Giza anatomiako atlasa anatomia deskriptiboa eta anatomia topografikoa eta sekzionala konbinatzen duen argitalpena da. 725 orrialde eta 14 atal dituen testu zabal honetan giza gorputza bere osotasunean azaltzen da. Izan ere, giza anatomiaren euskarazko terminologia osoa lehendabizi biltzen duen argitalpena da atlasa. Terminoekin batera, azalpenetan lagungarriak diren irudi zehatzak ere baditu liburuak.
Izendapenak azaltzeko mila irudi baino gehiago ditu atlasak, gehienak ilustrazio ikusgarriak dira, baina badaude ere hainbat teknikaren bidez lortutako argazkiak: erradiografiak, erresonantzia magnetikoak eta ekografiak, besteak beste. Liburua osatzeko, izendapen guztiak lau hizkuntzatan dituen glosario erabilgarri bat du: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta latinez (nazioarteko Nomina Anatomicaren arabera).
UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin argitaratu duen lan honek euskara zientifikoaren garapenean laguntzea du helburu, goi-mailako hizkera eta lexikoaren ezagutza eta normalizazioa bultzatuz.
Liburua itzultzaile profesionalen, UPV/EHUko Neurozientziak saileko irakasleen eta Euskara Zerbitzuko kideen lanari esker gauzatu da eta emaitza ikusgarria da, argitasunez eta prezisioz azaltzen baitira giza anatomiaren egitura konplexuenak ere.