Ur asko

Dibulgazioa · Mugaldea

Mucha-agua-580x435

Astrobiologoei izugarrizko jakin-mina piztu die Lur planetaz kanpoko ura egon litekeelako ideiak. Bereziki, likido egoeran egon litekeen uraz ari dira, eta zentzuz: beste hainbat aukera plazaratu diren arren, ur likidotik sortu zen ezagutzen dugun bizitza era bakarra. Bertan garatu zen bizitza eta erabateko menpekotasuna du urarekiko. Ura, balio segurua zen gure harkaitzezko planeta honetan, eta hementxe gaude ezta?

Eta izan ere, nekez lor daiteke gure Lurrean baino ezaugarri egokiagorik. Hasteko, ura oso ohikoa da likido, gas edo solido eran. Berez, ura izango da ziur aski unibertsoan dagoen gai ugariena. Ugarien artean lehenengo eta hirugarren diren elementuek osatua dago eta gainera elementu bi horiek erraz erreakzionatzen dute elkarrekin eta beraz, urak toki guztietan egon behar luke. Gainera, likido modura oso disolbagarri ona da eta “disolbagarri unibertsala” ere deitu izan da. Hau da, erraztu egiten du garraioa, nahasketa eta elkarrekintza, oso desberdinak diren molekulen artean, eta horrela, bizitza sortzeko aukera anitz zituen. Beste alde batetik, anfoteroa da eta azido zein base modura joka dezake. Hori guztiz funtsezkoa da erreakzio biokimiko askotan. Eta askoz ere gauza gehiago esan litezke.

Hala eta guzti, garai batean ez genekien ziur ur likidoa beste ur motak bezain ugaria izan ote litekeen. Ba ote liteke, galdezka genbiltzan, gure Lurra bitxikeria bat izatea, alegia, Orion gerrikoko ur-harribitxia izan ote liteke gure Planeta?

Ezetz dirudi. Azken urteotan, Galileo eta Cassini espazio-zundek ekarritako datuek iradokitzen dute ur likido asko egon litekeela Saturnoko Europa, Jupiter eta Titan ilargietan. Europa ilargian, Lurrean halako bi egon liteke, eta Titaneko ura Lurrekoa halako hamaika izan liteke. Gainera, Cassini zundak geiser erraldoiak antzeman zituen Entzeladoaren hegoaldean. 2013ko abenduan, Hubble espazioko teleskopioak egiaztatu zuen Europan bertan ere bazirela ur-lurrinak. Izan ere, zantzu asko daude beste toki batzuetan ere are ur gehiago dagoela gure Eguzki Sistematik kanpora joan gabe ere.

Areago, orain dela gutxi, hainbat ikerlari taldek ur zantzu batzuk aurkitu dituzte exoplaneta batzuetan, alegia, beste eguzki batzuen inguruan dabiltzan planetetan. Hubble teleskopioko taldeak gutxienez bost egon daitezkeela egiaztatu du: WASP-12b, WASP-17b, WASP-19b,[i] HD 209458b y XO-1b. Guztiak ere, gasezko planeta erraldoiak dira eta izan ere, oraindik ez dugu objektu txikiagorik atzemateko teknologiarik. Objektu horiek 154 eta 1000 argi-urtera daude. Edonola, garbi dago ezin dugula baieztatu han, urrunean, ura dagoenik, baina oso bitxia izango litzateke urik ez egotea.

Azken bolada honetan, Lurra pixkanaka baina eten gabe galtzen doa ustez bere bereizgarri propioak zirenak, Lurra berezi egiten zutenak eta Lurreko bizitza bakarra zela pentsarazten zigutenak. Eta hala dela ikusten ari gara Carl Saganek txaubinismotzat jotzen zuen horretan erori gabe ere. G eredu espektraleko izarrik nahi ote genuen? Baditugu horrelakoak. Hamar izarretik bat horrelakoa da. Harkaitzezko exoplanetarik nahi ote genuen bizia gorde dezakeen ohiko zonaldean? Baditugu horrelakoak, hirunaka ere. Nahi ote genuen Jupiter bezalako planetadun eguzki-sistemarik? Nahi beste ditugu. Exoilargirik nahi ote genuen? Nahi beste aurkitzen ari dira. Lurraz kanpoko urik nahi ote genuen? Ugari dagoela ikusi da dagoeneko. Denetarik dakigu, eta zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta tresna zehatzagoak izan, zenbat urrunago eta zorrotzago ikusi ahal izan, hainbat eta gauza gehiago aurkitzen ari gara. Hau guztia dela-eta, garai bateko galdera gero eta beldurgarri bilakatzen ari zaigu buruan: non arraio ote daude estralurtar guztiak?


[i] Avi M. Mandell et al.: Exoplanet transit spectroscopy using WFC-3: WASP-12b, WASP-17b and WASP-19b. The Astrophysical Journal, Vol. 779 no. 2 / 128 (2013). DOI:10.1088 / 0004-637X / 779 / 2 / 128.


Iturriak:

[1] United States National Research Council: The limits of organic life in planetary systems. Washington, DC: The National Academies Press, 2007.

[2] Margaret G. Kivelson et al. (2000): Galileo magnetometer measurements: A stronger case for a subsurface ocean at Europa.Science 289 (5483): 1340-1343. DOI: 10.1126 / science.289.5483.1340.

[3] Luciano Iess et al. (2012): The tides of Titan. Science, 337 (6093): 457-459. DOI: 10.1126 / science.1219631.

[4] Liquid water in the Solar System, PHL UPR Arecibo.

[5] Porco C. C. et al. (2006): Cassini observes the active South Pole of Enceladus. Science, 311 (5766): 1393-1401 (2006). DOI: 10.1126 / science.1123013

[6] Hubble sees evidence of water vapor at Jupiter Moon, Jet Propulsion Laboratory / NASA, 2013ko abenduaren 12a.

[7] Avi M. Mandell et al. (2013): Exoplanet transit spectroscopy using WFC-3: WASP-12b, WASP-17b and WASP-19b.The Astrophysical Journal, 779 (2 / 128). DOI:10.1088 / 0004-637X / 779 / 2 / 128.

[8] Drake Deming et al. (2013): Infrared transmission spectroscopy of the exoplanets HD 209458b and XO-1b using the Wide Field Camera-3 on the Hubble Space Telescope.The Astrophysical Journal, 774 (2) DOI: 10.1088 / 0004-637X / 774 / 2 / 95.

[9] Guillem Anglada-Escudé et al. (2013): A dynamically-packed planetary system around GJ 667C with three super-Earths in its habitable zone.Astronomy and Astrophysics, 556, A126-A126. DOI: 10.1051 / 0004-6361 / 201321331.

[10] D. P. Bennett et al.: A sub-Earth-mass Moon orbiting a gas giant primary or a high velocity planetary system in the Galactic Bulge.Earth and Planetary Astrophysics, arXiv:1312.3951 [astro-ph.EP].


Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.