Bizidunak eta bizigabeak bereizteko umeen gaitasunaz

Haurrak web

UPV/EHUko ikertzaileak zortzi urtetik beherako neska-mutilekin egindako ikerketaren arabera, haurrek oso goiz garatzendute ingurumena babesteko kontzientzia. Hala, oso gaizki iruditzen zaie, adibidez, lore bat zapaltzea. Kontzientziahori, gainera, izaki bizidunak eta bizigabeak garbi bereizteko gai izan baino lehenago ere azaldu daiteke; hau da,lorea biziduna dela jakin baino lehenago esan dezake haur batek gaizki dagoela loreari kalte egitea.

Bizidunak eta bizigabeak bereizteko gaitasuna, eta horrek ingurumenarekiko sentiberatasunarekin duen lotura ikertu du José Domingo Villarroelek, UPV/EHUko Bizkaiko Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikertzaileak.

Ikerketan, Plentzia, Urduliz eta Sopelako ikastetxe publikoetako 4-7 urteko 118 neska-mutilek hartu dute parte, eta, Villarroelek banan-banan elkarrizketatu ditu.

Elkarrizketa bakoitzak bi zati zituen. Umeek izaki bizidunen eta bizigabeen arteko aldea hautemateko duten gaitasuna aztertzeko zen lehena. Horretarako, zortzi argazki erakusten zizkien haurrei; haietako lauretan, bizidunen lehen planoak agertzen ziren (zakur bat, txori bat, zuhaitz bat eta lore bat), eta, besteetan, bizigabeenak: eguzkia, hodeiak, kotxe bat eta moto bat. “Argazki bakoitzean agertzen zen izakia biziduna ala bizigabea zen itauntzen nien haurrei “.

Bigarren zatian, berriz, irudiak jokabide desegokien gaineko marrazkiak ziren, haurrentzako liburuetatik lorturikoak. Portaera txar horiek hiru motakoak ziren: besteengan ondorio kaltegarriak dituztenak (ondasunak kentzea eta bortizkeriaz lagunak erabiltzea); gizarte-arauak apurtzen dituztenak (mukiak atzamarrez sudurretik ateratzea eta narras jatea) eta landareei kalte egiten dietenak (lore bat zapaltzea eta zuhaitz baten enborrean labanaz irudiak egitea).

Villarroelek azaldu duenez, “elkarrizketan umeak dilema baten aurrean jartzen nituen; hau da, aldi berean azaltzen ziren bi jokabide txarren irudien aurrean, eta zein portaera zen okerrena hautatu behar zuten”. Bi dilema-mota gertatzen ziren: lehenengoa, gizarte-arauak haustea ala besteen ongizatean eragitea; eta bigarrena, gizarte-arauak haustea ala landareei kalte egitea.

Pentsamendu morala eta emozioen mundua
Emaitza interesgarriak eman ditu azterketak ikertzailearen aburuz. “Lehene zatian, espero zitezkeenak izan dira erantzunak. Hain zuzen, haur asko, txikienak bereziki, ez dira bizidunak eta bizigabeak bereizteko gai; adibidez, asko kostatzen zaie zuhaitza biziduntzat hartzea, eta, aldiz, autoak eta motoak biziduntzat hartzeko joera dute”, esan du Villarroelek.

Antza denez, haurrek mugitzeko ahalmenarekin lotzen dute biziduna izatea.
Bigarren zatiaren emaitzak aurrekoak baino deigarriagoak iruditu zaizkio, “paradoxa bat” aurkitu baitu. Nonbait, haurrek uste dute beste haur bati edo landareei kalte egitea gaitzesgarriagoa dela gizarte-arauak haustea baino, “baita landarea biziduntzat hartu ez duten kasuetan ere”. Alegia, ez dute argi lorea biziduna ote den, baina askoz okerragoa iruditzen zaie lorea zapaltzea, zopa modu baldarrean jatea edo hatza sudur-zuloan sartzea baino.

Villarroelen arabera, paradoxa horrek iradokitzen du besteekiko sentiberatasuna oso goiz garatzen dela, eta pentsamendu moralaren garapena oso lotuta dagoela mundu afektiboarekin, hau da, gurasoengandik eta hezitzaileengandik jasotzen dutenarekin, eta ez hainbeste logikarekin eta arrazionaltasunarekin: “Hain zuzen, pentsamendu morala nola garatzen dugun azaltzeko, bi ikuspegi nagusi daude; batzuek uste dute ahalmen logikoarekin lotuta dagoela, eta beste batzuek, berriz, emozioekin eta mundu afektiboarekin. Nik jasotako emaitzek bigarren ikuspegia indartzen dute”, adierazi du Villarroelek.

Environmental judgment in early childhood and its relationship with the understanding of the concept of living beings” izenburuarekin argitaratu du ikerketa SpringerPlus zientzia-aldizkarian. Baina Villarroelek ez dauka hor geratzeko asmorik, eta ildo beretik ikertzen jarraituko duela iragarri du: “Batetik, asko interesatzen zait jakitea nola jasotzen duten gurasoengandik ingurumenarekiko kontzientzia. Eta, bestetik, ikerketa bera egitea gustatuko litzaidake beste testuinguru batzuetan, eta baita herri txikietako eta handietako haurrak alderatzea, adibidez”. Gainera, ikerketa-lerro horrekin beste artikulu bat argitaratzekotan da Journal of Biological Education aldizkari espezializatuan.

Datu gehigarriak
José Domingo Villarroel (Barakaldo, 1967) biologian doktore da. Zientzia- eta matematika-irakaslea izan da DBHn zenbait urtez, eta, gaur egun, UPV/EHUren Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Matematika eta zientzia esperimentalen didaktika saileko irakasle eta ikertzailea da. Hainbat zientzia-artikulu eta liburu argitaratu ditu, bereziki, oinarrizko zientzia-kontzeptuak ulertzeko eta ikasteko prozesuei buruz.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>