Injekzioak ordezkatuko lituzkeen balizko alternatiba ari dira garatzen Berkeleyko Unibertsitatean. MucoJet du izena, eta ahoan jartzeko gailu txikia da. Esprai baten moduan funtzionatuko luke: isuriaren presioari esker, txertoak ahoko ehunak zeharkatuko lituzke, eta erantzun immunea estimulatu. Untxiekin probatu dute, baina luze joko du gizakiengana iritsi arte.
Askok dugu gogoan txikitan, eskolara txertoa jartzera etortzen zitzaizkigunean, haurren artean sortzen zen aztoramena. Helduen artean ere, batzuek gaizki pasatzen dute oraindik, orratza ikusten duten bakoitzean. Bada, ondo bidean, hamar urteren buruan, litekeena da txertoak injekziorik gabe jartzeko aukera zabaltzea. Izan ere, ahoan sartzen den eta pilula baten tamaina duen gailu bat ari dira garatzen alternatiba moduan, Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia, AEB).
MucoJet izena jarri diote teknologia berri honi, eta esprai oso txiki baten modukoa da. Ahoan jarrita, eta dentistarenean baliatzen duten ur zorrotadaren pareko presio leunarekin, aski du masailaren barnealdea zeharkatu eta azpiko ehunetan dauden zeluletan txertoa sartzeko. Mukosen erantzun immunea aktibatuko luke horrek, eta askotariko infekzioei aurrea hartzen lagundu. Zerrien ehunekin zein untxiekin probatu dute dagoeneko, eta bost edo hamar urteren buruan gizakientzat ere bideragarria izatea espero dute ikertzaileek. Hala azaldu dute, Science Translational Medicine aldizkarian argitaratutako artikuluan.
Ahoak zelula immune ugari ditu, baina bereizgarri bikain hori izan arren, nahi baino gutxiagotan erabiltzen da txertoetarako. Izan ere, ahoko mukosen geruza lodia zeharkatzea zaila da orain arte baliatu izan diren teknologiekin, eta txertoa ez da behar bezain eraginkorra, ondorioz. MucoJetek eragiten duen presio handiko isuriak, baina, badu geruza hori zeharkatzeko ahalmena, ikertzaileok diotenez. Hala, txertoak ahoko erantzun immunea estimulatzea lortzen du teknologia berri honekin, eta injekzioen beharrik gabe.
MucoJetek zilindro itxura du, hamabost milimetro luze da, eta zazpi milimetro zabal. Bi ataletan bereizita dago. Lehenak ura gordetzen du, eta bigarrenak bi biltegi txiki dauzka: txertoa dago batean, eta hauts egoeran dagoen azido zitrikoa eta sodio hidrogenokarbonatoa bestean. Mintz porotsu bat eta pistoi bat dago bi biltegion artean.
MucoJet atzamar artean estutzen dugunean eta klik egitean duenean, bi atalek bat egiten dute. Hala, ura nahastu egiten da azido zitrikoarekin eta sodio hidrogenokarbonatoarekin, eta karbono dioxidoa sortzen da. Gas hori agertzearen ondorioz, bi biltegi txikien arteko mintza puskatzen da, pistoia bultzarazten du horrek, eta bigarren biltegian dagoen txertoa esprai moduan aterarazten du; ahoko mintzetan sartu eta mukosen geruza zeharkatzeko adinako presioarekin. “Presioak oso foku zehatza du, gailuaren diametroa oso txikia da, eta horregatik igaro dezake mukosen geruza”, gaineratu du Kiana Aranek, artikuluaren egile nagusiak.
Orain arte zerrien ehunekin eta bizirik dauden untxiekin egin dituzte azterketak ikerketa honetan, eta txerto gisa oboalbumina proteina (arrautzen zuringoan dago) erabilita. Emaitzen arabera, MucoJet baliatuta, tanta kontagailu soil batekin baino zazpi bider gehiago zeharkatzen du ahoko ehuna oboalbuminak, eta antigorputzek emandako erantzuna hiru aldiz handiagoa da. Bestalde, lan honetan ez dute injekzioaren eta MucoJeten eraginkortasuna alderatu, baina ikertzaileok esku artean dituzten datuek iradokitzen dutenez, gailu berriaren emaitza injekzioena bezain ona edo hobea izan daiteke, batez ere mukosetako patogenoei aurre egiteari buruz ari bagara.
Ikerketaren berri ematen duen bideoa, ingelesez.
MucoJet eramangarria dela ere azpimarratu dute, abantailen artean. Hau da, txertoak hauts egoeran gordetzeko aukera ematen duenez, teknologia honek aurrera egiten badu, lurralde isolatuenetara ere eraman ahal izango litzateke. Gainera, injekzioekin ez bezala, kasu honetan ez litzateke osasun arloko profesional batengana jo beharko txertoa jartzeko. Hain zuzen, MucoJeti piruleta forma emateko aukera ere aipatu dute ikertzaileok, haurrek masailaren barnealdeari atxiki diezaioten. “Ez lukete osasun etxera joan beharko txertoa jartzeko”, dio Aranek.
Hala ere, luze jo dezake ikerketa ildo honek. Benetako txertoekin eta animalia handiagoekin probak egitea da hurrengo urratsa, eta esan bezala, hamar urtez luza daiteke gizakienganako jauzia. Are gehiago, aditu batzuen arabera, erronka bereziki zaila da hori: untxien eta gizakion ahoko ehunak desberdinak dira oso, eta txertoentzat ahoko sistema immunologikoa baliatzeko orain arte egin diren saioak ez dira batere eraginkorrak izan.
Erreferentzia bibliografikoa
Kiana Aran, Marc Chooljian, Jacobo Paredes, Mohammad Rafi, Kunwoo Lee, Allison Y. Kim, et al. An oral microjet vaccination system elicits antibody production in rabbits’. Science Translational Medicine. 08 Mar 2017: Vol. 9, Issue 380, eaaf6413. DOI:10.1126/scitranslmed.aaf6413
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.