Partikula estralurtarrak, Lurretik irten gabe

Dibulgazioa

Kometen hauts arrasto garbiak aurkitu dituzte lehenbizikoz gure planetan bertan, horien bila estratosferara joan beharrik gabe. Hamar mikrometro eskaseko berrogei partikula bildu dituzte guztira, Antartikako izotz eta elur artean.

Kometen hautsak informazio mordoa eman dezake kometen beren jatorriaren inguruan, bai eta Lurraren zein eguzki sistemako beste planeten sorreran parte hartu zuten materialei buruz ere. Hala ere, ez da batere erraza hauts hori harrapatzea. Izan ere, askotan pentsatu izan da halako partikula porotsu eta hauskorrek ezin dutela Lurrean iraun, ezin dutela gainditu gure planetaren atmosfera zeharkatzeak dakarren inpaktua.

Nazioarteko ikertzaile talde batek, baina, aurkitu du zirrikitu bat, eta lehenbizikoz kometen hauts arrasto garbiak eskuratu ahal izan ditu Lurrean bertan, espaziora irten beharrik gabe. Zehazki, Antartikako izotz eta elur artean aurkitu dituzte jomugan zituzten partikula estralurtar horiek. Japonia, Hawaii eta Chicagoko ikertzaileek hartu dute parte esplorazio honetan, eta artikulu bat argitaratu berri dute Earth and Planetary Science Letters aldizkarian.

1. irudia: Kometen hauts partikula bat, mikroskopioan ikusia. (Argazkia: Takaaki Noguchi)
1. irudia: Kometen hauts partikula bat, mikroskopioan ikusia. (Argazkia: Takaaki Noguchi)

Takaaki Noguchi artikuluaren egile nagusiak eta Kyushuko Unibertsitateko (Fukuoka, Japonia) ikertzaileak adierazi bezala, “gure emaitzek erakusten dute partikula horiek, oso hauskorrak izan arren, elurrari eutsi diezaioketela, bai eta izotzari ere”.

Ikertzaileok 2000 urtean hasi ziren Antartikan lanean. Kontinenteko bi toki oso desberdinetan bildu zuten izotza eta elurra, eta hura xehatzen aritu ziren jarraian. Izotza urtu, ura iragazi eta hiru mila mikrometeorito baino gehiago bildu zituzten horrela; bere garaian espaziotik jausitako eta hamar mikrometroko diametroa duten partikula ñimiñoak, alegia. Bost urtez mikrometeorito horiek guztiak banan-banan aztertu eta gero, horien artean berrogei kometen hautsa direla ondorioztatu dute, hauts horren berezko ezaugarriak identifikatuta.

Nola egiaztatu dute, baina, partikula horiek kometetatik datozela benetan? Espazioan atzemandako eta Lurrera ekarritako kometen hautsarekin alderatuta. Izan ere, gure planeta barruan halakorik aurkitzerik ez zegoela pentsatuta, ikerketa espazio-ontziak bidali izan dira estratosferaren goialdera. NASAk 2006an zuzendutako Stardust misioak egin zuen ekimen horietako bat, eta bertatik ekarritako partikulak erkatu dituzte Antartikan orain topatutakoekin.

2. irudia: Stardust misioan partikulak aerogelarekin harrapatzeko baliatutako paneletako bat. (Argazkia: NASA)
2. irudia: Stardust misioan partikulak aerogelarekin harrapatzeko baliatutako paneletako bat. (Argazkia: NASA)

Horrelako arrastoak Lurrean bertan aurkitu ahal izatea lorpen handia da, eta estratosferara bidaiatzea baino nabarmen merke eta eraginkorragoa. Izan ere, NASAren moduko misio baten halako espazio-ontzi berezi bat bidaltzea garestia da oso, eta ahalegin handia eskatzen du partikula gutxi batzuk baino ez harrapatzeko. Esplorazio modu berri honek, aldiz, potentzialki aukera handiagoa du partikula gehiago lortzeko, eta gastu txikiagoaz, gainera.

Bestalde, Antartikan lortutako kometen hauts arrastoak garbiagoak ere badira. Izan ere, NASAren bezalako misioetan aerogel berezi bat baliatzen da partikula horiek harrapatzeko: bertan itsasten dira eta horrela ekartzen dituzte Lurrera. Hori dela eta, laginak kutsatuta datoz, eta gero are gehiago kutsatzen dira, itsasgarria kentzeko baliatzen diren substantziekin. Hala, ikertzaileentzat zaila izaten da kometen hautsak berezkoa duen material organikoa kutsagarri horietatik bereiztea. Hain zuzen ere, Antartikan atzemandako partikula berri horiek horretarako ere izango dira baliagarriak: estratosferan bildutako beste horiekin alderatu eta kometa hautsak berezkoak dituen osagarriak zehazki zeintzuk diren argitzeko.

Erreferentzia bibliografikoa

Takaaki Noguchi, Noriaki Ohashi, Shinichi Tsujimoto, et al. Cometary dust in Antarctic ice and snow: Past and present chondritic porous micrometeorites preserved on the Earth’s surface. Earth and Planetary Science Letters, Volume 410, 15 January 2015, Pages 1-11. doi:10.1016/j.epsl.2014.11.012


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude