Neurokirurgialari hura zerutik erori zen

Antonio Martínez Ron

Argazkia: Brian Finke

Argazkia: Brian Finke

Eben Alexander oso ospetsua da Estatu Batuetan. Bere liburuaren bi milioi ale saldu ditu, eta lan hau duela urtebete argitaratu bazen ere, salduenen zerrendan jarraitzen du oraindik ere. Liburuaren izena oso argigarria da: “Zeruaren froga: neurokirurgialari hark bidaia egin zuen heriotza osteko bizitzara (“Proof of Heaven: A Neurosurgeon’s Journey into the Afterlife“). Erdietsi duen arrakasta dela eta, saioz saio dabil telebistetan. Saioetan, aurkezle adeitsu eta akritikoek bere harridura adierazten dute eta medikuaren ausartzia goraipatzen dute. Haien esanetan, Alexander kirurgialaria heriotzatik itzuli zen eta Zerua badagoela frogatu zuen: aingeruak, tximeletak, nezakari-jantziak daramatzaten neskak, eta Jainkoaren ahotsa. Ahots honek, bizitzara itzuli eta bere esperientziaren berri emateko eskatu zion.

Zientzi komunitateak aurkako kritika ugari igorri ditu, baina Luke Dittrich izan da Esquire aldizkarian Alexanderren gezurra zehatz-mehatz aztertu duena. “Profeta” izeneko erreportaian, Ditrichek agerian uzten ditu Alexanderren kontakizunean dauden kontraesan nabarmenak. Areago, egia ilun bat azaleratzen du bertan. Lehenik, gaixotu aurretik Alexanderrek jaso zituen negligentzia-salaketen berri ematen du, eta era berean, gogora dakar hainbat auzibide igaro behar izan zituela okerrak estaltzeko egindako txosten gezurrezkoengatik. Ondoren, kazetaria, saiatzen da medikuak bere benetako historia nola eraldatuko zuen asmatzen, eta erkatu egiten ditu Alexanderren istorioa eta 2008ko udan ospitalera sartu zenean berari arreta eman zion Laura Poter neurokirurgialariak esandakoa. Alexanderren hiztetan, E.coli bakterioak eragindako infekzio batek jota ospitaleratu zuten. Infekzio horrek eragin omen zion Zerua ikustea ahalbideratu zion koma. Laura Poterren esanetan berriz, berak eragin zion koma Alexanderri, bere erabateko asaldura arintzeko. Alexanderrek dio “Jaungoikoa, lagundu” esan zuela konortea galdu baino lehen. Laura Poterrek berriz, baiztatzen du gaixo intubatu eta anestesiatu batek horrelako ez daukala inongo aukerarik Zeruari horrelako dei dramatikoak egiteko.

Laura Poterrek liburuaren pasarte batzuk batzuk irakurrita, gezur hauetaz galdetu zion Alexanderri eta honek erantzun zuen hainbat “lizentzia poetiko” erabili zituela eta hainbat pasarte “dramatizatu” egin zituela testua erakargarriagoa egiteko irakurlearentzat. Dramatizazio zabala eta landua. Koman egon zen zazpi egun horietan, bere esanetan, euria egin zuen, eta esnatu zen egunean, atertu egin zuen eta ortzadar handi bat agertu zen zeruan, Jaungoikoaren seinalea bailitzen. Luke Dittrichek kontsulta egin zien metereologoei, eta egun horietan ez zuen euririk egin, eta Alexanderrek ez zuela inolako modurik izan komatik aterata ortzadar bat ikusteko.

Baina zientziarekikoa da gezur larriena, zeren eta jendeak kirurgialaria izateagatik sinistu baitzion. Alexanderrek dio komapean bere burmuinak ez zuela “funtzionatzen” eta bere beraz bere oroitzapenak ezin zirela eldarnioak izan, zeren eta burmuina une haietan ez baitzen horrelakorik sortzeko gai.

2012ko urrian, Sam Harrisek liburua “larriki azientifikoa” zela esan zuen. Izan ere, “burmuina itzaltzea” dela eta, Alexanderrek ez zuen inongo frogarik eskaini, eta areago, nabari da ez dakiela tutik ere burmuinaren funtzionamenduaz. Izan ere, koma epean burmuina partzialki geldirik egon bazen ere, ezin dugu egiaztatu Alexanderrek eldarnioak ez ote zituen esnatu ostean sortu. Oliver Sacks bera ere, ez da buru-belarri sartzen honelako eztabaidetan, baina bat egin zuen Harrisekin eta berak ere azientifikotzat jo zituen Alexanderren baieztapenak. “Onargarriagoa da pentsatzea Alexanderrek koma bukaerako garaian jasoko zuela esperientzia hura, garun azala berriz lanean hasten ari zitzaiolarik”. “Bitxia da begi bistako azalpen honi uko egin eta naturaz gaindiko azalpenari lehentasuna ematea”.

Aurreko argudio horiek guztiak nahiko ez baziren, Esquireren kronika eta Porterren lekukotasuna are konbentzagarriagoak dira. Dittricek galdetuta, Porterrek erantzun zuen kordean baina eldarnioetan ari zela lehenengo koma orduetan. Alegia, lasaigarriak eman zizkioten eta tarteka jasango zituen kontzientzia eta eldarnio uneak. Hortaz, erraz jasan zezakeen beste gaixo batzuek heriotzatik gertu kontatzen duten esperientzia ezagun hori. Hau guztia zientziaren ikuspegitik azaltzeko, pentsa daiteke begien gaineko presioak eragin dezakeela tunelaren bukaerako argiaren irudipen hori. Baliteke era berean anoxiak edo muturreko egoera horretan sortzen diren eldarnio-eragile naturalek sortzea eldarnioak. Horrela, muturreko egoerako eldarnioak egiazko baliren aurkezten dizkio burmuinak gaixoari, eta giaxoak ez du inola ere amore emango, zerutik deserritua ez izategatik.

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>