Azala ere inprimatu daiteke

Amaia Portugal

Organovo enpresa estatubatuarrak eta L’Oreal etxeak akordio bat sinatu dute, hiru dimentsiodun bioinprimagailu batekin giza azala imitatzen duten ehunak ekoizteko. Produktu kosmetikoak modu eraginkorrean testatzeko aukera ematen du teknika honek, animaliarik erabili gabe.

Duela oso urte gutxi, ezagutu ere ez genituen egiten hiru dimentsiodun inprimagailuak, eta dagoeneko, haien potentzialtasunak agorrezina dirudi. Medikuntzan ere askotariko aplikazioak dituzte: zenbait protesi sortzeko baliatu izan dira, eta iaz, orno bat inprimatzea ere lortu zuten Pekingo Unibertsitateko zenbait ikertzailek, haur baten bizkarrezurrean transplantatzeko. Teknologia berri hau giza ehunak ekoizteko ere ari dira baliatzen. Hain zuzen, horretan diharduen enpresa batek akordio bat lotu du L’Oreal etxe ezagunarekin: hiru dimentsiodun azala inprimatuko dute elkarlanean, kosmetika produktuak horietan testatzeko.

Enpresa estatubatuar honek Organovo du izena, eta hiru dimentsiodun giza ehunak sortzen dihardu, medikuntza ikerketa, kosmetika eta aplikazio terapeutikoetarako. Benetako zeluletatik abiatuta, eta biotinta delakoaren bitartez, arkitektura naturala duten ehun konplexuak ekoizteko ahalmena dute haien gailuek. Horrek ikerketarako bide ugari urratu ditzake. Izan ere, inprimagailuan sorturiko ehun horiek aukera ematen dute, adibidez, aztergai den gaitz baten portaerari behatzeko, bai eta haren kontrako tratamendu potentzialen eraginkortasuna neurtzeko ere, mikroingurune batean.

1. irudia: Hiru dimentsiodun inprimagailu bat.

1. irudia: Hiru dimentsiodun inprimagailu bat.

Esaterako, Organovok giza gibelaren ehun funtzionala inprimatzea lortu du berriki, toxikologian eta botiken saio aurreklinikoetan erabiltzeko. 2016aren erdirako giza giltzurrun ehunak ekoitziko dituztela ere badaukate aurreikusita. Kosmetikaren kasuan, kremak eta halako produktuak testatzeko alternatiba serioa izan daiteke inprimatutako giza azala, animalien erabilera baztertuz.

Bioinprimagailu honek zer egiten duen ulertzeko, gure ehunen egitura eta portaera nolakoa den ulertu behar da aurrena. Gorputzeko ehun bakoitza mota askotako zelulez osatuta dago, eta horien posizioa ez da ausazkoa: zelulak oso modu zehatzean daude kokatuta bata bestearen ondoan. Ondorioz, zelulen ordenatzeko era horren araberako patroia edo arkitektura daukate ehunek. Arkitektura hori ezinbestekoa da ehun bakoitzari dagokion funtzionaltasuna egokia izan dadin.

Kasu honetan, ehun biologikoak imitatzen dituzten geruzak ekoizten ditu bioinprimagailuak, baina lehengaia naturala da, benetako zeluletatik abiatzen baita prozesua. Eta zelula horiek zehaztasun handiz eta ordena eta osagai egokiekin egituratzea da gakoa, lortuko den ehuna funtzionala izango bada. Enpresa honetan darabilten teknologiak zehaztasun handiz lotzen ditu zelulak. Hala, bioinprimatutako produktuak ehun naturalen ezaugarri gako batzuk kopiatzen ditu: dentsitate zelularra, zelula mota anitzen presentzia… Horrenbestez, bioinprimagailuari esker, ehun naturalaren hiru dimentsiodun arkitektura berreskuratzen da nolabait, eta in vivo ehunaren moduko forma eta funtzioa ematen zaio produktuari.

L’Orealekin sinatutako akordioari dagokionez, giza azala imitatuko duen ehuna inprimatzea izango da Organovoren egitekoa. Berez, Frantziako kosmetikoen etxeak baditu, lehendik ere, azala ekoizteko baliabideak. Lyonen duten laborategian, azaleko 100.000 lagin ekoizten dituzte urtero, baina horretarako erabiltzen duten teknika oso bestelakoa da. Izan ere, kirurgia plastikoa igaro duten pazienteek dohaintzan emandako ehunetatik abiatzen dira. Horiek zatitu, zelulatan bereizi eta isolatu, eta atzera zelula horien hazkuntza burutzen dute laborategian, ahalik eta azal gehien lortzeko. Bederatzi motako laginak dituzte guztira, arraza eta adin desberdinetakoak.

Organovoren bioinprimagailuak abantaila asko dakarzkio L’Oreali zentzu horretan. Izan ere, laginen ekoizpena azkartu eta ugaritzeaz gain, ehunaren diseinuan askotariko aldagaiak aplikatzeko aukera izango dute, produktu kosmetikoak eraginkortasun handiagoz testatzeko.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>