Bizitza inprima dezaketen kartutxoak

Amaia Portugal

Hezur eta giharrak sortu dituzte hiru dimentsiodun inprimagailu batekin, giza eskalan eta haien benetako barne egitura errespetatuz. Gibel, birika eta giltzurrunetako ehunekin beste hainbeste egin nahi dute orain, noizbait organoen transplanterik behar ez izatea amets.

Organo baten transplantearen zain egotea ez da samurra. Zoriak eta jendearen borondate onak baldintzatzen dute itxaronaldia: nahi baino luzeagoa da batzuetan, eta tamalez, amestutako telefono dei hori jaso ere ez da egiten beste zenbaitetan.

Transplantearen zain egon behar ez izatea litzateke albisterik onena; premiazkoa dugun giltzurrun edo gibel zati hori gure neurrira ekoitzi ahal izatea, inoren borondate onaren edo zoritxarraren esperoan ibili gabe. Ikerketa alor horrek bide luzea du oraindik, baina behintzat, ate bat zabaldu berri dute Wake Forest Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek: hezur eta giharrak inprimatu dituzte hiru dimentsiotan, giza eskalan eta benetako barne egitura errespetatuz. Azala inprimatzeari buruz blog honetan bertan azaldu genuen moduan, kasu honetan ere, benetako zeluletatik abiatuta lortu dute gorputzeko atal berriak sortzea. Nature Biotechnology aldizkarian eman dute haien lanaren berri.

Irudia: Teknika berri honekin inprimatutako barailezur bat eta belarri bat. (Argazkia: Wake Forest University)

Irudia: Teknika berri honekin inprimatutako barailezur bat eta belarri bat. (Argazkia: Wake Forest University)

Beren funtzioa behar bezala beteko duten gorputzeko atal bizi eta funtzionalak lortzeko, itxura ez da nahikoa. Hau da, benetan bere lana egingo duen belarri bat sortu nahi badugu, belarri forma zehatz diseinatu eta inprimatu behar dugu, jakina, baina ez hori bakarrik. Giza egitura guztiek askotariko zelula motak dituzte, eta zelula horietara guztietara iritsi behar dira kapilarrak; bestela, gorputzeko atal horren gainazala ondo elikatuta egongo da ziurrenik, baina barnealdea akituko da.

Arazo horri irtenbidea emateko, bizirik dauden zelulen, polimeroen eta nutrienteen arteko nahasketa baten modukoa aplikatu dute, hiru dimentsiodun inprimagailuaren lehengai gisa. Zehazki, gel bat sortu dute aipaturiko polimero horiekin: hasieran likidoa da, baina berehala loditu eta bizirik dagoen ehun baten egitura hartzen du. Zelula biziak harekin nahastu, eta tunel txiki batzuen modukoak ere txertatu dituzte, geruzatan. Tunel horiek zelulak elikatzeko zubi lanak egiten dituzte, harik eta odol hodiak bere kabuz hazi eta haien egitekoa inoren laguntzarik gabe betetzeko gai diren arte.

Hori da baliatu duten lehengai berritzailea, eta inprimagailua, bitartekaria. Gailuak bere lana behar bezala egiteko, giza gorputzetatik hartutako tomografien eta erresonantzia magnetikoen datuak bildu, eta diseinu software baten bidez prozesatu dituzte, ehunen formak zorrotz kopiatzeko. Hori horrela, artikuluan azaldu bezala, “edozein forma har dezaketen eta giza eskala daukaten ehun egiturak sortzen ditu ehun eta organo inprimagailu honek”.

Inprimagailu honek barailezur bat nola sortzen duen erakusten du bideoak.

Hain zuzen ere, kartilagoen, hezurren eta giharren egiturak inprimatu dituzte ikertzaileok, eta arratoiei txertatuta egin dute entsegua. Emaitza positiboa izan zen. Animalion ehun bizi eta funtzionaletan txertatu zituzten inprimagailutik ateratako sare zelular horiek: arazorik gabe heldu ziren bertan, eta elikadurarako ezinbestekoak dituzten odol hodiak ere ondo garatu zituzten.

Barailezur eta belarri funtzionalak ere sortu dituzte inprimagailuan, dagoeneko, Wake Forest Unibertsitateko ikertzaile hauek. Orain, erronka are zailagoekin ari dira: gibel, birika eta giltzurrunetako ehunak eraikitzeko lanetan dabiltza. Hurrengo aurrerapausoa litzateke hori; nozbait, beste norbaiten organoaren zain egoteak dakarren estutasuna behin betiko alboratzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:
Hyun-Wook Kang et al. A 3D bioprinting system to produce human-scale tissue constructs with structural integrity. Nature Biotechnology. Published online 15 February 2016. doi:10.1038/nbt.3413

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>