Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Interneten euskaraz argitaratu diren zientzia-gaiak errepasatu ditugu eta hementxe dituzue laburbilduta. Hainbat gai jorratu dira egunotan: Prestige ontziaren istripua, Lekeitioko Lumentza kobazuloan aurkitutako pinturak, genetika-gaiak nola tratatzen diren telesailetan… . Eman diezaiogun begirada bat.
Ba al dago eboluzioa aurresaterik? Hori da galdetzen diguna Mikel Irastorza biologoak Euskalnatura gunean Science aldizkariko artikulu bati erreparatuz. Baldintza berdinak errepikatuz gero, eboluzioan ibilbide berdina egingo genukeela dioen ikerketak eta adibideak badaude baina eboluzioa zorizkoa dela diotenak, ere, badaude. Hori baieztatzera dator Tinema cristinae makila-intsektuarekin Kalifornian egindako ikerketak. Ikerketa aurrera eraman duten ikertzaileek diotenez intsektu hauen geneen eboluzioan aurresatea posible den espezializazioa egon arren, gertatutako aldaketa asko zorizkoak izan dira.
Neurriak, gauzak bere neurrian hartu behar dira eta hori esatera datorkigu EHUko irakaslea den Jesus Mª Txurrukak. Zientzia Kaieran blogean Protagoras filosofo greziarren aforismoaz dihardu dagokigunari neurria hartzeko: Homo omnium rerum mensura est (Hala ote?). Aforismo ezagun horrek dio gizakia gauza guztien neurria dela. Baina baieztapen hori agian egia da izakiak berak egindako gauzei buruz dihardugunean eta, fenomeno natural askoren tamaina kuantifikatu nahi dugunean? Kasu horretan ez gizakia ezin da neurritzat hartu Jesus Mariren esanetan. Eta zeintzuk dira neurtu nahi ditugun fenomeno horiek? Adibidez, supernoben leherketa.
Sakelako telefonoak mikroskopioa bihur daitezke. Ez, ez da zientzia-fikzioa. Australiako Unibertsitate Nazionaleko Steve Lee ikertzaileak silikona garden batez egindako leiar bat, bateria txiki bat eta LED argi bat erabiliz telefonoa mikroskopio bihur daitekeela frogatu du. Eta, mikroskopio merkea gainera, 2 dolar inguruko prezioa izan dezakeena. Guillermo Roak dibulgatzaileak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian kalitate handikoa izan ez arren, fabrikatze-prozesua oso sinplea izanik, merkatuan dauden beste mikroskopio txikien lehiakide izan daitekeela: Sakelako mikroskopio merkea.
Arkeologoen arabera Bizkaiko bigarren kobarik garrantzitsuena da Lekeition dagoen Lumentzako leizea, Santimamiñekoaren atzetik. Lumentzako kobazuloan Goi Paleolitikoko labar pinturak agertu dira. Metro eta erdi baino gehiagoko bi bisonte, zaldi buru bat eta hainbat marka aurkitu dituzte arkeologoek. Margoen egoera ez omen da ona, haitzuloak izan duen erabileraren ondorioz ez dira ondo ikusten baina garrantzitsuak dira Santimamiñekoak baino zaharragoak eta handiagoak direlako. Honen berri eman dute eta Berria egunkarian jaso du Iñigo Astiz kazetariak: Paleolitoko margolanak aurkitu dituzte Lumentza kobazuloan.
Ana Galarraga dibulgatzaileak ere Elhuyar aldizkarian kobazulo bizkaitarrean aurkitutakoari so egin dio. Arkeologoek berezitzat jo baitute pintura hauek antzematea. Izan ere, Lumentzako leizean hainbat lan eta behaketa eraman dituzte urteean zehar eta arkeologoek aitortu dutenez, ez zuten espero ezer berririk aurkitzea: Ezustean, Paleolitiko margoak aurkitu dituzte Lumentxa kobazuloan.
Eta Urko Apaolaza historialariak kobazulako sekretu guztiak xehetu ditu Argia aldizkariko Angelu itsusia blogean, Lumentzako labarren sekretu guztiak artikuan.
Jose Ramon Bilbaok, EHUko genetika eta animali fisiologia saileko irakasleak kromosomei buruz hitz egin digu: X eta Y. Baina bietatik azkenari lotutako teoria batez aritu zaigu “Y ustela“. Teoria honek dioenez Y kromosoman bizitzarako beharrezkoa den ezer gutxi dago: SRY izeneko gene berezia, arraren garapena abiarazten duena, testikuluak sortarazten ditu. Eta, horrekin batera, espermaren ekoizpenean parte hartzen duen beste zenbait gene. Denborarekin tamainaz zein gene kopuruz txikituz joan da Y eta, “Y ustelaren” teoriaren arabera Y kromosoma desagertze bidean legoke, bost milioi urteko iraupena baino ez diote aurreikusten. Horrela izango ote da? Berria egunkarian Y kromosomaren biziraupena aztergai.
AEBko Mikrobiologia Elkarteak Arizonako Unibertsitate Estataleko ikertzaileek egindako ikerketa baten berri eman dute. Ikerketa-taldeak autismoa duten haurren mikrobiotika aztertu dute. Emaitzen arabera, haurren gorotzetan mikroorganismoek ekoizten dituzten zazpi metabolitoren kontzentrazioa desberdina dela ikusi dute. Horrez gain, ADS gaitza duten umeek hesteetan osaketa-bakteriano desberdina dutela eta aniztasun gutxiagokoa baieztatu dute. Ikerketaren berri ematen digu Euskalnatura gunean Mikel Irastorzak: Zaindu barruan duzun hori.
11 urtez ikertu ondoren Prestigeren istripuaren epaiak errudunik ez dagoela ebatzi du. Baina gertatukoak izan ditu eraginak eta zientziak lanean jarraitzen du, eragin hauek antzeman eta jakitera emateko. Biology Letters aldizkarian Vigoko Unibertsitateko Ekologia eta Animali Biologia saileko ikerlari talde batek ubarroi mottodun hegaztiei isuriek nola eragingo zien jakitera eman dute. Emaitzen arabera hegaztien egoera fisikoa kaltetu egin da, jan eta biometatu egiten dituztelako gai kutsatzaileak. Bestetik, elikagai-eskuragarritasunari eragin dio istripuak. Javier San Martín kazetariak ematen digu honen berri Zientzia Kaiera blogean: Maera beltza 11 urte igaro ondoren.
Eta, asteko zientzia-gaien errepasoa amaitzeko, errealitate gordinetik zientzia-fikziora joango gara. Telesailak gustuko badituzue propio gomendatzen dizuegu genetika eta zientzia-fikzioa lotzen dituen artikulu hau. Koldo Garcia biologoak Edonola blogeanzientzia-fikziozko telesailetan genetikak duen presentziari so egiten dio bigarrenez. Arma biologikoak, mutazioen ondoriozko gaixotasun berriak, klonazioa, terapia genikoak, zelula-amen erabilera… Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (II).
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.