Hezurren ‘post mortem’ tartea kalkulatzeko teknika

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Pertsona baten heriotzatik zenbat denbora igaro den jakiteko teknika ez suntsitzailea garatu du EHUko ikertzaile talde batek. Hezurren analisi kimikoan abiatzen da metodoa.

Ez da batere erraza jakitea zenbat denbora igaro den pertsona baten heriotza gertatu denetik: auzitegi medikuek teknika andana baliatu behar dituzte horretarako. Gehienetan, gorpuan izaten diren aldaketa fisikoetan oinarritzen dira heriotzaren unea igarri ahal izateko, gutxi gorabehera ezagunak direlako denbora igaro ahala izaten diren aldaketak. Baina heriotzatik gero eta denbora gehiago pasa, orduan eta zailagoa da heriotzaren unea jakitea.

Arazoa are handiagoa da hilotzaren hezurrak baino ez direnean geratzen. Halako kasuetan, ez dago modu ziurrik zehazteko heriotzaren data, eta askotan auzitegi medikuen eskarmentuan oinarritu beharra dago hezur horien datazioa igartzen saiatzeko.

post mortem
1. irudia: ehortzitako giza hezurren adina (post mortem tartea) jakiteko metodo zehatzik ez da egon orain arte, baina EHUko ikertzaileek hori ebazteko zehaztasun handiko teknika ez suntsitzailea garatu dute. (Argazkia: Hikmet – Unsplash lizentziapean. Iturria: unsplash.com)

“Baina askotan hau ere ez da oso ziurra”, ohartarazi du EHUko SGIker Analisien Zerbitzu Nagusiko kimikari Luis Bartolomek. Breton kasu entzutetsuan egon zen akats nabarmena jarri du muturreko adibidetzat. “Kasu horretan, auzitegi mediku batek interpretatu zuen hezur batzuk animalia batenak izan zitezkeela, baina azkenean argi geratu zen ez zela horrela. Horregatik, metodologia analitikoak behar ditugu, aditu baten iritziarekiko independenteak diren ondorioak eskuratzeko”.

Hezurren jatorria zehaztea konplikatua izan badaiteke, are konplikatuagoa da jakitea heriotzaren unetik zenbat denbora igaro den. Norabide horretan laguntzeko, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-talde batek ikerketa baten emaitzen berri eman du Forensic Science International aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten bidez.

Prentsa ohar batean EHUk azaldu duenez, gainera, auzitegi analisiaren arloan eskari handia dago “gizakien hezur hondarrak aurkitzen direnean post mortem tartea (PMI) objektiboki zehazteko”. Hori egiteko eskura dauden teknikak, baina, fidagarritasunari eta zehaztasunari dagokienez “eragozpen handiak” dituztela azaldu dute. Batetik, eskaintzen duten denbora tartea ez da oso zehatza. Bestetik, teknika inbaditzaileak dira, tindaketa bat egitea edo hezurraren zatu bat hartzea eskatzen dutenak.

Bartolomerengana jo dugu hitz xeheetan argipen gehiago eskuratzeko.“Funtsean, metodologia bat prestatu dugu ehortzita egon diren giza hezurren arrastoak datatu ahal izateko”, azaldu du. “Hilabete batzuetatik 85-90 urtera arteko denbora tartean”, erantsi du. Teknika bat baino, berez bi tresna analitikoen konbinazioa da erabili dutena: Raman espektroskopia eta kimiometria.

“Raman espektrografiaren bitartez materialen osagaiak ezaugarritzeko aukera dugu. Erraz ulertarazteko, argazki baten modukoa izango litzateke, baina maila kimikoan”. Ohartarazi du, ordea, osagai bakoitza ez dela banan-banan ezaugarritzen. “Modu gordinean egiten da, baina nahikoa da bederen hezurraren morfologia eta ezaugarriak ikusteko”.

Baina horrekin soilik ez litzateke nahikoa izango denboran zehar gertatu diren aldaketak ikusteko, eta hor kimiometria erabili behar dute. Aldagai anitzeko datuen tratamenduko teknika baten bitartez, posible da atzematea irudi batean egon diren aldaketak. “Tratamendu estatistiko horrekin ezagutzen dugu zer aldatu den hezurren irudietan. Zer modutan aldatu diren, eta zenbat aldatu diren”.

post morten
2. irudia: lanean parte hartu duten ikertzaileak: Luis Bartolome eta Alfredo Sarmiento. (Argazkia: Jorge Navarro – UPV/EHU)

Ikertzaileek Granadako Unibertsitateko Medikuntza Legal, Toxikologia eta Antropologia Fisikoa sailak emandako 53 hezur hondarren bilduma aztertu dute. Hezur horiek zenbat denbora zeramaten ehortzita bazekiten. Horien guztien analisia eginda, irudi bakoitza tarte jakin batekin lotzeko moduan egon dira. Kalibrazio lan horretan, kimiometriaren bitartez saiatu dira lehenesten ahalik eta unibertsalen izan daitezkeen aldagaiak; hau da, faktore zehatzei lotuta ez daudenak. Halere, jakin badakitenez hezur horiek guztiak Granadan ehortzita egon direla, momentuz, eskuratu dituzten datuak klima mediterraneo baterako baliagarriak izan daitezkeela ohartarazi dute.

Lortutako doitasunagatik poztu da Bartolome. “Gure ereduak nahiko data zehatza ematen du. Esan ahal dugu, adibidez, hezur bat duela 30 urtekoa dela, bost urte inguruko zalantzarekin. Alorrean orain arte erabili izan diren metodologiek askoz zehaztasun gutxiago daukate”.

Kimiometria lan horretan, gainera, algoritmo bat erabili dute, irudi horien inguruen irakaspenak atera ditzan. Halako sareetan ohikoa denez, behin irudi horiek ondo datatzen ikasita, eredua aurreikuspenak egoteko moduan egongo litzateke. Hau jakinda, ondorengo galdera agerikoa da: aukera egongo litzateke algoritmo hori elikatzea klima desberdinetan ehortzitako hezur gehiagorekin? Hau da, teknika hori mundu osoan erabili ahal izatea? Hori aukera bikaina izango zela aitortu du Bartolomek. Baina, modu berean, errealitate gordina azaldu du ere. “Lan hau atera ahal izan dugu dirurik gabe, bertan parte hartu dugunon ahaleginean eta borondatean oinarrituta. Ibilbide mugatua du soilik horregatik, baina, gainerakoan, potentzialitate handia du”. Zentzu horretan, Ertzaintzak teknikan interesa agertu duela aurreratu du. Ohi bezala, halako metodo baten etorkizuna zientzia esparru hutsetatik harago doa, baina zalantzarik ez dago ekarpen handia ekar lezakeela krimenak argitzen laguntzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ortiz-Herrero, L., Uribe, B., Hidalgo Armas, L., Alonso, M.L., Sarmiento, A., Irurita, J., Alonso, R.M., Maguregui, M.I., Etxeberria, F., Bartolomé, L. (2021). Estimation of the post-mortem interval of human skeletal remains using Raman spectroscopy and chemometrics. Forensic Science International, 329, 111087. DOI: 10.1016/j.forsciint.2021.111087


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] EHUko ikertzaile talde batek pertsona baten heriotzatik zenbat denbora igaro den jakiteko teknika berria garatu du. Hezurren analisi kimikoan oinarritzen da teknika, eta beraz, ez suntsitzailea da. Izatez, bi tresna analitikoen konbinazioa da erabili dutena: Raman espektroskopia eta kimiometria […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..