Gezurrak

Irudia: Topi bt termita-habi baten gainean Masai Mara Nazio Erreserban, Kenya. Argazkia: Jakob Bro‐Jørgensen

Irudia: Topi bat termita-habi baten gainean Masai Mara Nazio Erreserban, Kenya. Argazkia: Jakob Bro‐Jørgensen

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Txikitan kontatu zidaten Pello, artzain gezurtiaren istorioa, baina uste dut oso ondo gogoan dudala oraindik ere. Pellok gustukoa zuen bere lagunei beldurra eragitea eta hori lortzeko, otsoa zetorrela esaten zien, nahiz otsoa gero ez zen inondik agertzen. Otsoa agertu zen arte.

Dirudienez, gizakiok ez gara gezurrezko alarma-hotsak egiten ditugun animalia bakarrak. Zenbait animalia espeziek ere egiten dituzte. Zeren gizaki gehienek animaliak tolesgabeak direla uste duten arren, gezurti hutsak dira animalia asko. Izan ere, ezagunak dira animalien arteko engainu taktikoak interes-gatazkak daudenean. Zehazkiago, alarma-hotsak oso erraz erabil daitezke besteak engainatzeko. Esate baterako, zenbait hegaztik gezurrezko alarma-hotsak egiten dituzte, eta harrapakariak hurbiltzen direla adierazten dute, inolako harrapakaririk gerturatzen ez denean ere; janariarekiko beren lehiakide izan daitezkeenak urrundu nahi dituzte horrela. Txinpantzeek ere, gezurrezko alarma-hotsak egiten dituzte, beste txinpantzeak nahas daitezen eta lortu nahi dituzten gauzetatik urrundu daitezeen. Lortu nahi duten bikotekidearengandik urruntzeko ere erabiltzen dituzte alarma-hotsak.

Ikusi ditugun adibide hauetan, interes-gatazkekin lotuta daude engainuak. Baina 2010ean American Naturalist zientzia-aldizkarian argitaratu zen ikerketa-lan baten arabera, espezie bereko kideek interes-gatazkarik gertatzen ez den egoeretan erabiltzen dituzte taktika-engainuak. Istorio honen protagonistak, Damaliscus lunatus zientzia izeneko topiak dira. Tamaina ertaineko antilope hauek sabanetan bizi dira Senegaletik Etiopiara iparraldean, eta Etiopiatik Hegoafrikara ekialdean.

Harkor dauden emeak bere inguruan geldi daitezen, topi arrek arrisku-hotsak egiten dituzte harrapakariak hurbil daudela adieraziz. Horrelaxe jokatzen dute arrek nahiz harrapakaririk ez dagoen, era horretara emeak luzeago gelditzen direlako euren eskura eta estaltzeko aukerak ugaritu egiten direlako.

Arrek ez dute gezurrezko mezurik botatzen beti, emeak argose daudenean bakarrik egiten dute hori. Are gehiago, emeak topi taldetik alde egiten saiatzen diren unean hasten dira arrak gezurrezko mezuak bidaltzen. Gainera, arrak ez dira horrekin konforme gelditzen, eta erne egotearen jarrera hartzen dute, belarriak igoaz eta emeak hartu behar zuen norabideari so geldituz.

Bestalde, taktika eraginkorra dela egiaztatu dute ikertzaileek. Batetik arreske dagoen emeak taldetik joateko probabilitatea apalagoa da arrek engainu-hotsak egiten dituztenean, egiten ez dutenean baino. Bestetik, estaltze kopurua handiagoa da horrela jokatzen dutenean. Sexu arteko gatazka honetan arrak ateratzen dira garaile, ikusten denez.

Argi dago zer den arrek irabazten dutena taktika horren bitartez. Emeek, berriz, engainu-hotsak entzuten dituztenean gelditzeko joera dute, asko delako jokoan dagoena: bizitza bera, noski. Baina emearen interesen ikuspuntutik hots horiei kasu egiteak aurkako nabarmena du, bikotekide hobeak izan daitezkeen ar berriak aurkitzeko aukerak murrizten zaizkiolako eta horren ondorioz, kume osasuntsuago eta indartsuagoak edukitzeko probabilitatea ere beheratzen delako. Argi dago bizirik irautea hobesten dutela topi emeek, eta ez dirudi hautu desegokia denik. Uste dut gutariko edonork, gauza bera egingo genukeela beren lekuan. Emearen jokaeraren egokitasunaren aldeko arrazoi oso sendoa dago, gainera, lan honetan aztertu den topi populazioan behintzat: harrapakariek eragindako hilkortasuna da, topi populazioaren tamaina eraentzen duen eragile nagusia, ez janari-gertutasuna. Harrapakariak, beraz, egiazko mehatsu dira.

Ikerketaren egileek, honako gogoeta bitxiaren bidez eman diote bukaera artikuluari: “… euren bikotekideak engainatzeko seinale gezurrezkoak erabiltzeko gaitasunean paralelotasuna dago animalia hauen eta gizakion artean; hortaz, uste genuena baino antzekoagoa dirudi bere komunikazioak.” Ni ez nintzateke ausartuko hainbeste esaten, baina tira….

———————————

The American Naturalist aldizkariaren edizio digitalean, bideofilme hau erabili dute topien joakaera erakusteko:

———————————

Iturria: Jakob Bro-Jorgensen & William M. Pangle (2010): “Male Topi Antelopes Alarm Snort Deceptively to Retain Females for Mating” The American Naturalist 176 (1): E36-E39

———————————

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako Katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>