Idazten duenaren antzekoak izanez gero, ziur uda honetako oporretan hotelera heldu, eta WiFia bilatu duzula besterik baino lehen. Oraindik leku askotan ordaindu beharra dago zerbitzu hau lortzeko, eta ez ohi da merkea izaten, uhinak urrea balira bezala! Hala ere, bai dohainekoa edo ordaindu beharrekoa baldin bada, komenigarria da gure nabigazio sesioekin kontuz ibiltzea. Artikulu honetan, hotel bateko WiFi seinalera konektatzean gerta daitezkeen kasu batzuk aurkeztuko dira.
WiFiaren bila abiatzerakoan, lehenengo eta behin, jakin egin behar dugu WiFi-babeskuntza mota zein den: pasahitza gabekoa, WEP edo WPA. Pasahitza gabeko sareari, sare irekia ere deitzen zaio. Honek esan nahi du WiFi konexio horretan sartzeko ez dela ezkutuko hitzik behar. Hau da, edozein sartu daiteke. WEP sarean aldiz, hotelak pasahitz bat eman behar du zuk Internet erabil dezazun. Era honetan, hotelak ziurtatzen du bere bezeroak baizik ez direla zerbitzu honetaz baliatuko. Sare irekia edozeinek erabil dezake: apopiloek eta apopiloak ez direnek. Baina zein eragozpen dute orain arte esandako bi sare mota horiek?
Eragozpenak
Interneten gabiltzan bitartean, trafikoa ez da zifratuta egongo. Hau da, Internet sare horretan dagoen norbaitek, oso erraz lapurtu ditzake, dohaineko programa batzuen bitartez, bisitatzen ditugun web-orriak eta pasahitz batzuk. Programa mota hauei snifferrak deitzen zaie (usnari). Gainera, WEP pasahitza lortzeko metodo desberdinak daude. Babesa ahula bilakatu da denborarekin eta jende askok esaten du routerrari WEPa jartzea hauts-trapu bat jartzea bezalakoa dela.
Gerta dakiguke hoteleko WiFi sarera konektatzean, gure nabigatzaileak web-orri berezi bat erakustea. Orri horretan, arrunta izaten da erabiltzailea eta pasahitza eskatzea, hain zuzen hotelak guri emandakoak. Web-orri horren bidez babestuagoak al gaude? Ez. Sistema hori normalean hotelak erabiltzen du bere Internet zerbitzua nork erabili duen jakiteko. Egin behar ez omen diren gauzetako bat eginez gero, (adibidez, porno-orri batean sartuz gero), hotelak berehala jakin ahal izango du nork egin duen. Beraz, sistema honek lege kontuei ematen die erantzuna aipatutako orriaren bidez, atari gatibuen bidez.
Zer esan dezakegu azkenik WPA sareari buruz? Bera da seguruena. Sare horretan sartzeko, ezkutuko hitz bat behar da, eta gainera trafikoa zifratuta dago. Horrek esan nahi du snifferrak trafikoa kaptura dezakeela, baina zifratuta. Hau da, gure datuak seguruago daude. Inoiz ez gara 100% babestuta egongo hala ere. Man-in-the-middle teknikari esker, hacker batek gure datu batzuk lor ditzake, nahiz eta WPA sare batean egon. Baina hori beste egun baterako utziko dugu.
Ondorioak
Beraz, zein ondorio atera behar dira? Zure etxeko WiFia erabiltzeak badaezpadako neurri batzuk hartzea eskatzen du. Kanpoko sareak, irekiak, WEP edota WPA, babesa eraman dezakete baina sare irekiak edo WEP sareak erabiliz gero, oso kontuan hartzekoa da bidali behar dituzun datuen garrantzia. Eragiketa garrantzitsuak egiteko (e-mail garrantzitsu bat bidali, bankuko kontura sartu), 3G edo 4G konexioa erabiltzea da seguruena.
Egileaz: Julián Estévez (@Jeibros) UPV/EHUko irakaslea da.