Zertarako nahi ote dugu beso birtualdun makakorik?

Antonio Martínez Ron

Irudia: Duke Ceneter for Neuroengineering

Irudia: Duke Ceneter for Neuroengineering

Korrika doa burmuina eta ordenagailua elkarrekin konektatzeko ahaleginen lasterka. Miguel Nicolelis (Dukeko Unibertsitatekoa) da lehia horretan oraingoz aurretik doana. Izan ere, duela urte batzuk lan egiten ari da burmuinaren aginduetara jarriko diren makinetan, beti ere gorputz deritzon interfaze hori alde batera utzita. Nicolelis izan zen esparru honetan txundituta utzi gintuen lehenengoa, erakutsi baitzigun nola makako batek mugitzen zuen baso errobotiko bat, bere burmuina erabiltze hutsarekin. Urte batzuk beranduago, berriki frogatu du bere laborategiko tximinoak gai direla beso birtualak mugitzen, mugitu behar dituztela pentsatu eta besoak bereak izango balira bezala jokatzen hutsarekin.

Gaian adituak ez direnek bideo hauek ikusita, pentsa dezakete “eta zertarako nahi ote dugu beso birtualak erabiltzen dugun makakorik?” Hobe dugu laborategiko saio hori zertan den jakitea, galderari erantzuna eman baino lehen.

Science Translational Medicinealdizkarian plazaratu den lan hau egiteko, Nicolelisek makako multzo bat aukeratu zuen. Gero, hainbat elektrodo sorta sartu zizkien burmuin kortexean, eta 500 neuronaren jarduera monitorizatu zuen. Esan beharrekoa da ordura arte ez zela inoiz hainbeste neuronarekin horrelakorik egin. Ondoren, trebatu egin zituen makakoak, ordenagailu bidez sortutako besoez baliatzen, lehenago joystickak erabilita eta gero burmuin soila erabilita.

Makakoek pixkanaka ikasi zuten jarduera birtualak egiten. Adibidez, ikasi zuten burmuina bakarrik erabilita hainbat forma geometriko pantailan ukitzen. Denbora iragan ahala, beren burmuinak berrantolatzen hasi ziren eta, hona harrigarriena, beten mapa motorera sartu zituzten beso birtualak.

Lortua zen aurretik gizakiek zein tximinoek burmuina erabilita besoak mugitzea, baina oraingo honetan lehendabizi lortu da bi besoak era koordinatuan mugitzea. Aurrerapen txiki hau, izugarrizko aurrerapena da teknologian, espero izatekoa baita etorkizunean mugikortasuna erabat galdu duten gizakien eskura jarriko direla honelako baliabideak.

Nicolelisek dioenez, “etorkizuneko burmuin/makina interfazeak beso anitz izan beharko lituzke, paralisia duten gaixoetan aurrerapen handiak lortu ahal izateko”. Hau dela eta, zientzi lanak hobekuntzak eskaintzen doaz. 2012an, Browneko Unibertsitateak lortu zuen tetraplegiadun emakume batek lehendabizi ontzi batetik edatea beso errobotiko bat burmuinen aginduetara erabiliz. Nicolelisek berak bere buruari ezarri dio erronka bat: 2014ko Munduko Futbol Lehiaketan, bere Brasil herrialdean egingo delarik, lortu nahi du irekierako sakea tetraplegiadun gaixo batek egitea. Horretarako, ibiltzeko aukera emango dion kanpo eskeleto bat garatu beharko dute. Erdietsiko ote du horrelakorik? Diru-postura egin beharko balitz, “baietz lortu” esango nuke nik.

Gehiago jakiteko gogo gelditu bazara, eman beste 15 minutu Nicolelisen hitzaldi hau Ted Talks direlakoetan entzuten.

Iturria: A Brain-Machine Interface Enables Bimanual Arm Movements in Monkeys (Science Translational Medicine)

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>