Paco Etxeberria: “Kordobako auzia dela eta kotxean ezkutatuta joan behar izan naiz askotan”

Elkarrizketak

Pertsona batzuek asko dute kontatzeko. Izan duten bizitza hain izan da emankorra, non bere bizipenak laburbiltzeko pare bat liburu beharko baikenituzke. Gainera, ez dugu guretik mugitu behar honelakoak aurkitzeko. Hauetako bat, zalantzarik gabe, Paco Etxeberria (Beasain, 1957) auzitegi medikua da. Duela hilabete batzuk elkarrizketatu genuen Zientzia Kaieratik eta kontatu zigun guztia elkarrizketa bakar batean laburbiltzea ezinezkoa zitzaigunez, beste hau egitea erabaki dugu.

Bigarren elkarrizketa honetan, berriz, bere ikerketen gainean hitz egingo dugu. Etxeberria oso mediatikoak izan diren hamaika auzitan ibili izan da. Lasa eta Zabalaren kasuan giltzarria izan zen. Baita José Bretón auzian ere. Gai hauetaz galdetu diogu eta ez du arazorik izan bere iritzia emateko. Ez du ezer ezkutatzeko. Bai, ordea, asko kontatzeko.

1. Irudia: Paco Etxeberria auzitegi medikua. Argazkia: goiena.eus
Irudia: Paco Etxeberria auzitegi medikua. Argazkia: goiena.eus

Epaiketa mediatiko askotan aditu bezala ibili zara lanean. Egia esan, oso gauza potoloetan ikusi zaitugu. Nola eramaten da presioa kasu hauetan?

Egia esan, inork ez dit inoiz ere esan, “zu, informe hau aldatu behar duzu”. Ez dut inoiz ere nire burua zentzu honetan presionatuta ikusi…

Presio mota hori ez, zuk zure buruarekin sentitu dezakezun erantzukizunaz eta presioa nuen buruan. Nola daramazu presio hori? Oso kontu potoloetan ibili zara. Horregatik diot…

Ah! Ulertzen dut. Presioa eramateko erarik onena oreka bilatzea da. Eta oreka hori espeleologiari esker lortzen dut. Astean zehar oso konplexua eta garratza izan daitekeen lan batean sartuta ibili naiteke, baina, larunbatean, nire ekipoa hartu eta kilometro ugari izan ditzakeen haitzulo batean sartzen naiz. Haitzulo horretan izan dezakedan kezka bakarra da hortik bizirik aterako ote naizen. Ez dut beste ezertan pentsatzen. Espeleologia asko maite dut. 1000 haitzulo baino gehiago bisitatu ditut nire bizitzan zehar…

Haitzuloetan galtzea, beraz, zure laneko presioa hobeki eramateko modu bat da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Espeleologia nire mundua da. Txikitatik asko maite izan dudan mundua, hain zuzen ere. Begira, gauza bat kontatuko dizut. Epaitegietan lanean hasi nintzenean, astebeteko guardiak egiten genituen. Zazpi egun jarraian ematen genituen lanean. Gau eta egun. Hori bai, guardia bukatutakoan, erabat eraldatzen nintzen. Txandal bat jantzi eta haitzulo batean sartzen nintzen beste lagun batzuekin batera. Askotan pentsatzen nuen: “Fiskalak egoera honetan, lokatzez goraino, ikusiko banindu, beste pertsona bat naizela pentsatuko luke. Bizki bat dudala pentsatuko luke”. Espeleologiari esker asko orekatzen dut nire burua. Egia da ere batzuetan ez naizela guztiz liberatzen. Kontutan hartu behar dugu tortura bat jasan duen atxilotu baten kasua eramaten bazabiltza, oso zaila dela hori etxera ez eramatea. Nire munduan oso zaila da arazo horiek etxera ez eramatea.

Kasu mediatikoetan edota kobazulo batean lan egitearen artean, zein diferentzia dago?

Haitzulo batean zure bihotzaren taupadak entzuten dituzu. Eta momentu horretan bertan beste gauza askotan pentsatzeko aukera duzu. Astean zehar daramazun lan gogorrak, aldiz, ez dizu pentsatzeko aukerarik ematen. Makinaria baten barruan zaude eta eguneroko lanak jaten zaitu. Hori da diferentziarik nabarmenena. Suposatzen dut hau ez dela haitzuloetan bakarrik gertatzen. Alpinista batek seguru gauza bera esango dizula. Haitzulo batean nagoen bitartean pentsatzeko aukera daukat. Nire bizitzako beste gauza batzuetaz gogoeta sakonagoak egin ditzaket.

– Nola darama Paco Etxeberriak komunikabideen presioa?

Azken urtean, Kordobako auzia (José Bretóni 40 urteko kartzela zigorra ezarri diote bere bi semeak hiltzeagatik. Gogoratu behar da Paco Etxeberriak esan zuela hezurrak pertsonenak zirela eta ez animalienak, hasieran uste zen bezala) dela eta bizi izan dudana ez da bat ere atsegina izan. Kazetariak etengabe ibili dira nire atzetik eta toki guztietara jarraitzen ninduten. Nire kotxean ezkutatuta joan behar izan naiz askotan eta nire alaba kotxeko gidari bezala jarri behar izan dut zenbaitetan. Nire matrikula eta autoa zein zen jakin zutenean amesgaizto bat bilakatu zen dena. Oso desatsegina izan da dena. Eromena zen horrela egotea. Egoera hori haitzuloko lasaitasunarekin konparatzen bada, dena esanda dago…

Lasa eta Zabalaren kasua. Seguru aski, publikoak kasu horri esker ezagutzen zaitu. Nola gogoratzen duzu hori guztia?

Kasu honetan sartu nintzenerako oso garbi neukan gertakari honen erantzulea estatuko terrorismoa izan zela. Hiritar bezala argi eta garbi neukan hori. Gertatzen dena da ez geneukala inolako probarik. Bagenekien Lasa eta Zabalak ez zutela Mexikora ihes egin. Eta bagenekien ere, bi gazte horiek norbaitek behartuta desagertu zirela. Alegia, indarkeria erabili zela Lasa eta Zabala desagerrarazteko.

Nolakoa izan zen gertakarien sekuentzia?

GALen kontuak azaleratzen hasi zirenean, zenbait gauza ezagutzen hasi ginen pixkanaka. Momentu batetik aurrera bagenekien jada Lasa eta Zabala Espainian zeudela eta, gainera, karean lurperatuta zeudela. Horretaz seguru geunden.

Baina nola da posible Espainian lurperatuta zeudela jakitea eta, gainera, karean lurperatuta zeudela ziurtatzea?

Hori bagenekien. Amedo bera ibili zen hau guztia kontatzen. Ez genekien %100ean ziur Lasa eta Zabala horrela hil zituztenik, baina bagenekien Segundo Marei desagerrarazi nahi izan balute metodologia hori erabiliko zuketela. Amedok esan zuen argi eta garbi. Metodologia buruan tiro bat ematea zen, ondoren karean lurperatzeko. Hau terriblea da. Oso grabea. Baina euren arteko bileretan termino hauetan hitz egiten zuten.

Eta, ondoren?

Hiru elementu horiek jakinda (buruan tiro eman, lurperatu eta gainetik karea bota), bilatzen hasi ginen. Hemen onartu behar dut ez nuela hasieran arrakastarik izan. Pare bat tokitan bilatu eta ez genuen ezer ere ez aurkitu. Hau ez da inoiz inon atera.

Horren ostean, Alakantera zoaz…

Bai, hori da. Hara joan nintzenean pentsatu nuen: “hemen ez dugu ezer ere ez aurkituko”. Eta oker nengoen. Hantxe bertan aurkitu genituen. Beraiek ziren. Familiekin hitz eginda nengoen ordurako. Gainera, familiaz gain Barne Ministerioko zenbait pertsonek ere nire lanean sinesten zuten. Baita ezker abertzaleko eta Auzitegi Nazionaleko pertsona batzuek ere. “Pacok esaten duena ongi egongo da”, esaten zuten. Eta hara joan eta burura etorri zitzaidana zera izan zen: “orain bai, beraiek dira”.

Zer pasatu zitzaizun burutik segundo horretan bertan?

Kristoren saltsa muntatu behar zela! Baina ez hori bakarrik. Zerbaitetan hanka sartu izan banu, atzerrira bizitzera joan beharko nintzela ere pentsatu nuen. Zorionez dena geratu zen oso garbi. Kontutan hartu behar dugu urteak generamatzala gerra zikina baieztatuko zuten proben bila eta hauek dena baieztatu zutela. Egia esan zaila da proba argiago bat aurkitzea.

Oso grabea da bai…

Oso oso grabea, esango nuke. Estatuko funtzionario batzuk finantziazio publikoarekin beste herrialde subirano batera joan zirela (Frantzia), bi lagun bahitu, bi lagun horiek Espainiara ekarri, torturatu, buruan tiro bat eman eta karean lurperatu zituztela frogatu zen.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.