Zeelandia eta Australia fisikoki banatzen dituela diote ikertzaileok. “Cato sakonunea egongo ez balitz, artikulu honek deskribatuko lukeen aurrerapen zientifikoa bestelakoa litzateke: Australiako kontinentea aurrez uste baino 4,9 milioi kilometro karratu handiagoa dela esango genuke”, azaldu dute artikuluan.
Tamaina da arazoa, ordea. Laugarren baldintzak baitio, mugak ondo definituta egoteaz gain, eremuak nahikoa azalera handia izan behar duela, baina azalera horrek zenbatekoa izan behar duen ez da zehazten. Langa milioi bat kilometro karratuko azaleran ezartzea proposatu dute artikulu honetan. Hartara, geologoen kolektiboak proposamena onartzekotan, Zeelandiak sobera beteko luke kontinente izateko azken baldintza. “Milioi bat kilometro karratu baino gehiagoko azalera duenez eta muga geologiko eta geografikoak ondo zehaztuta dituenez, gure definizioaren arabera, Zeelandia bada nahikoa handia kontinentetzat jotzeko”, gaineratu du Mortimerrek.
Erreferentzia bibliografikoa
Nick Mortimer et al. Zealandia: Earth’s Hidden Continent. GSA Today. Volume 27, Issue 3 (March/April 2017). DOI: 10.1130/GSATG321A.1
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.