Orain dela hogeita hamar urte, lehenengo aldiz ikusi zen planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat Saturnon. Eguzki Sistemaren planetetan ez da inoiz antzekorik ikusi, geometria oso erregularra baitu. Orain UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak hexagonoa aztertu eta neurtu ahal izan du, eta, beste lorpen batzuen artean, haren errotazio-aldia ezagutu ahal izan du. Gainera, aldi hori planetarena berarena izan liteke. Eguzki Sisteman, Saturno planeta bakarra da errotazioa egiteko behar duen denbora ezagutzen ez dena.
1980an eta 1981ean NASAren Voyager 1 eta 2 espazio-ontziek Eguzkitik 1.500 milioi kilometrora dagoen Saturno planetaren gainetik hegan egin zuten lehenengo aldiz. Haien aurkikuntza guztien artean, goialdeko hodeietan planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat ikusi zuten. Hexagonoa ia geldirik zegoen, mugimendurik gabe, zehatz-mehatz ezagutzen ez den planetaren errotazio orokorraren aurrean. Gainera, Voyager ontzien irudiek bistaratu zuten hexagonoaren barnealdetik hodeiak azkar mugitzen zirela, zurrustako korronte estu batean, 400 km/h-tik gorako haizeek mugiarazten zituztela.
Hogeita hamar urte -Saturnorako urtebetea da, hau da, planetak Eguzkiaren inguruan buelta emateko behar duen denbora- beranduago eta ondoz ondoko sei urteetan baino gehiagotan, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek, hainbat herrialdetako astronomoen laguntzarekin, Saturnoko iparraldeko eskualde polarra zehatz-mehatz aztertu ahal izan dute, hexagonoa oraindik bertan dagoela egiaztatuta. Hexagonoaren erpinak zehaztasun handiz neurtu eta gero, haren mugimendua oso egonkorra dela eta, hodeien mugimenduetatik abiatuta, haren barnealdeko zurrustako korronteak aldaezina izaten jarraitzen duela zehaztu dute. Azterlan hori egiteko, ikertzaileek Lurretik 2008 eta 2014 bitartean Calar Altoko (Almeria) Behatokiko teleskopioetan ezarritako PlanetCam (Zientzia Planetarioen Taldeak berak garatutakoa) eta Astralux astronomia kameren bidez, besteak beste, hartutako irudiak erabili dituzte, baita 2004tik Saturnoren inguruan orbitan dagoen Cassini espazio-ontziak egindako bereizmen oso handiko irudiak ere.
Saturno planetaren ardatzak 27º inguruko makurdura duenez, haren atmosfera polarrak urtaroko aldaketa gogorrak ditu: zazpi urtetik gorako gau polar luzeen ondoren, argiztapen aldakorra duen 23 urteko aldi luzea dator. Hala ere, urtaroko aldaketek ez dute inolako eraginik hexagonoan eta haren zurrustako korrontean. Hori dela eta, biak Saturnoren atmosferan sakon sustraitutako uhin zabalaren zati dira. UPV/EHUko ikertzaileek proposatu dute hexagonoa eta haren korrontea “Rossbyren uhina”ren seinalea direla, Lurraren erdiko latitudeetan osatzen direnen antzekoak. Gure planetan zurrustako korronte hori (“jet stream” izenekoa) mendebaldetik ekialdera dabil uhin-mugimenduan, eta eguraldiaren mapetan ikusi ohi dugun ekaitz gogorren eta antizikloien txandakako segidari lotuta dago.
Saturno hidrogenozko gas-planeta da, Lurra baino hamar aldiz handiagoa; hotza da goialdeko hodeietan, ez dauka azalera tinkorik eta ozeanoa bezain sakona den atmosfera du. Horrela izanda, “espero da zurrustako korrontearen hexagono-formako ondulazio bertikalean hedatzea eta ezkutuko atmosferaren aldeak argitzea” adierazi du Agustín Sánchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak. “Hexagonoaren mugimendua Saturnoko sakoneren mugimenduari lotuta egon liteke, eta egitura horren errotazio-aldia, azkenean zehaztu duguna eta 10 ordu, 39 minutu eta 23 segundokoa dena, planetarena berarena izango litzateke”, esan du. Saturno Eguzki Sistemaren barneko planeta bakarra da, errotazioa egiteko zenbat denbora behar duen adierazi ez dena.
Iturria: A. Sánchez-Lavega, T. del Río-Gaztelurrutia, R. Hueso, S. Pérez-Hoyos, E. García-Melendo, A. Antuñano, I. Mendikoa, J. F. Rojas, J. Lillo, D. Barrado-Navascués, J. M. Gomez-Forrellad, C. Go, D. Peach, T. Barry, D. P. Milika, P. Nicholas, eta A. Wesley (2014): “The long-term steady motion of Saturn’s hexagon and the stability of its enclosed jet stream under seasonal changes” Geophysical Research Letters 41: 1425-1431
1 iruzkina
[…] 1980an eta 1981ean NASAren Voyager 1 eta 2 zundek Saturno planetaren gainetik hegan egin zuten lehenengo aldiz. Besteak beste gauza bitxi bat aurkitu zuten hegaldi horretan, goialdeko hodeietan planetaren iparraldeko poloa inguratzen zuen hexagono-formako egitura bitxi bat ikusi zuten […]