Peru S. Gamarra
Imajinatu, une batez, unibertsoa ez dela guk gaur egun ezagutzen dugun modukoa. Imajinatu ez dela landarerik existitzen, ezta inolako animaliarik ere ez. Joan gaitezen urrunago. Imajinatu, segundu batez bada ere, ez dela planetarik, asteroiderik edota izarrik existitzen. Hau da, pentsatu ezagutzen dugun unibertsoan ez dela masarik duen ezer ere ez existitzen. Beldur pixka bat ematen du, ezta? Batez ere, gu ez ginatekeelako bertan egongo.
Zaila egiten zaigu hau dena irudikatzea, izan ere, gaur egun normalak egiten zaizkigun gauza asko ez bailirateke hemen egongo. Planetarik egon ezean, bizitza bera ez litzateke guk ezagutzen dugun modukoa izango. Ez dinosaurorik, ez mikroorganismorik, ezta gizakirik ere. Errealitatea beste era batekoa izango litzateke.
Hala ere, egoera ez da honelakoa. Masa badago eta honi esker gure unibertsoa existitzen da. Baina, hau honela izanik, galdera zail batzuk etortzen zaizkigu burura nahi eta nahi ez: zerk sortu du unibertsoa bera? Nondik dator hau guztia? Nondik gatoz gu? Galdera hauei erantzuna emateko milioika azalpen eman izan dira historikoki. Gure kulturan, hedatuena, hau izan da: Jaungoikoa da unibertsoaren sortzailea. Berak egin zuen dena, hasieratik bukaerara arte eta, gainera, zazpi egun behar izan zituen bakarrik bere obra bukatzeko. Egun bakoitza elementu ezberdinak sortzeko erabili zuen –itsasoak, animaliak, argia eta iluntasuna…- eta, azkeneko eguna soberan zuenez, atsedenaldi bat hartzea erabaki zuen.
Esplikazio hau ehunka urtetan zehar erabili izan da gure unibertsoa nola sortu zen definitzeko, baina, normala denez, ez zuen mundu guztiak sinetsi. Eszeptizismo honek zientzialari asko lanean jarri zituen. Azalpen bat bilatu nahi zuten. Ezinezkoa zen ezagutzen ez zuten norbaitek hau dena egitea. Esplikazio diferente eta logikoago bat egon behar zuen derrigorrez. Jaungoikoarena erabat sinplea zen eta ez zuen inolako base zientifikorik. Nola sortu zen unibertsoa? Galdera handia, zalantzarik gabe.
Honi erantzun zehatz bat emateko urte asko falta dira oraingoz. Seguru aski ere, lerro hauek irakurtzen dutenek ez dute inoiz ere ezagutuko, baina hasiera bat eman zaio behintzat. Duela aste gutxi jakin da aurtengo Fisika Nobel Saria nork eskuratuko duen. François Englert eta Peter Higgs izan dira sari berezi hau jaso dutenak oinarrizko partikulek masa nola hartzen duten teoria azaldu izanagatik. Hau da, bi zientzialari hauek duela hainbeste urte aurreikusi zuten ‘bosoia’ aurkitu dute azkenean. Baina zer da aurkikuntza hau eta nola eman dute berarekin?
Unibertsoa nolakoa den azaltzeko Higgsen bosoiak ezinbesteko garrantzia du. Izan ere, Partikulen Fisikako Eredu Estandarrak aurreikusita baina oraindik atzeman gabe zuen azken partikula da Higgs-ena eta, 50 urte pasatu ondoren, aurkitzea lortu dute. Eredu estandar honek oinarrizko partikulak eta euren arteko interakzioak azaltzen ditu.
Partikula batzuek masa zergatik duten eta beste batzuek ez azaltzeko, Peter Higgs fisikari britainiarrak 60ko hamarkadan ‘Higgs eredua’ bezala ezagutzen den teoria eratu zuen. Fotoia argiaren oinarrizko osagaia den bezala, Higgsen ereduak partikula bat behar du derrigorrez: zientzialariek ‘Higgsen bosoia’ izenaz ezagutzen dutena. Hauxe da eredu estandarraren puzzlea betetzeko falta zen azkeneko pieza. Eta, Nobel Sariaren bitartez, Higgs-en eta Englert-en ekarpen hau aitortu nahi izan dute.
Bestalde, bi zientzialariek partikula guztiak eremu batean bilduta egon zitezkeela iragarri zuten: Higgsen eremuan, alegia. Partikula batzuk inolako trabarik gabe mugitzen dira eremu horretan, beste batzuk ez, ordea. Eta horren arabera, partikulek masa izango dute edo ez. Alegia, Higgs eremuarekin elkarreragiten ez duten partikulek ez dute masarik (fotoiek, adibidez), eta elkarreragiten dutenek bai (elektroiek, adibidez), ordea. Eta elkarrekintza-mailaren arabera, masa gehiago edo gutxiago izango dute.
Higgsen eremua partikula bati zor zaio: Higgs bosoiari, hain zuzen ere. Eta partikula hori aurkitzea zen teoria baieztatuko zuen modu bakarra. Eredu estandarrak beharrezkoa zuen partikula hori, eta horregatik, azken urteetan lan asko egin da eta baliabide asko jarri dira Higgs bosoia aurkitzeko. Beteak beste, LHC azeleragailu erraldoia jarri zuten lan horretan. Azeleragailu hau izan da guztiaren klabea, bera izan baita teoria errealitate bihurtu duena. Diru asko eta ordu mordo bat sartu ostean, azeleragailuak espero genuen albistea ekarri digu. Edo hobeki esanda, ekarri zigun. Izan ere, CERN-ek duela urte bete azpimarratu zuen Higgs-en bosoia aurkitu zutela eta ordutik aurrera errealitate bat izango zela.
Hobeto ezagutzen dugu natura orain. Zientzialariek beste pieza bat jarri dute Unibertsoko puzzlean. Baina ez dezagun pentsa horrek, halabeharrez, hurbilduko gaituen puzzlea osorik betetzera. Orain arte, pieza berri bat bere lekuan kokatu dugun bakoitzean handiago agertu zaigu puzzlearen konplexutasuna eta pieza gehiago behar ditugunaz ohartu gara. Sei egunetako kreazio-ekintza baten emaitza baino askoz ere konplexuagoa baita Unibertsoaren puzzlea.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da
1 iruzkina
[…] izugarriaren emaitza izan zen 80ko hamarkadako eredu estandarra, eta prozesu guztiaren amaieran Higgs bosoia aurkitzea, […]